Gure arbaso zaharrek, laborantzatik bizi zirenez gero, gogoeta sakona egin zuten urteaz, urtaroez, egunaren eta gauaren aldizkatzeaz, biziaren gurpilaz, eguzkiak urtean zehar egiten duen ibilbideaz, ilargiaren aldiez, egutegiaz, emankortasunaz, jainko eta jainkosa zaharrez… Eta horrela urtaroen banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan euren jai erritual handiak ezarri zituzten. Jai horietan naturarekin biziki lotuak ziren dibinitateak gurtzen zituzten: In edo –Inko-, Egu, Eki, Ilargi… eta jai hauek horien ohorez burutzen zituzten. Eguzki jaioberriaren besta (Eguberri) neguko solstizioan ospatzen zuten, In jainkoaren besta (inote edo inautea) udaberriko ekinozioan, Eguzki indartsuaren besta udako solstizioaren inguruan eta Sugaar (suzko suge arra) beldurgarriarena, berriz, udazkeneko ekinozioan.
Horrela izaki, hainbat adituren ustez, inauteria azaltzeko dugun lehen hitza, INOTE litzateke, eta In jainkoaren garaia esan nahiko luke (In-o- + -te). Hitz honek baditu aldaera gehaigo Euskal Herriko luze-zabalean errepikatzen direnak: ihote, iyote, ihaute, iyaute, inaute… Inauteria edo ihauteria beranduago sorturiko hitza litzateke, euskal inautea giristino egutegian sarturik gelditu zenean. Julio Caro Barojak dioenez, nolatasun ezkorra adierazteko erabiltzen dugun –eria atzizkia orduan gehitu zioten, besta jentil edo paganoa zela nabarmen uzteko.
Oroitu beharra daukagu garai zaharretan inotea Europa osoan zabaldurik zegoela. Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inautea, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu zahar eta totemikoz jantzirik. Horixe baita azken finean inautea, gure arbaso zaharren sinismenetara urteroko itzulera. Gure Euskal Herri zahar honetan inauteak indar eta kolore handia hartzen ditu, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inautea neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi luze, hits eta iluna da.
Euskal inautea aberatsa dugu, gure lurralde guztietan zabaldua dena, urtero erritoz betea errepikatzen duguna. Gizakiak inautearen bidez izadia iratzarri nahi du eta horretarako era guztietako soinu eta burrunbak egiten ditu, joareak astinduz, adarrak joz, kantu ozenak abestuz edota dantza azkarrak eginez. Lurra esnatu beharra dago, ama-lurraren leize-zuloetan bizi den hartza lozorrotik atera, eguzkia ama-lurraren kolkotik irtenarazi, euskal gizarte zaharrari lur azaleko antolakuntza itzuli… Eta azkenean, urtero horrela eginez, eguzkia indartuko da eta udaberria zaigu itzuliko. Bedatsearen hasiera izanen da. Belar eta kimu berrien hatsa edo hastapena. Belardiak eta pentzeak, zelaiak eta baratzak ernalduko dira eta liliak eta fruituak berriz zaizkigu agertuko.
Aurten ere, urte oroz errepikatzen zaigun bezala, urte berriaren lehen egunekin batera, inote garaia iritsi zaigu, indarrez eta kolorez, eguraldi txarra, euriteak eta elurteak desafiatuz. Joareak dingili-dangala ari dira nonahi, adar soinuak mendi eta karriketan entzuten dira, eta jadanik hartza urteroko itzuliñoa ematen hasia zaigu. Lurra iratzarri behar da. Nik segidan, aurten, hor eta hemen, inautearen ildoari jarraikiz ezagutu eta gozatu dudana kontatuko dizuet.
1.- Maskarada Ainharben.-
Hogeita bi urte pasatu ondoren, Muskildik maskaradak egiteko txanda hartu du aurten. Muskildiarrek tradizio handia izan dute beti maskaradak antolatzen. Azken biak 1987an eta 1996an antolatu zituzten. Beraz belaunaldi oso bat pasatu da azkena antolatu zutenetik. Lehena urtarrilaren 7an jokatu zuten herrian, bigarrena 14an Pagolan, hirugarrena urtarrilaren 21ean Atarratzen eta laugarrena urtarrilaren 28an Ainharben, eta horrela astero eginen dute apirilaren 22an, berriz Muskildin izanen den azken maskarada arte.
