Sarritan barre egin ohi digute ameslarioi, idazle izan nahi dugula aitortzean. Ahots eztiz, minik eman nahi ezean edo, adierazten digute idazteak ez digula bizitza konponduko, oso gutxi direla idaztetik bizi diren idazle pribilegiatuak, Nobel edo Planeta sariak irabazi dituztenak. Milaka aldiz errepikatzen digute beste lanbide bat ere aurkitu beharko dugula egunero jan nahi badugu, gure liburu eta poesiak nahikoa ez direlako.
Zure buruari idazle izan nahi duzula aitortzean inguruko guztiak hor daude, zure ametsak zapaltzeko prest.
Baina idazle lanbidea, edo denbora-pasa, urruneko duten haiek, ez dakite benetan idazte hutsak gure bizitzari zentzua ematen diola. Idazle izatea ez da erabaki bat: ez da zure etorkizuneko profesioan soilik pentsatuz erabakitzen duzun zerbait, edo ingurukoen inbidiak eragiten dizun nahia. Idaztea bizimodu bat da.
“Idazle izan nahi dut”. Hitz horiek ahoz gora esaten ditugunean, badakigu ez garela aberats egingo hamar hizkuntzatara itzuliko den best-seller bat idatzita. Badakigu ez dela filmik egingo eta hurrengo generazioek berdin berdin disfrutatuko ez dutela. Badakigu arrakasta urrun dagoela, ez hurrengo bidegurutzean. Baina hala ere, ez da gure eskuetan dagoen erabakia. Erorketaren beldurrak idaztea ukatzea eragingo balu, nortasunari ere uko egitea esan nahiko luke.
Gehienok txori asko ditugu buru gainean hegaka, baina badakigu oinak lurrean mantentzen ere.
Idaztea desatsegina ere izan daiteke: batzuetan benetan kaskagogorra da inspirazioa eta zuri laguntzeari uko egiten dio, ia zorotasunera bideratzen zaituen arte. Milaka ideia, edo puzzle zati txiki, buruan izanda ere, posible da orduak edo egunak pasatzea ordenagailuaren teklen aurrean, zer idatzi jakin gabe. Beste batzuetan, orri zuria tintaz estaltzean, inkonformismoa izaten da protagonista, hitz horiek denbora galarazi dizutenaren sentimendu frustragarria. Une horietan, zure garunak ezin du teklak ferekatzetik urruntzen den ezer egin, baina ez da iristen teklak zapaltzera. Eta hala, badira idazketa gorrotatzera iristen zaren iluntzeak, idazteko irrikitan zeunden orria alde batera utzi eta idatzi ezinak eragiten dizun amorrua izkiratzen hasten zaren arratsak.
Idazteak, maiz, bizitza salbatzen digu hizkietan murgildu nahian gabiltzanoi. Malkoz masailak nahikoa umeldu direnean, jada oihurik ateratzen ez zaizunean, orri zuri batean idazteko esperoan dauden hitzak bakarrik geratzen zaizkizu. Maite zenuen norbaiten besarkadak galtzean, muxuak ahaztean… Maite zenuen hura betirako galtzean… Berari esan gabe gelditu ziren hitzek betetzen dituzte orri zuriak, eta pertsona hark utzitako hutsunea txikitzen joaten da, poliki-poliki, emeki-emeki. Eta ohartzerako, idaztea terapia bat bilakatzen da.
Ahoz gora irudikatu nahi izaten ez ditugun ametsak oso politak izaten dira orri zurietan adierazita. Isileko maitemin aitorpenak, sekreturik ozenenak, ezkutuko ilusio eta beldurrak. Denek hartzen dute forma idaztera ausartzen garenean. Bizitzak zentzua hartzen du orduan. Idazteak, batzuetan zentzua ematen dio bizitze hutsari.
Eta hala, handinahiak alde batera utzita, inoiz egi bihurtuko ez diren amets profesionalez ahaztuta ere, idaztea da batzuetan gu salbatuko gaituen bakarra. Idaztea da norbaiten heriotzari aurre egiteko modua, maiteminak ahazteko era, zu nor zaren jakiteko bide bakarra. Idaztearen bide luze eta konplikatuaren erdian bakarrik aurkitzen baitut nire burua askotan.