EUSKAL INAUTERIA ETA HARTZAREN IRATZARTZEA

Herri guztiek beren animalia totemikoak izan dituzte, eta euskaldunon artean hartza izan da mende luzeetan mirespen eta begirunea jaso dituena. Gure arbasoen gogoan hartza zen biziaren ametsa, etengabeko gurpil ibiltaria hobekien islatzen zituena. Neguan lotan gelditzen da udaberriaren zain, Amalur berberari gertatzen zaion bezalaxe, eta hartza iratzartzean lurra esnatzen zaigu. Bere loaldi eta iratzarraldiarekin urtero errepikatzen zaigun biziaren zikloa idurikatuz.

1.- Hartzaren mundu ikuskera zaharra eta tximinoaren etorrera..

Garai zaharretatik datorkigu euskaldunoi Paleolito Aroan, leize-zuloetako iluntasunetan landutako sinismen erlijiosoa. Zulo haietan, mundu izoztu hartan euskara eta euskaldunok sortu baikinen. Gure mintzaira eta gure izaerarekin batera, biziari buruzko ikuspegia, gure kosmos ikuskera berezia, gure sinismen zaharra alegia, garatu genituen.

Herri egin ginen eta Herri izan ginen eta gara ordutik gaurko egunetaraino. Gure sinismen zaharra arrunt naturala zen, eta izadian eta bizian finkatzen zituen bere zainik sakonenak. Bertatik edaten zuen eta bertatik eraikitzen zuen bere izatea. Mundu ikuskera honetan murgildurik zegoela, euskal gizakiak, euskaraz egiten zuen gizon-emakumeak alegia, ez zuen bere burua naturako jaun eta jabetzat hartzen, mundua ez baitzen berea. Bera mundukoa zen, munduko eta naturako izaki bat gehiago. Bere gainetik baziren bestelako izakiak, baita azpitik ere.

Ez zekien nondik zetorren, ezta nora zihoan ere. Baina gogoeta honek ez zuen euskal gizakia kezkatzen, betidanik eta betirako zegoen mundu magiko baten partaidetzat hartzen baitzuen bere burua. Mundua ez zegoen gizakiaren neurrira egina, eta mundu bizidun hori urtero lotan, ia hila, gelditzen zaigu, gero negua igarota udaberrian berriro esnatzeko. Biziaren garaipena da. Etengabeko zikloaren errepikapen mugagabea.

Hartzaren loaldia eta iratzartzeak hori idurikatzen zion Auñamendietako bi aldeetan bizi zen herri euskaldunari. Eta hau dela eta euskaldunek hartzaren seme-alaba edo ondorengo bezala ikusten zuten euren burua. Hartzaren klanekoak ziren eta hartza gurtzen zuten biziaren urteroko ibilaldia gurtu nahian. Ekialdetik etorritako sinismen berriaren ardatza gizakia zen, Jaungoikoak egindako gizakia. Erlijio fede berriak hasiera (genesia) eta amaiera (apokalipsia) aldarrikatzen zituen Jaungoikoak gizakiaren neurrira egindako mundu batendako. KosmoS IKUSKERa berri honetan mundua, izadia, dena,… gizakiarena da, bera baita jaun eta jabea Jainkoak emandako mundu honetan. Antropozentrismoa edo gizazentrismoa nagusi da erlijione berrian, eta euskaldunei izugarri kostatuko zaie hau ulertzen.

Euskaldun jentilek (giristino ez direnek), giristinoen jainkoari KIXMI

(= tximino, tximu) deitu zioten, gizakiak sinismen berrian zuen nagusitza adierazteko. Tximinoaren klana iritsia zen Euskal Herrira eta bi sinismenak aitzinez aitzin kokaturik zeuden, hartza eta tximinoa, mundu magikoa eta antropozentrismoa. Darwinek gero,espezieen garapena dela eta, gizakiok tximinoen ondorengotzat hartuko gaitu. Guk, gaurko euskaldunok, Xiberoan oraindik egiten den bezala, hartzaren ondorengotzat hartu beharra daukagu gure burua, hartzaren inguruko mitoan kokaturik baitago gure lehen amets paleolitiko hura, gizon-emakume eta euskaldun egin gintuen kosmos ikuskera magiko naturalista hura.

