Istorio hau ez da pertsona garrantzitsu baten istorioa, ezta heroi batena ere. Pertsona arrunt baten istorio laburra da, bizitza bezain laburra, bizitza bezain gazi-gozoa. Pertsona soil batena, baina, sentimendu bat zuena. Gerizpean loratutako istorio hutsala.
Haizea ilargia bezain ederra eta liraina zen, kotoia bezain leuna eta pastela bezain gozoa. Haizeak ogi egin berriaren eta sagar tartaren usaina zeukan eta Chopin-en abesti baten antzekoa zen. Haizeak ez zuen barruan zeramana kanpotik erakusten. Barruan zeukan anabasa berarentzat gordetzen zuen, bere sakonean. Haizea ez zen betidanik horrelakoa izan, bizitzaren gorabeherek horrela izatera eraman zuten. Baina zer da bizitza? Zer da heriotza? Zergatik diogu beldur heriotzari? Horrelako galderak egiten zizkion Haizeak bere buruari eta horregatik esan dezaket, Haizea, ezagutu dudan izakirik sakonena dela. Mundua nolakoa den jabetu zenetik, Haizea, barnerakoia bihurtu zen, ez lotsatia zelako, baizik eta ez zelako pertsonez fio, munduaz fio. Bizitza gure lehenengo amodioa bezain gozoa da, baina, agurrez betea, eta kafea bezain mingotsa. Bizitza soka fin baten gainean oreka mantentzea bezalakoa da, batzuek oreka hori mantentzeko erraztasuna dute, eta beste batzuek ordea, ez. Haizeak oreka hori aspaldi galdu zuen. Bere eskuak izotza bezain hotzak ziren, baina bere arimak erre egiten zuen. Haizea lore baten antzekoa zen, polita, ikaragarria eta indartsua, baina, aspaldi bere burua ureztatzeari utzi zion, eta poliki-poliki, zimeltzen joan zitzaizkion bere hostoak, usteldu egin zen.
Bakarrik egotea gustatzen zitzaion, baina horrek ez zion mesede egiten bihotzean zuen zauriari. Gainera, Haizeak ez zion jaramonik egiten zauri horri, eta bere bihotza banatzen zuen ebaki hori grapa batzuen bitartez konpontzen saiatzen zen, baina grapa horiek aspaldi herdoildu ziren eta ez zituzten bihotzaren bi zatiak eusten. Zauri horri odola zerion eta bere gorputzean odolezko aintzira ikaragarria sortu zen. Nahiz eta Haizeak sufrimendu eta min hori sentitu, ez zuen inoiz negarrik egiten, eta bere begiak malko guztiak irenstera behartzen zituen.
Anbotoko mendia maite zuen, atxikimendu berezia baitzuen honekin. Anbotora joaten zenean, bere bihotzean sustraiak hazten ziren, eta loreak jaiotzen zitzaizkion sustrai horietatik. Anbotora joaten zenean bere barrenean zeukan odolezko aintzira txikitzen zela sentitzen zuen. Oinutsik jartzen zen Anbotoko basoaren lurzoruan. Belar txikitxoak bere hatzen tarteetatik sartzen ziren, eta freskotasun horrek bere arima lasaitzen zuen.
Haizeak ez zuen mundua ulertzen, ezta pertsonak ere. Nola egon daitezke bi pertsona hain gertu eta haien bihotzak hain urruti egon? Zergatik gizakiok ipintzen dugu gure harrotasuna gure sentimenduen gainetik? Zerk itzaltzen du adiskidetasunaren tximiniaren sua? Zerk itzaltzen du pertsonen barreneko sua? Haizeak galderez beteta zuen bere burua eta ez zuen haientzako erantzunik aurkitzen. Soilik Anbotora joaten zenean, galdera hauek bere burutik irteten ziren eta bere burua, hutsik gelditzen zen. Anbotora joaten zenean, bere barreneko sustraiek leku horretako lurzoruan barneratu nahi zuten, eta indar horrek ,leku haren menpeko bihurtu zuen Haizea.
Bizitzak maiz itotzen zuen eta momentu haietan Anbotora ihes egiten zuen, arnasa hartu ahal izateko. Berdin zitzaion gaua edo eguna izatea, behar zuenean joaten zen Haizea Anbotora. Batzuetan goizez, bestetan arratsaldez, eta baita gauez ere. Udarako gau batean Anbotora joan zen eta zuhaitz tarteeksortzen zuten argi puntu batean, zerura begira etzan zen. Zerua oso garbi zegoen gau hartan eta ilargiaren eta izarren argiek ikaragarrizko distira zuten. Haiei begira liluraturik geratu zen Haizea eta galdera batek bere burua inbaditu zuen: Norbait nitaz kezkatzen al da? Haizeak mundu erraldoi honetan bakarrik zegoela bazekien, baina momentu hartan benetan barneratu zuen hau, benetan ohartu zen. Bakardadeak ez zuen Haizea izutzen, horrela bizitzeak ez zion inolako arazorik suposatzen, baina denborarekin, berak ere maitasuna behar zuela konturatu zen. Hala ere, pertsonekin egoteak ez zuen sentsazio hau aldatzen eta Haizeak ez zuen zergatia ulertzen. Besteak ez bezalakoa zen Haizea. Oso ezberdina zen, eta denborarekin ez berdintasun horiek gehiago nabarmentzen joan ziren. Denborarekin, Anbotoko basora joateko beharra handitzen joan zen eta hara joatean, bakardade sentsazio hori basoaren hasieran gelditzen zen. Basoko izaki guztiek, bakardade sentsazio horrekin bukatzen zuten, eta Haizeak bakea sentitzen zuen momentu haietan.
Egun batean eztanda egin zuen. Zainak mugitzen hasi zitzaizkion eta bertako odola irakiten hasi zen. Barreneko aintziraren odola bere hatz puntetatik ateratzen hasi zitzaion eta indar bitxi batek Anbotora joateko eskatzen zion. Iritsi zenean lurrera bota zen eta belauniko bere eskumuturretako zainetara begira geratu zen. Nahiz eta bere bulkadei kasu egin eta Anbotoko basora joan, zainek ez zioten mugitzeari utzi eta Haizeak ez zuen ezer ulertzen. Zainak geroz eta gehiago mugitzen ziren eta mina sentitzen hasi zen. Gertu zegoen harri bat hartu zuen eta haren sorbatzarekin zainak igurzten hasi zen. Bere zainetatik irteten zen likido hura ez zen odola, urte hauetan zehar gorde zituen malko guztiak baizik. Malkoek besoetatik behera hanketaraino bidaiatu zuten, Haizearen hatz puntetaraino. Orduan, oinetan sustraiakhazi zitzaizkion eta zainetatik ateratzen ziren malko horien urak sustraiak handitu zituen. Sustraiek Haizea lurzorura josi zuten eta sentitzen zuen min guztia bat-batean guztiz desagertu egin zen. Eguzki izpi batzuek, Haizeari benetako berotasuna nolakoa zen erakutsi zioten eta azkenean benetako baretasuna lortuz uen. Begiak itxi zituen eta bere bihotz zaurituaren azken hasperena Anbotori oparitu zion. Betiko eta bukatzen ez den amets luze batean murgildu zen Haizea. Zainetako malko horiek Haizearen oinetako sustraiak ureztatu zituzten eta bertatik, lore eder bat jaio zen, betiko baso horretan egongo den lore liraina, bakardadea sentituko ez duen lorea, Anbotoko lorea.