Aski ezaguna da 1427 urteko apeoa, Nafarroa osoan herriz herri egindakoa, baina harritzekoa LAIBIDE izeneko zerga oraindik inork aipatu ez izana, laia nola mitifikatua daukagun ikusita. Nik Basaburua txikiko herriotan bakarrik aztertu dut, baina, komeniko litzake beste zenbat herritan ageri den ere xehero ikertzea.
Umorez hasteko, hona Areso eta Leitza arteko aldeak 1427 urtean: haiek errotarik ez, hauek bat; haiek bina zerri ezkurrerako, hauek bost seina; haiek garia eta artatxikia bi hilabeterako, hauek laurako; haiek edaririk ez, hauek zizarra edo pitarra hiru hilabeterako; eta atzeneko hau, politena: aresoarrak “estrechament” bizi omen zirela; leitzarrak berriz “mezquinament”. Zeinen gauza ederra, umorea!
Esan baita, Aresok zortzi libera eta hamar xueldo pagatzen zuela urteko zerga, eta Leitzak kasik bi halako: hamazazpi libera eta bost xueldo. Leitzan 45 etxetatik zortzi galdu zirela azken 25-30 urtetan, eta Areson berriz lau besterik ez, 25 etxetatik. Alde aldera, esan liteke orduan, Leitzaren erdia baino gutxi gehiago zela Areso 1427an. Hala ere, “laibide” izeneko zerga berbera pagatzen zuten biek. Honatx Aresokoa, neronek beltzez markatua:
Eratsunen, ordea, nahiz Aresoko etxekontu beratsua izan, hamar zerri etxe bakoitzeko, eta alea ehotzeko errota ere bazuten. Hala eta guzi, aresoarren zerga berbera pagatzen zien errege erreginei: “cinco sueldos fuertes et laividea”. Hori bai, “quarter” edo ondasunen laurdena izeneko zerga, eratsundarrek baino zazpi xueldo gutxiago zuten aresoarrek. Honatx Eratsungoa, berdintsu:
Bukatzeko esan, laibidea izeneko zerga zaharra, herrilurrak laiez lantzeko eskubideagatik pagatzen zutela herriok. Eta lur iraultzeko gure tresna soberasko mitifikatua laia izan dela jakinik, zinez harritzekoa, oraindik inork jaso ez izana izen eder hau. Ez eta honetan maisu izandako Yanguasek ere. Oraingoan aintzat hartuko al dit gutxienez, euskaltzain eminente horietakoren batek.
Leitzako Arkiskil auzoko laiarik, dotore jantzita itxurak egiten Musungo alorrean. Ezker eskuin: Pako Olano Garagartzakoa, Pako Alkoz Martikonekoa, Joan “Sasa” sortzez Boxekaren bordakoa, eta Bernardo Zabaleta Astaitzagakoa Argazkien egilea: Tomas Alkoz Martikonekoa, 1973 urtean Telenorteko “Raices” programa grabatzerakoan.
Eta Beintzan, Labaienen eta Saldisen ere, halaxe berean ageri da 1427 urteko apeoetan laibide izeneko zerga. Honatx Nafarroako Artxibo Handitik neronek ateratako kopietatik Markel Lizasoain adixkide saldistarrak bere borondaterik onenaz moldeko letretara pasa dizkidan datuetatik, ttitta batzuk, asper gaizto eginen ez duzun esperantzan:
Saldiasek 25 etxe zituen 1427an, edo hobeki esan, 23, eta “dos Peguilaleros”. Honatx atzeneko hitz arrotz honen faksimile puxka:
Baina zer demonio ote ziren “pegilalero” horiek? Honatx Jose Luis Huarte liburuzainaren laguntza digitalari esker ikasi dudana: “Denominación bajomedieval de los pecheros navarros cuyo patrimonio no alcanzaba la cuantía prevista para configurar la unidad fiscal del fuego o casa. Aparece también con la grafía pegullarero. Se trataba a veces de pupilos o mancebos poseedores de su “peguillar” o pegujal y asociados a un núcleo familiar por razones de parentesco o servicio doméstico. Las ordenanzas regias y el propio memorial del Tesorero para la recaudación del “monedaje” de la merindad de Tudela de 1353 previenen la revisión de la fortuna de los peguillareros, que en bastantes casos habían alcanzado el nivel adecuado para cotizar como un fuego, pero trataban de encubrirlo para eludir el pago de la correspondiente cuota de pecha. Esta consideración de pecheros de modesta condición, aunque no pobres oficiales, se aplicaba también a la población mora o mudéjar de la Ribera tudelana”. Horrek esan nahi du, moroak, gaur bezalaxe, orduan ere ez zirela Tuteran bakarrik bizi, Leitzako Tuterenean ere bai, agian, edo ikus, bestetan beste, Goizuetako Dokumentu Zaharrak liburuko 42 eta 93 orrietan esaten direnak. Eta erregalo honekin ez baduzu aski, ikus, bestetan beste, Gran Enciclopedia de Navarra delakoan “peguillarero” hitza.
