BERBENA

Berbena, Verbena officinalis L. Verbenaceae. Verbena, berbena belarra, kolpebelarra, hierba para la sinusitis etab. esaten zaio. Hainbat azpiespezie ezagutzen dira: africana, eremicola, gaudichaudii, montícola etab. José María de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) dio berbena hitz konposatua dela, verbum latinetik eta ona euskaratik datorrela, hau da, hitz ona esan nahi duela. Izan ere, pitonisek landare honekin egindako koroak janzten zituzten orakuluak aldarrikatzen zituztenean. Bestalde, druidek, antzinako zelten apaizek, landarea gauez jasotzen zuten, urrezko igitaiak erabiliz. Hori dela eta, antzina belar sakratua deitzen zioten. Berbena ere zenbait jai bezperatako gauez egiten diren ekintzei esaten zaie. Lapurdikoek belberina deitzen diote.

Zenbait lekutan, landare magikotzat hartzen zen. San Juan bezperan edo San Juan egunean eguzkia atera baino lehen jasotzen zen. Egun horretan jasotako landareak zoriona eta maitasuna ekartzen zizkion landarea jasotzen zuenari. Hori dela eta berbena hitza, hau da, landarea jasotzearen erritua jaia zen, berbena alegia. Egun, inor ez da gogoratzen landare horretaz, berbena batera joaten denean.

Mundu osoan sortzen da. Landare belarkara, iraunkorra, bizikorra, metro bateko goierakoa izan daiteke, 5-10 milimetro lodiera duen andui arrea du. Sustrai txikiak. Udaberrian zurtoin berriak ateratzen zaizkio, tenteak, karratuak. Hostoak aurkakoak, obal-lantza itxurakoak, atal desberdinez zatikaturik, latzak, horzdunak. Adar zein zurtoinen goiko aldean infloreszentziak sortzen dira, buruxka moduan, fruktifikazio garaian luzatzen dira. Lila koloreko lorez josita aurkezten dira. Fruitua tetraeskizokarpoa da eta saihetsak ditu luzetara. Usainik ez, zapore mikatza. Iberiar penintsula osoan hazten da, 1.500 metrotik behera, ezponda, zelai, lugorri, soro zein bide bazterretan ateratzen da.

Landare osoa erabiltzen da: hostoak, zurtoinak eta loreak. Udaberrian eta udan izaten du lore gehien. Lehortu eta urte guztirako jasotzen da. Lehortzeko modurik egokiena lore sortak hartu eta buruz behera jartzea da. Toki lehor eta ilunean gorde. Glucosidoak, taninoak, muzilagoak eta saponinak ditu.

Sendabelar gisa, Euskal Herrian, oso ezaguna da. Landare osoaren (freskoa edo lehorra) infusioa hartzen da urdaileko mina, burutik beherakoak, arnasketa-arazoak eta eztarriko mina tratatzeko, era berean antsietateari, urduritasunari eta loezinari aurre egiteko. Bestalde, digestioa egiten laguntzen du. Horrez gain, hostoen eta loreen egosketaren ura zauriak garbitzeko eta sendatzeko erabiltzen dira.

Euskal Herrian erabiltzeko modurik ezagunena, kataplasmak dira. Hosto fresko zein lehorrez egindako kataplasmak erabiltzen dira gurintxoak, pikortak, ubeldurak, pilotarien kailuak, flemoiak, zornaturiko zauriak, min erreumatikoak zein artikularrak, bihurrituak, kaskatekoak, sinusitisa, burutik beherakoak, eztarriko mina, asma, biriketako arazoak eta pleuresia tratatzeko.

Halaber, landarearen aireko atalekin, oliba-olioarekin eta argizariarekin ukenduak egiten dira zauriak eta larruazaleko beste gaitzak tratatzeko. Zenbait lekutan, ukendu horri beste landareren bat gaineratzen diote, hala nola, pasmo-belarra, tipula, bostorria, kamamila, intsusaren azalaren barruko aldea eta abar.

Etxe-abereen gaitzak tratatzeko ere erabiltzen zen, esaterako, landarearen infusioa oiloak gaixotzen zirenean ematen zitzaien, baita abereen zauriak garbitzeko ere. Halaber, zauriak tratatzeko edo behien errapeen gaitzei aurre egiteko, berbenaren kataplasmak erabiltzen ziren.

Kataplasmak prestatzeko modua hauxe da: hostoak ondo zatitu ondoren, oliba- edo ekilore-olioz sueztitzen dira zartaginean. Zuringoak elur punturaino jo, eta zartaginera bota. Arrautzopila ohial batean bildu, eta erre gabe baina oraindik bero dagoela, mindutako tokian jartzen da (plastiko batez bildua ezer ez zikintzearren). Gau osoan jartzen da, egunero, sendatu arte.

Bada prestatzeko beste modu bat: zuringoak elur punturaino jo, ondo zatituriko hostoak bota, eta hamar minutuz utzi. Ondoren, gaza edo zapi batean zabaldu eta mindutako lekuan gauean jarri.

Sinusitisaren tratamendurako, kopetan kataplasma hotza jartzen da segidako lau gautan, atseden hartu bi egunez, eta tratamendua berriro egin. Mukia fluidifikatu egiten da eta mina joaten da.

Gaitz horiek berbena-kataplasmekin tratatzen direnean, kataplasma biltzen duen zapia zikindu egiten da. Berbenaren indarraren seinalea.

Berbena, Euskal Herrian, oso ezaguna, miretsia eta maitatua da, eta herri-medikuntzan askotan erabiltzen da.

Pello Iturria Sarasibar