RESEARCH CHEMICAL??

Research Chemical, ingeleratik “ikerketan dauden substantziak” esan nahi du. Kontzeptu honek, laborategietan sintetizatutako substantzia psikoaktibo desberdinak hartzen ditu bere gain.

Orokorrean, bi ezaugarri komun dituzte, lehenik eta behin aipatzeko, substantzia hauek nahiko ezezagunak dira, ez direlako egin entsegu klinikorik ez pertsonekin ezta animaliekin ere, hori dela eta, erabiltzaileengandik datorkigu gehienbat, daukagun informazio urria. Gogoan izan, Hegoak elkartetik behin eta berriz aipatzen duguna; substantzia baten efektuen baldintzatzaileak pertsona, testuingurua eta substantziaren ezaugarriak dira. Hori dela eta, substantzia bera kontsumitzen dugun arren, ez digu beti modu berean eragiten, eta jakina denez, pertsona bakoitzak efektu desberdinak bizi ditzake. Bigarrenik, Research Chemical-en kontsumoa ez da ilegala, baina hauen egoera legala aldakorra da, izan ere, hauekin dugun informazioaren arabera legeria moldatzen doa eta noizbait substantzia bat legala izan balitz, gerora ilegalizatu daiteke.

Rerearch Chemical gehienak, interneten saltzen dira; ongarri bezala, bainu gatzen izenpean, intsentsu modura, etab. Beti ohartarazten dute ez direla pertsonen kontsumorako bideratuak, izan ere, horrela osasun kontrolak ekiditen dituzte.

Orokorrean ezagunak diren substantzien aldaketa kimikoak bakarrik dira, hortaz, hauen antzeko efektuak izan ditzakete. Izatez batzuk, ilegalizatutako drogen ordez sortu ziren.

Egitura kimikoaren arabera, zazpi familia aurkitzen dira, eta hauen barruan Research Chemical bezala izendatzen ez diren substantziak ere egon daitezke, hauei buruz gehiago ezagutzen delako edota dagoeneko ilegalizatu direlako. Hauen inguruan gehien zabaldu izan den informazioa dugu Kannabinoide Sintetikoak, izan ere marihuanaren efektuak imitatzen saiatzen dira, honen kannabinoide ilegalen osagarrien efektuak imitatuz, dosia gestionatzeko zailtasunak sortzen dituelarik.

Gainontzeko familiek, efektu anestesikoak, disoziatiboak eta pizgarriak sortzen dituzte. Baina beste substantzia ilegalen egitura kimiko antzekoa izan arren, ez dituzte beti efektu berdintsuak sortzen eta honetaz gain, efektu desberdinak ere ager daitezke.

Ustekabeko topaketak

Azken urteotan, adulteratzaile bezala aurkitu izan ditugu arrisku murrizketan dihardugun elkarteek gure substantzien analisirako zerbitzuaren bitartez. Jakina denez, substantzia ilegalen kontsumoari lotutako arrisku bat, eta ez bakarra, da hauen osagarrien ezjakintasuna.

Gainontzeko droga ilegalen ordezko bezala erabiltzen ari dira ere bai, hauekin dituzten antzekotasunak direla eta, batez ere efektuei dagokionean.

Merkatu ilegalean adulterazioa beti izan bada errealitatea, duela gutxi arte adulteratzaile hauek ezagunak ziren (kafeina, paracetamola, azukreak…) beraz, hauen kontsumoarekin erlazionatutako arriskuak ezagunak ziren ere bai.

Hortaz, adulterazioak berak dituen arriskuei gehitzen zaizkie, Research Chemical-ak agertzea. Hauen toxikotasuna ezezaguna da eta berezko printzipio aktiboarena baino handiagoa izan daitekeela ere garrantzitsua da jakitea.

Arriskuak murrizten

Substantzia hauei buruzko informazioa urria denez, ez dira ongi ezagutzen hauen dosi aktiboak (substantziaren arabera aldakorrak izan daitezke), hauen kontsumoari lotutako arriskuak epe luzean, eta bakoitzaren toxikotasun maila. Hortaz, hau guztia kontutan izanda, hona hemen zenbait hausnarketarako baliabide:

Nola zaude?

Gure egoera fisikoa eta psikologikoa ongi badira, aukera gehiago dugu edozein substantzia kontsumitzea erabakitzen badugu, arriskuak murrizteko. Zeure burua ezagutu, zure testuingurua aztertu eta ondoren erabaki.

Aurkitzen duzun informazioa fidagarria al da?

Substantzia kimikoen siglak erabili eta iturri fidagarrietatik eskuratzen duzun informazioa kontrastatu, hau da, ez ezazu iturri bakar bat erabili. Gogoan izan besteen esperientzia propioak ez direla iturri fidagarria, izan ere, pertsona guztiak desberdinak gara eta ez dugu modu berean sentitzen.

Badakizu zeintzuk diren substantziaren osagarriak?

Substantzien analisirako zerbitzuak informazio fidagarria ematen du.

Aldez aurretik hausnarketa egitea garrantzitsua da, edozein erabakiren aurrean geure burua prestatzen dugu eta horrela, edozein dela gure erabakia, modu kontzientean hartuta izatera laguntzen digu, bakoitzak bere kaxa, alderdi onak eta arriskuak baloratuz, erabaki horiekin ziur sentitzeko.