IRUÑEAKO ALDE ZAHARREKO OSTATU TURISTIKOAK

Alde Zaharreko bizilagunok beharrezkoa deritzogu Udalak ostatuak erregulatzeko bultzatu duen egitasmoa betetzea

– Apirilaren 13an, 18.00etan, auzokideen batzarra Plazara! egoitzan (kale Nagusia, 31) turistifikazioaren erronka eta ostatuen erregulazioa jorratzeko.

– Alde Zaharrean 5,4 biztanleko plaza turistikoa bana dago.

Udalak turismoan oinarritutako ostatua arautuko duen eta turismo-apartamentuak zehaztuko
dituen dituen araudia abian jarriko du, afera horren eraginpean dagoen hainbat kolektiborekin
(auzokide, ostalari eta merkatari elkarteak) galdeketa prozesua izan eta gero. Alde Zaharreko
biztanleria bat dator prozesu horrekin, beharrezkoa iruditzen baitzaio auzoak duen masifikazio
turistiko arriskua saihestu ahal izateko. Horri guztiari buruzko informazioa helarazi eta
auzokideenekarpenak jaso ahal izateko AZ Ekimenak komikia argitaratu du eta Alde Zaharreko
postontzi guztietan banaketa egin du. Horrez gain hilaren 13an, ostiralez, 18.00etan auzokide
batzarra egingo du Plazara!-ren egoitzan (kale nagusia, 31).

Egun Alde Zaharrean 5,4 [ 1 ] biztanleko plaza turistiko bana dago eta makro ostatu bat sortzeko
ideiak eta gero eta turismo-apartamentuak gehiago izateko joerak Alde Zaharra kolapsatzea eragin
dezake, beti ere interes pribatu eta espekulatiboen mesedetan.
Turismo apartamentuen eskaintzaren azken urteotako hazkundeak bereziki eragin dio Alde
Zaharreko biztanleriari. Esate baterako, etxebizitzen alokairuen goranzko joeraren ondorioz (%17
azken hiru urteotan) hainbat bizilagunek auzoa utzi behar izan du, sortutako egoera jasanezinaren
ondorioz. 2006 eta 2018 urteak bitartean Iruñea osoko populazioa %3,9 hazi bada ere, tarte
horretan bertan Alde Zaharreko biztanle kopurua %10,9 [ 2 ] jaitsi da. Joera hori bereziki nabarmena
da haur txikiak dituzten familietan, baita etorkinen artean ere. Azken hamabi urteotan bost urtez
azpiko haurren kopurua %11 jaitsi da Iruñea osoan, baina Alde Zaharrean %34,8ko beherapena
izan da. Alde Zaharrean %41,5 etorkin gutxiago bizi da, Iruñea osoan %12 igo den bitartean.
Egoera horrek agerian utzi du Alde Zaharrean beharrezkoa dela auzokideen beharrak bermatuko
dituen erregulazioa abian jartzea, beste interes batzuen gainetik eta Alde Zaharra auzo bizi eta
anitza izaten jarraitu ahal izateko.

AZ Ekimenak komikia argitaratu du turismo-ostatuen aferak auzoan duen eragina agerian uzteko
eta 7.000 kopia argitaratu ditu, auzoko postontzi guztietan jartzeko. Horrez gain, apirilaren 13an,
arratsaldeko seietan, Plazara! egoitzan (kale nagusia, 31) egingo den batzarraren deialdia bideratu
du. Bertan, auzoaren turistifikazioak eta hori konpontzeko sortuko den araudiak dituen
ezaugarriez arituko gara.

Sentsibilizazio komikia:

https://app.box.com/s/wqxb8l0y23wi8s0yxyvhjcqcj2ljnzl4

(1) Iturria: Turismo-ostatuen eta bizilagunean errealitateari buruzko analisia. Iruñeko udala, 2017ko azaroa.
(2 )Iturria: Iruñeko Udaleko Soziologia Departamentua.