Urteko egun aunitzetan zerbait berexia gogoratzen da, otsailak 13 nazioarteko internet ziurraren eguna da.
Baina internet ziurra ote da? Edo kaltegarria? Lagungarria ote? Edo… internet berari adjetiboa jarri beharrean ez ote genuke bere erabilera modua aztertu beharko?
Internet tresna dugu, elementua, bidea. Pertsona bakoitzak erabiltzea edo ez erabiltzea erabakitzen dugu; hortaz hausnartu beharreko lehen puntua, erabiltzea erabakiz gero bakoitzak zertarako, non, noiz, norekin eta nola erabili izango da.
-
Komeni da internet tresna den neurrian, erabilera helburua aurrez definitzea: erosketa egiteko modua egiteko, ikasteko tresna, harremanak izateko espazioa…izango ote den.
-
Erabiltzen hasi antzin denbora muga finkatzea komeni da: sarean murgiltzen garelarik denbora errealaren nozioa galtzeraino irits baigaitezke, bertan arpatu daitezkeen edukiak, bideoak eta abarren kontsultek batetik bertzera eramaten gaituztelako. Horretarako modu bat kanpo estimulu bat jartzea izan daiteke, alarma bat erraterako, zeinak gure denbora muga pasa dugula abisatuko gaituen.
-
Etxeko giroan, non ditugu interneterako sarbidea ahalbidetzen gaituzten gailuak? Zenbat pantaila daude etxean? Guztiak beharrezkoak al dira? Guztiek erabilera arauak al dituzte? Ez al diegu gure etxeetan presentzia eta lehentasun handiegia eman elkarren arteko harreman zuzena ahultzeraino? Eta etxean, hurbil dauden eta hurbileko sentitzen ditugun horiekin (batez ere seme-alabak, ilobak, adin txikiko neska-mutikoak) ez badugu zuzeneko harremana sendotu, lehenetsi eta indartzen, norekin egingo dugu?
-
Adin txikikoak baldin baditugu zenbait eduki eta orrialdeetarako sarbidea mugatzen ahal da ”control parental” zerbitzuarekin.
-
Aztertu eta aukeratzen erakutsi bizitza errealean bezala, mundu birtual edo digitalean aukerak eta arriskuak daude: bakoitzak hausnartu, erabaki eta aukeratu behar du. Horretan hezi behar ditugu, autonomo izaten, arduratsu izaten, arriskuak antzeman eta ekiditen, aukerak bilatzen,…
-
”Nativo digitalak” dira gure seme-alaba, iloba edo ikasleak, kontziente izan gaitezen abiapuntua desberdina dugula. Baina ez dezagun baldintza hori gure axolagabekeria justifikatzeko erabili: prestatu gaitezen, ikas dezagun, interesa gaitezen beraien mundu birtualaz, erabilera ohiturez, sarean dituzten harremanez, kontsultatzen dituzten eduki, joku, bideo edo youtuberrez. Arrotzari beldurra kenduz eta interesa jarriz! Internet ez baita ona edo txarra. Erabileran dago gakoa.
Hurbileko eta inguruko adin txikikoen eredua gu gara, helduok gara. Gu ikusi eta imitatuz barneratzen dituzte lehentasunak, baloreak, funtzionamendua… hortaz hausnar dezagun gure erabilera nolakoa dugun, horretarako erabilera erregistro bat egin dezakegu (eguneko ze momentutan, familia edo aisialdi garaian kontsultatzen ditugun edukiak, non egiten dugun, zenbat denboraz… bilduz).
Norberak bere kontzientzia hartuz, aldatu edo mantenduko dugu nahi duen hori!!