Errota ere bazuen Saldisek 1427an, auzoko Labaien eta Beintzak ez bezala, baina azken 25-30 urtetan, bost etxe galdu omen zituen “por mortaldat” eta beste bi auzoherriek alerik ez. Baita etxero launa zerri ezkurretan gizendu, lau ilabeterako garia, artatxikia eta pitarra egin ere egiten omen zuten saldistarrek, eta gainera sos batzuk ateratzeko mandazain saiatu: “a carrear carvon e mina”.
Labaien: Saldisek bezalaxeko zerga zuen: “deven en cada un aino de pecha a los seinores Rey e Reyna cada casa cinco sueldos fuertes et Laividea”. Hemezortzi etxe, eta zergarik pagatzen ez zuen jauntxoa, eta etxero hirulau zerri ezkurreratzeko aukera; urte erdirako gari eta artatxikia (pan et mijo) eta zortzi ilabeterako pitarra (pomada con la aguoa); eta gainera ondasun guzien laurdena: “por quarter siete libras cinco sueldos” paga beharra urtero.
Beintzak: jauntxoa kenduta, labaindarrek bezal bezalaxe: etxe, zerga, zerri, ezkur, behi larre… Baina bazuten auzoherri bien arteko tratua ere larreokin: “que han ciertos ervagos ensemble los quoales tienden en cada un aino et han de provecho su part de diez y seis florines”. Ez duzula ongi entenditu? Leitu berriz, eta halere ezin baduzu, egin galde dakienari, eta ikasi ikasten.
Bukatzeko esan Ezkurrakoak zirela inguru honetan erregeri zergarik pagatzen ez zioten bakarrak, eta gainera denak hidalgo: “que todos son fijos dalguo et por esto no han cargas algunas de pecha”. Gero “eroak” esanen dute!… Berriro diot: zeinen gauza ederra, umorea! Baina 10 etxe besterik ez zuen Ezkurrak 1427an, eta hiru olajaun Ezkurrako Jaunari zergarik pagatzen ez ziotenak. Zein ote ziren hiru olajaun horiek: nire kontuak oker ez badabiltza Ollingoa, Beriñas Arangoitzekoa Urumearen sorburuan bertan, eta Basakaitzeko erreka Ezkurrekora sartzen den ondotsuan Ola. Honatx atzeneko honek utzi digun testigutza ederra oraindik zutik:
Ola, Ezkurreko burniola izandua, Eratsungo mugan (P. Perurena, 2016)
Halere, harrigarriena, hirurehun zerri gizentzeko ezkurra izatea Ezkurran: “pazto pora (sic) engordar trecientos puercos”. Gutxi goiti beheiti, 23na zerri etxero. Alde ederra, beste herriekin konparatuz. Sinale ezkurra erruz bazela, herriaren izenak berak ederki erakusten digun bezala. Baina erne: hirurehun horietatik zenbat ote ziren hiru olajaunenak?: 250en bat bai, gutxienez. Baina Ezkurran, halere, “que todos son fijos dalguo”, eta Leitzan edo Goizuetan horixe ere ez. Esaten baitut nik… Umorea baino hoberik!…