Hizkuntzakeriak jotako hizkuntzak hegaztien arteko kukuak bezala jokatzen du. Aurrena, auzoko txoriaren habian bere arrautza jartzen du, baita euskararen ikur bihurtuta daukaten txantxagorriaren habian ere, eta, ondoren, arrautza horretatik jaiotako kuku kumeak bezala jokatzen du: inguruan dituen arrautza guztiak habiatik bota eta akabatzen ditu, habian bera bakar-bakarrik geratzeko. Hain zuzen ere, hizkuntzakeriak euskararen habian horretarako jarri du elebitasunaren arrautza.
Gaztelaniaren eta frantsesaren hizkuntzakeriak elebitasun mota bat eta bakarra bultzatzen du: gaztelaniaren nahiz frantsesaren nagusitasuna mantentzea eta betikotzea helburu duen elebitasuna. Elebitasun mota horren arabera, menpeko hizkuntza gutxituak, gurean euskarak, identitatearen funtzioa betetzen du eta, hizkuntza nagusiak, menderatzaileak —gurean gaztelaniak eta frantsesak—, komunikazioaren funtzioa. Elebitasun mota horrek bultzatzen duenaren arabera, hiztunek ez daukate hizkuntza gaitasun berbera gizarteko bi hizkuntzetan. Gaitasun eta erraztasun handiagoa dute gizartean komunikazioaren funtzioa betetzen duen hizkuntza menderatzailean, gizartean erabateko nagusitasuna duen hizkuntzan. Eta gaitasun kaskarragoa, berriz, hizkuntza gutxituan, hizkuntza horretan komunikazioa oztopatu eta ezinezkoa bihurtzerainokoa. Beraz, gizartean ahulagoa den hizkuntzak, gurean euskarak, identitatearen funtzio sinbolikoa betetzen du —euskaldun izatearena— eta, gaztelaniak nahiz frantseak, aldiz, hizkuntza orok duen funtziorik garrantzitsuena, komunikazioarena.
Elebitasun hau menpekotasunezko elebitasuna dugu, hizkuntza nagusiak nagusi izaten jarraitzen duelako eta menpeko hizkuntza gutxituak bere ahulezia eta menpekotasuna betikotzen duelako. Menpekotasunezko elebitasun honen gakoa hizkuntza gaitasunean dago. Izan ere, hizkuntzen arteko menpekotasuna hizkuntza gaitasunean ardaztuta dago, hizkuntza gaitasunaren nagusitasunak hizkuntzaren gizarte nagusitasuna baitakar.
Hain zuzen ere, gaur egun, azaldu dugun menpekotasunezko elebitasun horixe dugu indarrean Euskal Herriaren luze-zabalean, arnasgune gutxi batzuetan izan ezik. Gaur-gaurkoz, gure artean, gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere eragin eremuan, erabateko nagusitasuna dute gizarteko komunikazio hizkuntza gisa. Euskarak, aldiz, berbadun berrien artean batik bat eta eremu erdaldunetan bereziki, identitatearen funtzioa bakarrik betetzen du, «gutartasunaren» funtzioa, tribuko kide sentiarazteko funtzioa; eta, eguneroko gizarte bizitzan, berriz, euskararen erabilera oso apala da.
Beraz, euskararen etorkizuna berezko hiztunekin trinkotutako harreman-sareak etxez etxe, herriz herri eta hiriz hiri hedatzean datza. Euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino gaitasun eta erraztasun handiagoa duten euskaldunak dira euskararen berezko hiztunak; euskara dutenak beren kolkorako, beren kautarako, barne-mintzo eta gogoetarako tresna. Azken batean, berezko mintzoa euskara dutenak, ardatz-hizkuntza euskara dutenak: euskaratik eta euskaraz bizi direnak. Gaur egun, euskararen berezko hiztunak, bereziki, Amezketa, Aulestia, Leitza eta Azpeitia bezalako arnasguneetan aurkitzen dira eta ugariak dira hamar urte arteko neska-mutikoen artean.
Euskararen berezko hiztunek badute ezaugarri bat: gaztelania ulertzeko hainbestean moldatzen dira, arazorik gabe, baina mintzatzeko ez dute euskaraz adinako erraztasunik. Erdal eremuko hiztun berriei euskararekin gertatzen zaienaren antzera, baina ez neurri berean, askoz txikiagoan.
