Zer da Loezina edo Insomnioa?
Lokartu edo loa mantentzeko zailtasuna sentitzea, goizegi esnatzea edo eta egiten dugun loa indarberritzailea ez izatea, eta hauen ondorioz, ondoeza izatea eta gure egunerokotasuna kaltetzea.
Urte batean zehar, populazio helduaren herenak sintoma hauek pairatzen ditu, kasu gehienetan, modu iragankor batean eta tratamendurik gabe. Baina hauen artean, heren batek loezin kronikoa edo larria pairatuko du. Loezina duen gaixoa, printzipioz, familia medikuak artatuko du, baina loaren beste gaixotasunen bat susmatzen badu, aldi berean beste gaixotasun mediko edo psikiatriko bat duela susmatzen badu, edo tratamenduak eraginik ez duenean, loaren espezialistarengana bidaliko du gaixoa.
Zein Insomnio mota daude?
Loezina honela sailkatzen da:
-
Kronikoa: loezina astean behintzat 3 egunetan izatea eta gutxienez, 3 hilabete jarraian.
-
Epe motzekoa: loezina astean behintzat 3 egunetan izatea, baina 3 hilabeteetara iritsi gabe.
-
Beste motak.
Argi eduki behar da, insomnioa benetakoa izateko, lo egiteko aukera egokia izan behar dela lehenengo. Hau da, loezina askotan, lotarako ohitura desegokiak ditugulako ematen da eta kasu hauetan, ezin da insomnioaz hitz egin. Gainera, askotan beste gaixotasun batzuekin erlazionatzen da, edo eta hainbat droga edo botikekin.
Zerk eragiten du?
Zergatiak eta tratamenduak ugariak dira eta horregatik gaixo bakoitza indibidualki aztertu behar da.
Medikuarengana jotzerakoan, oso garrantzitsuak dira:
-
Aurrekari familiarrak eta pertsonalak, loezinarekin erlazionatuak egon daitezkeen gaixotasunak ezagutzeko.
-
Tratamendu farmakologikoa eta drogen kontsumoa (iraganekoa eta gaur egungoa).
-
Egoera familiarra, soziala eta lan-egoera.
-
Egunerokotasunean ditugun ohiturak eta ordutegiak.
-
Loaren inguruan:
-
Kronologia: ohera noiz, zenbat denbora lokartzeko, zenbat aldiz esnatu, zein ordutan esnatu guztiz, etab..
-
Gaueko beste gertakariak: zurrunka, mugimenduak, arnas-estuak, etab.
-
Egunean zehar nabaritzen ditugun ondorioak.
-
Noiztik? Astean zenbat aldiz? Haurra eta gaztea zinenean nola zen zure loa (helduen kasuan)?
-
Zerk okertzen edo hobetzen du?
-
Ingurune eragileak: logelaren argia, tenperatura, zarata, lastaira eta bururdia-ren erosotasuna, logelaren txukuntasuna, etab.
-
Lotarako ohiturak.
-
Etab.
-
Famili Medikuak, kasu berezi batzuetan, loan espezialistak diren medikuekin harremanetan jarri daiteke, hainbat froga osagarri egin diezazuten: odol analisia, polisomnografia (loaren azterketa, loaren beste gaixotasunak antzemateko) eta aktigrafia (hainbat egunetan zehar, gaixoaren mugimenduak aztertzea).
Adinarekin, loa aldatzen joaten da: lokartzeko denbora gehiago behar da, lo orduak gutxiagotzen dira eta loa ez da lehen bezain berritzailea. Hala ere, adin nagusiko pertsonetan loezina kontutan hartu beharrekoa da, adinaz gain beste hainbat eragile egon daitezkeelako eta hauek zaindu behar direlako. Hala nola, botika asko hartzea, gaixotasun asko izatea, egoera psiko-soziala, inguruneko eragileak, etab.
Zein tratamendu motak daude?
Insomnioaren tratamenduak indibiduala izan behar du, lehen aipatu bezala, zergatiaren araberakoa izango baita. Hala ere, badaude hainbat neurri orokorrak eta nahi eta ezkoak direnak:
-
Informazioa: gaixoak arazoaren zergatia eta tratamendu-prebentzio aukerak ondo ulertu behar ditu, modu eraginkor batean parte hartu dezan. Izan ere, gehienetan zergatia konponduta, loezina desagertzen baita.
