EZKIA

Ezkia, Tilia platyphyllos Scop. Tiliaceae. Tila, tilo, tilo de montaña, hierba tranquilizante ere deitzen zaio Nafarroan. Lacoizquetaren arabera (José María de Lacoizqueta. Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) ezkia, ezi aditzetik dator, hau da, hezi, otzandu, lasaitu, baretu, landarearen hostoak lasaigarriak eta emolienteak baitira, eta loreak, berriz, espasmoaren aurkakoak. Baita ezgarria (soka) hitzatik etorri ahal da, bere azal haritsuak sokak egiteko balio baitu. Era berean, eztikia hitzatik (eztizko gauza bat) etorri ahal da, zuhaitz horren loreek erleak erakartzen baitituzte.

Ezkiak Ipar hemisferioko eskualde epeletako zuhaitzak dira. Hogeita hamar bat espezie ezagutzen dira. Asian, Europan eta Ipar Amerikan sortzen dira. Hego hemisferioko zenbait lekutan, berriz, ornamentazio gisa landatzen dira. Espezie hibrido asko ezagutzen dira, hori dela eta horien taxonomia ez da erraza.

Tilia platyphyllos hogeita hamar metroko goierakoa izan daitekeen zuhaitz lerdena. Kaduzifolioa. Enborra tentea, zura zuria, azala arre-grisaxka eta arrailduta. Oso adartsua. Hosto handiak, hamar bat zentimetro luze, erpin zorrotza, horzdunak, gainaldea berde iluna eta glabroa, azpialdea zaineria palmatua, oso nabarmena, iletsua eta argiagoa. Pezioloa iletsua. Hostoak sortzen diren lekuetatik ateratzen dira loreak ere. Braktea berde argi larrukara batetik ateratzen da loreen pedunkulua. Infloreszentzia zima da. Makurtua agertzen da, eta horren muturrean, hiru-bost lore horixkak. Fruitua karzeruloa (tetrakenioa ere deitzen zaio), ileduna, mamitsua, oboidea, bost saihets nabarmenak ditu eta bat edo bi hazi. Basoetan bizi da, sakanetan, arroilatan, ibaiertzetan. Kareharrizko substratuak gogoko ditu.

Ezkiaren hostoak erortzen eta deskonposatzen direnean, mineraletan eta hainbat mantenugaitan oso aberatsa den humusa sortzen dute, lurzorua aberasteko balio handikoa dena.

Loreen esentzia dela bide, oso usain gozoa jariatzen dute. Intsektuek polinizazioa egiten dute. Loreen polena, berriz, erleentzako oso erakargarria da. Ezkiaren eztia, zurbila eta zapore gozokoa, oso ezaguna eta biziki estimatua da.

Zura arina, gogorra eta lantzeko erraza, ebanistek estimu handitan dute. Ezkia basoetan berez ateratzen da, batzuetan bakarrik, besteetan pago, astigar zein gurbeen artean. Parke eta lorategietan ere izaten da, itzala eta freskura ematen. Ekainean eta uztailean loratzen da.

Gure artean bada beste espezie bat, zuhaitz honekiko antz handia duena, Tilia cordata alegia. Zuhaitz honen hostoen gainaldea glabroa da eta azpialdeak ile gorrixkak ditu. Infloreszentziak tenteak azaltzen dira, eta fruituak leunak edo dituen saihetsak, behintzat, ez dira nabarmenak. Sendagai gisa, hostoak eta infloreszentzien brakteak, hau da, loreak babesten dituzten hostotxo luzeak eta loreak erabiltzen dira.

Beste espezie bat bada, Tilia vulgaris. Hirurak antzekoak dira eta eragin terapeutikoa bera dute. Badira espezie gehiago, hala nola T. americana eta T. tomentosa. Azken hauek, batez ere, parkeen edergarri ikusten ditugu.

Ezkiaren hostoak, infloreszentziak eta horien brakteak muzilagotan eta taninotan oso aberatsak dira. Landarearen eragin lasaigarria ezaguna da antzinatik. Infloreszentziak eta horien brakteen infusioak urduritasunari aurre egiteko eta lo hartzen laguntzeko hartzen dira. Era berean, eragin antiespasmodikoa, izerdiarazlea, eztularen eta hotzeriaren aurkakoa badituzte. Loreak eta brakteak ongi lehortuak direla prestatzen dira infusioak. Euskal Herriko zenbait lekutan, bestalde, etxe-abereak gaixotzen zirenean, ezkiaren loreen eta brakteen infusioak ematen zizkieten gaixotasunari aurre egiteko.

Pello Iturria Sarasibar