Hain zuzen ere, Espainiako nazionalismo linguistikoak euskararen hiztun horiek zigortu izan ditu bereziki. Gaztelaniaren nagusitasunaren jagoleek garrantzia ikaragarria ematen diote gaztelania zuzen eta egoki erabiltzeari, jakin badakitelako hor jokatzen dutela gaztelaniaren nagusitasunaren etorkizuna. Horregatik, gaztelania euskararen doinu eta egituratik hitz egiten duten euskararen berezko hiztun horiek gaztelaniaren hizkuntzakeriatik bultzatutako burla eta isekak jaso izan dituzte. Euskararen aurkako hizkuntzakeria bereziki erasokorra eta krudela gertatu zen joan den XX. mendean bizi izan ziren euskararen azken hiztun elebakarrekin. Gaur egun, oraindik ere, euskararen berezko hiztunen memoria kolektiboan iltzatuta dago hizkuntzakeria hura eta gaztelaniarekin arazorik izan daitekeenaren beldur-haize horrek eragina du «erdaraz ongi egiten» ikasteko.
Burla eta barrea botere egiturari lotutako tresnak dira. Gaztelaniaren hizkuntzakeriaren sustatzaileek, umiliazioaren bidez, euskararen hiztun elebakar haiek gaztelania zuzen eta artez ikas zezatela lortu nahi zuten, alde batetik, eta, bestetik, euskararen «erruarengatik» beren burua barregarri uzten zutela eta euskarak gizartearen erdigunetik, gaztelaniaren erdigunetik, gizartearen periferiara, euskararen periferiara, urrutiratzen zituela ikusarazi nahi zieten euskaldun peto haiei. Beste era batera esanda, gaztelania integrazioa zutela eta euskara bazterketa.
Kontrapuntua, berriz, hizkuntza gutxituaren sustapenean dabiltzan eragileek jartzen dute. Ahuldutako hizkuntzaren txingarra hauspotze lanetan dabiltzanek hizkuntza gutxituan trakets hitz egitea bultzatzen dute komunikaziorako oztopo handiak dituzten hiztunen artean; hitz egitea, trakets bada ere, ez hitz egitea baino hobea delakoan, hizkuntza gutxitua indarberritzeko. Eta hara non gertatzen den paradoxa: hizkuntza nagusian ez dira inolaz ere onartzen hizkuntza gutxituan onartzen diren akats eta trakeskeriak. Alegia, nagusitasun egoeran dagoen hizkuntzak bere sendotasunari eusteko ez du hizkuntza trakets erabiltzea onartzen, eta ahulezia egoeran dagoen hizkuntzak, berriz, egoera hori gainditzeko eta hobetzeko hizkuntza trakets erabiltzea onartzen du eta bultzatzen du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere garaian sustatutako «Pixka bat es mucho» hura berehala gaitzetsi zuten hainbat euskaltzalek «Un poco da as(c)ko» itzulpena eta hitz-jokoa eginez.
Orain hurrena, Bilboko gaztelaniaren zulokotean jaio, bizi eta eskolak euskaldundu duen Aitor Zurdo gazteak horrela idatzi zuen Zuzeu agerkari digitalean: «Bilbon errealitate erdaldunak inguratu eta itotzen du euskara. (…) Edonola ere, euskararen borroka horretarako, nik beste slogan hau aukeratuko nuke: Elebakarra da, bide bakarra! (…) Euskara aldarrikapena baino, hiztunentzat komunikaziorako tresna naturalena izan behar da».
Eta bere senetik eta esperientziatik aurkitutako bidea proposatu digu Aitorrek: «Gutxi gorabehera ingelesarekin dugun egoerara heltzea, baina erdararekin. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez».
Maddalen Lujanbio bertsolariak, berriz, horrela azaldu du bide hori: «Marrazteko konpasak orratz bat izaten du, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoarekin. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago ireki ahal izango dugu zirkulua. Bada, hizkuntzarekin berdin. Guk orratza euskaran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta beldur gutxiago izango dugu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dugulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. (…) Era berean, iruditzen zait gure eleaniztasunaren zortea sentitu eta aldarrikatu behar dugula. Askotan arazotzat bizi dugu eleaniztasuna, ondoko hizkuntzak nagusiagoak direnez, beldur garelako gurea zurrupatuko ote duten, baina lortzen badugu euskara ardatzean finko lotzea ez daukagu ezeren beldurrik izan beharrik. Gu ez gara erdia; gu doblea gara, eta ez dugu zertan lotsatu».
Patxi Saez Beloki
Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea.