IODO BELARRA

Iodo belarra, Chelidonium majus L. Papaveraceae. Enara belarra, zaran belarra, celidonia, celidonia mayor, hierba verruguera, golondrina, hierba del yodo, hierba de los herpes, hierba para las heridas ere deitzen zaio. Celidonia izena grekotik datorkio, chelidôn (enara), zeren enarak etortzen direnean landarea jaiotzen baita, eta enarak joaten direnean ihartu eta zimeldu egiten baita.

José María de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provindial. 1888) dio zarambelarra deitzen zaiola Bertizaranean. Ez du uste zara (txara-basoa) eta belarra hitzetatik datorrenik, basoetako landarea ez baita, baserri eta herri ondoan bizi da eta. Lacoizquetak dio zara basoa izateaz gain zarakarra, zaragarra, zaramiko (zarramazka, zimiko) esan nahi duela, eta izena hortik datorkiola. Izan ere, haren zukua garratza eta kaustikoa da eta erre egiten du; zukua eta latexa garatxoak kentzeko erabiltzen da. Lapurteraz ainhara-belhara deitzen zaiola dio.

Belar bizikorra, adartsua, 40-100 zentimetrokoa, urtero kimatzen da. Errizoma mamitsua du zeinetik zurtoin asko sortzen diren. Zurtoin ilaundunak eta hauskorrak. Hosto pinnatisektak, lobulatuak, 5-7 segmentu-pare obatu-oblongoak, berdeak, gainaldea askoz ilunagoa, bigunak. Udaberriaren hasieran loratzen da. Infloreszentziak unbelak dira, 3-7 lore unbela bakoitzeko. Lore hori biziak.

Fruitua 3-5 zentimetroko kapsula luzea da. Barreitzerako, haziaren azalean oso garrantzitsuak diren substantzia koloredun eta oliotsuak dituzte. Substantzia horiek intsektuak eta, batez ere, inurriak erakartzen dituzte.

Landareak mozten den edozein lekutatik latex horia, kaustikoa eta zapore garratzekoa jariatzen du. Landareak alkaloide eta flabonoide asko ditu. Alkaloideek, besteak beste, eragin espasmolitikoa, analgesikoa, lasaigarria, eztularen kontrakoa, antibirala, kolagogoa eta bakterioen aurkakoa dituzte. Hosto eta zurtoin berriez egindako infusioak bronkioetako gaixotasunak tratatzeko erabili izan dira, baita digestio-, gibel- eta behazun-arazoei aurre egiteko ere. Hala ere, landareak dituen alkaloideengatik barneko bidetik arretaz hartu behar da eta tratamenduak laburrak egin, toxikoa baita. Behazun-bideak buxatuta badaude ez da hartu behar. Herri-medikuntzan, toxikotasuna gutxitzearren, infusioak ondo lehortuta dauden landareekin egiten dira.

Bestalde, latexa garatxoen tratamendurako erabiltzen da. Hori dela eta hierba verruguera deitzen zaio erdaraz. Latexa ere zauriak eta herpesa tratatzeko erabiltzen da.

Zenbait lekutan, kolpeak sendatzeko, iodo belarra jartzen da mindutako lekuan, eta zapi batekin lotuta utzi. Beste lekutan, hagineko mina kentzeko, landarea ondo estutzen da, eta ateratzen den zukuarekin hagina igurzten da. Hemorroideei aurre egiteko hostoak, zuzenean jarrita, erabiltzen dira. Halaber, iodo belarrarekin eta bostorriarekin egindako infusioaren ura erabiltzen da hemorroideak tratatzeko.

Landare nitrofiloa da. Leku ospeletan, harkaitz eta hormen arrimuan berez ateratzen da. Leku eguzkitsuak eta lehorrak, berriz, ez ditu gogoko. Baserri eta herrietako etxeen ondoan erraz sortzen da.

Zauriak, eskuetako zartadurak, pikortak eta forunkuluak sendatzeko, baita ezpalak eta arantzak haragitik ateratzeko ere argizariarekin, oliba-olioarekin eta ondo txikitutako hosto eta zurtoin moztu berriarekin ukendu bat prestatzen da. Zenbait lekutan, ukendu hori landare batzuekin prestatzen da; esaterako, iodo belarrarekin, huntzarekin, baratxuriarekin edota plantainarekin. Beste lekutan, ezpalak eta arantzak haragitik ateratzeko, landare osoa, zehatuta, eta zapi batean bilduta, mindutako lekuan jartzen da.

Pello Iturria Sarasibar