HUSTU DA BASOA

Ni naiz aukeratua.

Ni gizarte honetan biluzteko.

Bakarra izateko.

Askatzeko.

 

Berdin dago dena.

Berdin.

Laino bustien azpian nago.

Etzanda.

Bada denbora, elkar

ikusi ez duguna.

Behe-lainoa da nagusi.

 

Basotik lehen tragoa.

 

Denbora pasa da

zulo gardenetik atera

eta bultza ninduzunetik.

Muxu batekin esnatzen

ninduzuneko garaiak ziren.

Igandeko elizen kanpaiak

noiz joko zain.

 

Bigarren tragoa.

 

Jada estali nau lainoak.

Inguruko baso eta sagarrondoak.

Bakarra naiz.

Bakarra bildots artean.

Ni naiz aukeratua.

Amalurraren jabe (menpekoa).

 

Hirugarren tragoa.

 

Sekreturik txikiena

gordeko didanaren zain.

Gorputza sakonki estutu

dut hotzaren -hotzez.

Bakardadeak sakonki

itxi du askatasunaren hitza.

 

Laugarren tragoa.

 

Uzkurtzera kondenatuta nago.

Kobazulotik ezin atera.

Ezin ihintzik dastatu

Ezin hezetasuna maitatu

Ezin ni neu izan.

 

Bosgarren tragoa

 

Ez dago maitasun gehiago.

Ezin dut gehiago edan.

Ezin botikaz bizi.

Ezin promesik bete.

Guztiz zatitua.

 

Baina kanpora

atera bitartean

Badakit basoa ez dudala

benetan hustu.

Beti egongo da

airez lizunki beteta.

 

Hustu da basoa.