2.- Hartzaren garrantzia euskaldunon inauterian.-

Hartzaren irudia eta euskal inauteria arrunt uztarturik daude. Lurrak bere bizia du, eta bizi zikliko horretan badira aldeak: eguzkia eta uztak alde batetik, negua, izotza eta landare eta animalien loa bestaldetik. Garai zahar bateko gizakiarekin antzeko zerbait gertatzen zen. Urtaro edo sasoi epeletako denboraldia arras emankorra zitzaion bitartean, urtaro hotzetakoa babeserako eta aisiarako denboraldi luzea baitzen. Prozesu honen adibiderik onena hartza zen. Neguan lo leize-zuloetan, aitzin-historiako gizakiaren antzera, eta bedatsean, lurraren ernaltze berriarekin batera iratzartzen baitzen.

Inautea urtarriletik martxo bitarte dagoen denboraldi luze magikoaren idurikatzea da. Hartza, gizakia eta lur beraren loalditik izadiaren esnatze bitarteko denboraldia alegia. Negua eta udaberria, loa eta berpiztea, izotza eta eguzkia lotzen dituen denbora luze magikoa. Hau dela eta euskal inauterietan, lurra iratzartzeko soinu handia egiten duten tresnak jotzen dira (joareak, adarrak,…) Amalurren kolkoan lo dagoen Eki jainkosa (eguzkia) berriro lur azalera jalgi dadin, berotasuna eta bizia ekarriz, uztak sortaraziz. Soinuarekin batera, sorgin gaiztoak, izpiritu edota indar ezkorrak uxatzeko tresnak azaltzen dira (ixopoak, erratzak, behor-isatsak, sorgin-guraizeak,…) Heriotzaren jainkosa den Ilargiren neguko erresuman askatutako eta zabaldutako indar gaizto horiek guztiak behin betiko aldentzeko..

Inauterietan elkarren aurkako bi indar azaltzen dira: baikorrak, onak, ederrak, (Eki, eguzkia, bizia, berpiztea, berotasuna, uztak, argitasuna, udaberria,…) eta ezkorrak edo gaiztoak (Ilargi, herioa, loaldia, hotza, izotza, uztarik eza, negua,…) Xiberoako maskaradetan bi indar hauek biziki ongi bereizturik daude. Gorriak alde batetik: eguzkia, bizia, udaberria, onura,… eta beltzak bestaldetik: ilargia, herioa, negua, bizimodu aldrebesa,…

Elkarren arteko lehia bizian aritzen diren bi indar hauen arteko zubia edo lotura hartza da, negua eta udaberria uztartzen dituena, edo beste modu batez erranik, inauteria edo hartzaroa, azken finean inauteria hartzaren iratzartzearekin estu loturik baitago.

3.- Hartza Euskal Herriko hainbat inauteritan.-

Hartza eta inauteriaren arteko lotura dela eta, hartza idurikatzen duen pertsonaia ia euskal inauteri guztietan azalduko da: Isturitzekoan, Donostiako kaldereroetan, Zubieta eta Iturengo zanpantzarrean, Donibane Lohizune eta Ziburuko inautean, Xiberoako maskaradetan (zoritxarrez gero eta gutxiagotan)… eta abar luzean. Batzuetan hartza idurikatzeko bestelako pertsonaiak azaltzen zaizkigu, zakuz eta trapuz jantzita eta belar onduz edo lastoz beteta: Lantzeko Ziripot, Lesakako Zaku Zaharrak,… eta abar.

Honek guztiak gure inauteriak hartzarekiko duen lotura zehatza azalarazten digu. Garai zaharretan Paleolito Aroko leize-zulo haietan hartza gurtzen genuen eta gaurko Euskal Herri honetan hartza gurtzen dugu, inkontzienteki bada ere.