BIHARAMUNA

Martxoak 8 zituen atzo. Emakume langilearen nazioarteko eguna ospatu genuen; planto eginez ospatu ere. Ehunka manifestazio gure kaleetan barrena, eta emakumeok protagonista, behingoz: etxekoandre, irakasle, ikasle,zerbitzari, garbitzaile, mediku, erizain, politikari, kirolari, idazle, zientzialari zein sukaldari. Guztiok. Elkarrekin. Bat eginda eta helburu bakarraren alde borrokan. Ahaldunduta. Argazki benetan polita atera genuen atzo.

Egutegiak ohartarazi zigun egun berezia izango zela: gure indarra eta balioa ikusarazi behar genituela; munduari jarrera desberdin baterakutsi behar geniola; benetako ahalduntzearen jabe egin behar genuela; borrokarako prest agertu behar ginela; berdintasun-ezari hortzak erakutsi behar genizkiola; gure lan baliotsu bezain isilaren hutsunea agerian utzi behar genuela, horren errotuta dagoen gizarte atzerakoi hau ipurdi bistan uzteko. Hori zioen egutegiak, eta halaxe egin genuen; besterik gabe, martxoaren 8a zelako.

Gaur ere, indartsu iratzarri naiz, atzo kalean sumatu nuen borrokarako grinak kemenez bete baininduen. Eta gogotsu jaiki naiz ohetik: aldarrikapenerako prest, borrokarako prest. Itxaropentsu.

Logelatik atera bezain pronto urduri nabaritu dut ama. Aitaren gosaria prestatzen ari da, presaka, gizarajoa lanera berandu irits ez dadin. Tripak nahasi zaizkit, baina ezikusiarena egin dut, eskolara garaiz iritsi behar bainuen nik ere.

Institutuko eskaileretan gora,pastel-koloreko doinu bat datorkit atzoko ekitaldian ondoan izan nuen lagunaren mugikorretik; barru-barruraino sartu zaizkit doinu melenga horren azpian sumatu ditudan hitzak: “te arrestoen mi cama y te pongolasesposas”, “bailameperoconcoraje y dejaqueesta pista haga que te subael traje”. Mutu gelditu naiz.

Goizeko zortziak. Gorputz-hezkuntza. Ez zait gaizki etorriko barruan daukadan sua baretzeko. Korrika hasi gara, ohitura legez. Bost minuturen buruan hurreratu zaigu andereñoa: “Lasai, neskak, utzi mutilei aurretik, azkarregi zoazte”. Ezin dut gehiago.

Komunean nago. Txintik esan gabe atera naiz gorputz-hezkuntzako eskolatik. Mugikorreko egutegiari begira nago: “gaur ez al didan ezer esan behar?”. Etsipenak eragindako malko bat doakit masailean behera. Goizean zehar, egoera baten eta bestearen aurrean erakutsi dudan adorerik ezak narama etsipenera, bai baitakit nekez aldatuko dugula mundua geu benetan aldatzen ez bagara.

Etxera bidean, atzo kale-bazterrean eskean zegoen emakumearekin egin dut topo. Atzo, bi aldiz pentsatu gabe, geure ekitaldira etortzeko gonbita egin genion, guztiok hunkitu gintuen abestiak ondo dioen bezala, konplize genuela eta maite genuela sentitu baikenuen. Bere alboan eseri naiz, eta galdetu diot ea badakien zer ospatzen genuen atzo.Ezetz erantzun dit, baina gustura errepikatuko omen luke atzoko eguna.

Engainatu egin gintuen egutegiak.