Jendeak izarrak ikusteari utzi zion behin. Metropoli handietako kaleetan ez zen sekula izarrik ageri. Gaua heldu eta haurrak zerura begiratzean, hiriko farolek argitutako zerua besterik ez zuen ikusten. Zeru beltza, argitasunak ilundua. Azken batean, pelikuletan besterik ez zituzten ikusi halakoak, eta kosta egiten zitzaien existitzen zirela imajinatzea. Ikusten ez dena ez den seinale da, pentsatzen zuen gehiengoak. Horrela, izarrik gabeko gaua besterik ez zuten ezagutzen, ahaztua zuten garai batean iluntasunaren dirdirak argitzen zituela gauak eta ez alderantziz.
Behin, ordea, zentral elektrikoak huts egin eta metropoliko foku-argi eta itzal guztiak desagertu ziren. Orduan, hiriko bakardadea moztu eta ume, gazte, heldu, zaharrak kalera atera ziren izarrak ikustera.
Gauak itsu izateari utzi zion behin batez; argi oro itzali zen gau batez.