Iaz Pettarreko herriek antolatu zuten, aspaldiko partez, eta arrakasta handiaz. Pettarre Zuberoak dituen hiru eskualdeetako bat da, gainerakoak Basabürüa eta Arbaila direlarik. Mauletik gora doan eskualdean, Ezpeize, Onizepea, Ainharbe, Bildoze, Ündüreine, Larrabile, Ürrüstoi.. herrietan euskara gibelatzen ari zen. Bi gerla handiek euskararen eta euskal kulturaren jaitsiera ekarri zuten. Bazirudien eskualde hau guztiz erdaldundu behar zela, baina ikastolak eta bertakoen bizi-nahiak miraria egin dute. Gazteek euskara berpiztu dute eta euskal kulturari bultzada ematen ari zaizkio. 2008an Xiberoko Jauna izeneko pastoral arrakastatsua jokatu zuten Ezpeizen eta orduz geroztik izen bereko elkartean elkarturik jarraitu dute. Iaz lehen aipatu maskarada burutu zuten Zuberoako hamar bat herritan eta baita Gipuzkoako Aiztondoa (Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkil) bailaran ere. 2020an bigarren pastoral bat jokatzeko asmoa daukate.
Pettarreko Xiberoko Jauna elkarteko dantzariak eta Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartekoak adiskidetasunaren bideetan barna dabiltza aspaldian, eta hori dela eta, aurten, urtarrilaren 28an, Ainharben izan den maskaradara gonbidatu gaituzte. Horregatik, gonbita atsegin handiz harturik, goizeko 9,30etan Ainharbeko sarreran ginen lehen barrikada ikusteko. Gurekin batera Ariztondo bailaratik gonbidaturik etorritako gipuzkoarrak ziren. Aipatu orduan, Pettarreko dantzari gazteek harrerazko dantzak egin zituzten, eta ondoren muskildiarrek ere dantzatzen erantzun zieten. Gero jan-edatekoz gainezka zen mahaiaren inguruan bildu ginen denok lagun-giro goxoan. Bigarren barrikada Lanbarreko bidegurutzean egin zuten. hirugarrena Lanba-xilokoan, laugarrena Ezpeizen sarreran, Eiherabideko bidegurutzean eta bosgarrena Ainharbeko plazan.
Gero, denok elkarrekin, bazkari goxoa egin genuen pilota-plazako bazter batean ezarritako mahai luzearen inguruan. Zutik eta kantari. Arratsaldeko 3,30etan maskarada hasi zen, bertara hurbildutako guztien atseginerako. 7,30ak aldera bukatu zelarik, hotz handia zen nagusi. Bukatzeko beti bezala, maskaradako kantua eta dantza jauziak (muñeinak eta aintzina pika).
Lehen barrikadan Pettarreko dantzariak harrera egiten.
Muskildiarren maskaradako herriko jaun-andereak zain.
2.- Iturengo joaldunen artean.-
Baina jadanik euskal inautearen sua pizturik zen Euskal Herri osoan.
Hurrengo egunean Iturenera joan nintzen, aspaldiko partez, horixe baita erretretan egoteak ematen duen abantailetako bat, egunero libre izatea alegia. Eguerdi aldera iritsi ginen herriko plazara. Jendez gainezka zegoen. Udaletxearen aitzinean hamabost bat musikari ari ziren giroa berotzen. Bitartean, udaletxe barruan joaldunak jantziak prestatzen eta jartzen ari ziren. Hamabiak eta erditan, udaletxetik ateratzen hasi ziren. Eguraldi ederra lagun, joareak astintzen hasi ziren. Berrogei inguru zirela uste dut, mutilak eta neskak, adinean sartuak, gazteak eta baita ume koxkor batzuk ere.
Plazan hainbat mugimendu, aitzina eta gibelera, egin ondoren, Aurtitz aldera abiatu ziren, jende pilo bat atzetik zihoakiela. Aurtitzen Zubietatik joandakoekin batera elkartu ziren, eta denak elkarrekin Iturenera itzuli ziren. Ordubiak aldera, plazara sartu ziren, aitzinean hartz eder adarduna zekartela. Ixopoak astinduz, adarrak joz eta joareak dantzatuz hainbat itzuliño egin zuten jendez gainezkaturik zen plazan. Gibeletik bizpahiru orga eta jantzi bitxiz jantzitako gazteak zihoazen. Amalurra ordurako aski esnatua zela uste dut, Iturenen dena baitzen soinu eta burrunba. Orga batetik gorotza edo simaurra botatzen zuten. Laster herri osoa gorotz usain sarkorrak harturik zen. Bazkaltzeko tenorean jendea kantari ibili zen herriko ostatuetan, eta gero, arratsaldean besta-giroak ilundu arte iraun zuen. Horixe izan zen astelehenean ikusi genuena. Asteartean, Iturengo joaldunek Zubietara joan beharra zeukaten jai giroa auzo herrira eramateko. Ederra, zalantzarik gabe, baina guretzat gehiegi zelakoan, ez ginen asteartean Zubietara joan. Heldu den urtean, agian.
Hartz adarduna joaldunen artean.