MANEX MIKEKIN

Manexek bolada hartan, hilabeteak eta asteak zeramatzan ikusten eta behatzen miken ibilerak. Baserri hartan eta bere inguruan, mika hitzak bele-nabar sinonimoa hartzen zuen.

Bele-nabarrak oso hegazti langile finak dira. Batzuetan, habia berria egiten dute, eta, beste batzuetan, aurreko urteko habia zaharra berritu. Gauzak horrela, aisialdia dutenean hasten dira konpontzen zaharberritu beharreko habia. Batzuetan, baita Eguberriak baino lehen ere, eguraldiak laguntzen badie. Urte hartan ere, beste askotan egiten zuten bezala, eguraldiak uzten zien neurrian, Manexen baserri ondoko zuhaitz handi batean, jo eta su ari ziren bi bele-nabar lanean, adaxkak garraiatzen, habia egiten edo berritzen, bietako bat, auskalo zer zen kasu hartan, baina, dena den, zehaztasun txiki horrek Manex ez zuen batere kezkatzen.

Esan bezala, habia zuhaitz handi baten adaburu aldean ari ziren atontzen, txukun-txukun, eta, haren gainean, adaxkez egindako teilatu dotore eta guzti.

Manex, aspalditik oso zirikatuta sentitzen zen, habia bertatik bertara ikusteagatik, baina, mutikoak berak bere buruari aitortzen zion oso lantegi zaila zela, habia arrunt goian zegoelako. Hala eta guztiz ere, egun hotz batean, ezin izan zion gehiago eutsi bere jakin-minari eta hantxe abiatu zen zuhaitzean gora.

Adierazi bezala, egun hura hotza zen, eta arrazoi horrexegatik Manexek zamar bat zeraman jantzita, bere gerriko uhal eta dena; lotuta.

Zuhaitz tantaia hesi baten ondoan zegoen, eta arrazoi hura zela eta, lehenengo igoera oso erraza izan zen, baina handik aurrera, ordea, adarrak askoz ere mehe eta ahulagoak bihurtzen ziren. Mutikoa zegoen leku hartan, zuhaitzak beheko adar batzuk moztuta zeuzkan, eta hark nolabaiteko oinarri edo plataforma sortua zuen. Beraz, haraino igotzea eta pausatzea erraza zen. Arazoak handik gora hasten ziren. Manex, pentsatu eta kalkulu batzuk egin ondoren, handik aurrera behin baino gehiagotan saiatu zen igotzen, baina berehalaxe ohartu zen oso zaila eta arriskutsua zela.

Haiek horrela, amore eman eta segituan lurrera jaistea erabaki zuen. Horretarako, behar zuen adar lodi baten gainean kokatu eta prestatu egin zen hesi aldera beheratzeko. Baina, mugimendu hura egiterakoan, zamarraren gerrialdeko uhala, ebakitako adar motz batean kateatu eta hantxe gelditu zitzaigun zintzilik gure mutiko bihurria; dilindan.

Hamaika ahalegin gauzatuta ere, berehala konturatu zen, bere kabuz bakarrik, ezinezkoa zuela handik askatu eta lurrera jaistea. Beraz, bada, bere burua apaldu eta oihuka laguntza eske hasi, beste aterabiderik ez zuen aurkitu.

Hainbat minutu igarotakoan, norbaitek entzun eta segidan etxeko senide batzuk joan ziren Manex gizagaixoa erreskatatzera.

Une hartatik aurrera, bele-nabarrek bake galanta hartu zuten.