Mendiko arteen artean arte bila nabilen artean
iraganda ez dagoen iragana hegarazi eta
hilobikoen ideietan ez iltzatzeko hitza emanda
polisemiaz jolasten dut,
esaterako alua ez delako alua.
Polisemiaz
eta poli-semeez jolasten dut,
posible (baina zaila) delako izatea emea semea.
Itsasoaren kutsu kuttunari itsu so ere
polisemiaz
eta poli-semeez
eta berba berberekin
eta antzekoekin
eta ahantziekin jolasten dut,
posible delako arra eta orroa urrun egotea.
Eta arra zaharra izatea.
Eta zahartzaroa ez arraroa.
Eta…
Berbak eta esanahiak
txotxongilo gisa darabilzkigu
eta txotxongilo bilakatzen dugu geure burua
artaldea taldekatu eta talkak eraginez.
Atzerapendun aroa,
borroka badoa.
Harrapatzera noa.
Ea beste baten biharko hausnarketa den
nire gaurkoa.