Manexen baserri inguruetan, beste zuhaitz askoren artean, aranondo bat ere bazuten, erreka ondoan, hesi baten aldamenean.
Aranondo hark ez zuen ale askorik ematen, baina ematen zituenak oso goxo eta gustagarriak izaten ziren, eta berri hura arrunt ongi zekien mutikoak.
Udaberri bukaera alderako, dagoeneko aranondoaren fruituak hasten ziren gorritzen eta oso egoera tentagarrian jartzen. Manex ez zen itsua eta ordurako, aurreko urteetan oso ongi ikusia zuen anai-arrebak nola igotzen ziren arbolara eta nola hartzen zituzten aranak; dastatuak ere oso ongi dastatuak zituen senideen bitartez, eta berriz ere jateko gogoa guztiz piztua zeukan, baina, oraingo honetan, bere kabuz egin nahi zuen guztia, alegia, zuhaitzera igo, arana hartu eta jan.
Hala, bada, egun eguzkitsu batean, bazkalaurrean, erabaki zuen tenore egokia zela aranen bat dastatu eta goxatzeko. Inori deus ere esan gabe, eta, aldi berean, erdi ezkutuka, aranondora hurbildu eta igotzen saiatu nahi zuen, baina, orduan konturatu zen enborraren inguruan asun handiak zeudela. Ordura arte ere makina bat aldiz ikusiak zituen, ia-ia egunero, baina zailtasun horri, ordea, ez zion behin ere erreparatu orain arte.
Horiek horrela, eta, gainera, gogoan hartuta Manex bolada hartan galtza motxekin ibiltzen zela, arazo hura ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula. Ideia bat izan zuen. Makila sendo bat hartu eta haren bidez bidexka bat ireki landare arriskutsu haien artean. Era hartan, kontu handiz, baina zailtasun larririk gabe, azkar samar eta ezbeharrik gabe iritsi zen zuhaitzaren enborreraino. Aranondo hark, behe samarrean adar batzuk zituen eta haiei esker, gora igotzea erraza gertatu zitzaion.
Behin goian, Manexek berehalaxe jo zuen begiekin aran gorri apetezible bat. Hartu eta jaten hasi. Ummm! Arrunt goxoa suertatu zitzaion. Uste baino lehenago bukatu zuen jaten. Gauzak horrela, segituan begia beste bati bota zion: mardula, gorri-gorria eta itxura bikainekoa. Aran hura, ordea, gorputzetik urruti samar gelditzen zitzaion. Mutikoak, aldiz, ezin tentazioari eutsi eta han saiatu behar fruta eskuratzen.
Besoa eta behatzak luzatu eta hartzeko zorian zegoenean, azken unetxoan, ez zuen, bada, oreka galdu? Gizarajoa hantxe joan zen goitik behera, lurreraino, baina, jakina, asunen artean. Esku eta zangoentan segituan sumatu zuen landare madarikatu haien azido formikoaren eragin suminkor eta jasanezina.
Ahal bezain azkar lurretik zutitu, eta, ziztu bizian hasi lasterka eta jauzika, noraezean, izututako zaldiak bezala, bide batean zehar, herri alderantz, erresumina ezin jasanda.
Azkenean, noizbait, azkure bizi hura pixka bat baretu eta lasaitu zitzaionean, ausartu zen etxera itzultzera, bazkaltzeko.
Etxeko norbaitek galdetu zionean ea zertan ibili zen herrirako bidean lasterka, Manexek, entrenatzen aritu zela erantzun zion.
Erresumina, hala ere, ez zitzaion joan berak nahi bazain azkar, alajaina!