Ez zen hain zaila izango norbanakoarentzat bere burua engainurik gabe ulertzea,
baldin eta ez balego garun-garbiketa jasateko arrisku etengabean
eta ez balute pentsamendu kritikoa izateko gaitasunetik gabetuko.
Pentsatu eta sentituko ez lukeena pentsarazi eta sentiarazten diote bati,
atergabeko jarraibideekin
eta egokitzapen-metodo perfekzionatuekin.
Anbiguotasunez ohartu eta engainuak ikusteko gauza
ez den bitartean, norbera ez da gauza izango bere burua den bezala ezagutzeko,
zeren eta besteek nahi duten bezalakoa ikusiko baitu.
Zer jakin dezaket neure buruaz,
ez badakit ni naizena hein handian produktu artifizial bat dela?,
jende gehienak, ni neu barne, gezurra esaten dugula oharkabean;
“defentsak” “gerra” esan nahi duela, zereginak mendekotasuna;
bertuteak obedientzia eta pekatuak desobedientzia;
gurasoek seme-alabak berez maite dituztelako ideia mito bat dela;
ospea oso gutxitan hartzen dela ezaugarri humano miresgarriengatik
eta ez dela halaber egiazko arrakasten ondorio;
historia garaileek faltsututako testu bat izaten dela;
gehiegizko apaltasunak ez duela esan nahi banitate-falta dagoenik;
maitasuna irrikaren eta gutiziaren kontrakoa dela;
mundu osoa saiatzen dela ekintza eta asmo txarrak zuritzen
jende zintzoa eta karitatetsua delako itxurak eginez;
botere nahiak egia, justizia eta maitasuna jazartzea dakarrela;
gaur egungo gizarte industrialak gidari dituela
egoismoaren, edukitzearen eta kontsumitzearen printzipioak,
eta ez aldarrikatzen duen bizitzarenganako maitasun eta errespetuaren printzipioak.
Non eta nire gizarteko alderdi inkontzienteak analizatzerik ez dudan,
ez dut jakingo nor naizen ni, ez baitut jakingo nire zati bat ez dela nirea.