AUTOBUS GELTOKIAN

Hurbilegi sentitzearen lotsaz,

urrunegi gelditzearen beldurrez,

bidazti bat eta hutsunea,

hutsunea eta beste bidazti bat

errenkada amaigabe bat osatuz

txandakatzen autobus geltokian.

 

Aho anitz, guztiak isilik

gorputz andana, guztiak geldirik

(edo geldirik egoteko jarrera erosoaren bila)

begirada ugari, baina guztiak lurrean erroturik

bizitza ilara luzea, baina geltokia hilik.

 

Honelaxe ikusten ditut goizero

autobus geltokiaren ondotik igarotzean

apain-apain jantzi den idazkaria

bere maletatxoarekin,

esnatu berritan ikasle-bizitza madarikatzen duen

unibertsitateko ikaslea,

medikuarekin duen zitagatik

egonezinak hartu duen amonatxoa,

beste ikasle bat, irribarretsu …

eta beste hamaika honelako,

nor bere kezketan murgilduta,

nor bere albokoen kezka

zein den igarri nahian,

guztiak egunaren abiapuntuan,

errutinaren lehen geltokian,

autobus geltokian.