-
Zergatia ezezaguna denean, tratamendua ondorengoa izango da: loaren inguruan higiene-neurriak eta, beharrezkoa denean soilik, tratamendu farmakologikoa edo eta psikologikoa.
Loezin kronikoa hainbat jokaera eta eragile kognitiboen emaitza dela ikusi denez, ondorenean aztertuko diren neurriak hauek zuzentzeko izango dira. Idazki honetan, gaixo bezala, zuen esku dauden arloetan zentratu gara:
-
Ordutegi ordenatuak mantentzen saiatu behar da: egunero ordu berdinean (edo antzekoa) oheratu eta esnatu.
-
Lotarako ingurune-egoera egokiak mantentzen saiatu behar da: tenperatura epela (18ºC inguru), argi eta zaratarik ez, lastaira eta bururdi egokiak, etab.
-
Bazkal ordu ordenatuak eta ohera joan baino lehen gehiegi ez jatea beharrezkoa da. Oheratu baino lehen, yogur bat edo esne epela hartzea onuragarria da, esnekiek Triptofanoa baitute eta honek loa eragitea errazten duelako.
-
Elikagai edo sustantzia bizigarriak murrizten saiatu behar da, batez ere, 17:00etatik aurrera: kafea, tea, koka kola, tabakoa, etab. Alkohola murriztu behar da ere, momentuan logura ematen badu ere, gero goiz esnatzea eragiten duelako.
-
Ohean gehienez 7-8 orduz egoten saiatu behar da (ohean ordu gehiegi egoteak loa zatikatua izatea eragin dezakeelako) eta ohera joan soilik logura dugunean. Honek, hasieran, egunean zehar nekea eta logura izatea eragin dezake, baina epe luzera onuragarria dela ikusi da. Kontuz, gidariekin, makina arriskutsuak erabiltzen dituztenekin eta Gaixotasun Bipolarra duten pertsonekin.
-
Egunean zehar siesta luzeak ekiditzen saiatu behar da. Kasu zehatz batzuetan, bazkal osteko siesta egin daiteke, baina inoiz ere ez, 30 minutu baino gehiagokoa.
-
Egunean zehar, erregulartasun batekin, kirola egiten saiatu behar da. Honek, arina izan behar du (oinez ibili, igeri egin edo txirrinduan ibili), ordu betekoa, egun argiz eta beti ohera joan baino 3 ordu lehenago behintzat. Kirola gauez egitea ekiditu behar da, bere eragin bizigarriagatik.
-
Oheratu baino lehen, jarduera bizigarriak ekiditen saiatu behar da.
-
Sexua eta loaz gain, ez da beste ekintzarik egin behar ohean. Oso garrantzitsua da gure garunak ohea loarekin erlazionatzea. Hau da, ez da gomendagarria musika entzutea, irakurtzea, jatea, telebista ikustea, etab.
-
Oherako prestatzen laguntzen gaituzten hainbat ekintza gauero errepikatzen saiatu behar da: hortzak garbitu, pijama jarri, hurrengo eguneko arropa prestatu, etab.
-
Erlaxazio ohiturak izatea lotara joan baino lehen, oso onuragarriak dira: sakon eta motel arnas egitea, lainoak iragaten ari direla imajinatzea eta haietan gure kezkak idaztea aireak eraman ditzan, etab.
-
Ohera sartu eta ezin bagaitu loak hartu: lasaitzen saiatu eta ez begiratu ordularia. Ez badugu lortzen, altxatu eta bizigarria ez den zerbait egin eta ohera bueltatu soilik berriro logura dugunean.
Amaitzeko, lehen esan bezala, tratamendu farmaologikoa kasu zehatz batzuetan soilik hartuko da, medikuak gomendatzen duen heinean. Beti ere, eraginkortasuna, tolerantzia, kontrako eraginak, botika nola utzi, aldi berean ditugun gaixotasunak, etab. kontutan izanik. Adina ere oso garrantzitsua da, batez ere, haurrak edo adin nagusiko pertsonak direnean.
Lorea Imirizaldu, Neurofisiologo Klinikoa.
You must be logged in to post a comment.