KOMUNIKAZIOA

Komunikazioari buruz hausnartzeko aspaldian irakurri nuen ipuin bat:

Basoan bizi nintzen. Basoa nere etxea zen, eta horrela zaintzen nuen. Dena oso txukun izaten saiatzen nintzen, garbi, garbia. Animalien lagun, landareak ere maite nituen.

Egun batean, mendizale batzuek utzitako zaborra biltzen ari nintzela, oinotsak entzun nituen, eta haritzondo baten atzean izkutatu nintzen.

Handik, oso era berezian jantzitako neska bat ikusi nuen. Dena gorriz, eta burua estalita, bere burua izkutatu nahiko balu bezala.

Izkutalekutik irten, eta galdezka hasi nintzen: ea nor zen, nongoa, nora zihoan, nondik zetorren…

Berak, poz pozik, askaltzera bere amatxiren etxera zihoala esan zidan.

Pertsona zintzoa iruditu zitzaidan, baina nere etxean zegoen, inolako konturik izan gabe, eta , gainera, susmagarria iruditu zitzaidan, bere arropa arraro horrekin; eta horrela etortzea, hain arriskutsua izan zitekeen nire basora…

Ez dakit, ikasgai bat ikasi behar zuela iruditu zitzaidan une horretan.

Bere bidea jarraitzen utzi nuen, baina ni bere amatxiren etxera joan nintzen, bidezidor batetik ziztu bizian,.

Etxera iritsi nintzenean, amonatxo bat topatu nuen. Agurtu, eta gertatutakoa kontatu nion. Bera bat etorri zen nerekin, bere bilobak eskarmentua merezi zuela, eta ados jarri ginen.

Izkutatuko zen, eta nik deitu arte, ez zen berriz agertuko. Eta ohatzearen azpian izkutatu egin zen.

Neskatoa iritsi baino lehen, amatxiren arropekin jantzi nintzen, eta ohatzean sartu.

Etxean sartu zenean, logelara etorri, eta nirekin hasi zen hizketan.

Gorrituta zetorren, eta nire belarriei buruz zerbait desatsegina esan zuen.

Aurretik iraindua izan naiz, hortaz, adeitsua izaten saiatu nintzen, eta nere belarri handiak berari hobe entzuteko zirela esan nion.

Nik neska gustuko nuen, baina berak, nere begiei buruz zerbait iraingarria esan zuen. Ulertuko duzue ni gaizki sentitzen hasi izana.

Neska polita zirudien, baina zakarra zen oso.

Hala ere, beste masaila jartzearen politikari jarraituz, nere begiek bera hobe ikusteko laguntzen zidatela esan nion.

Baina bere hurrengo irainak sutan jarri ninduen.

Beti arazoak izan ditut ditudan hortzengatik, oso handiak direlako. Beraz, bere komentario iraingarriak entzun, eta pentsatu gabe, ohatzetik atera eta hortzak erakutsiz , orroa bota nion, hortzak bera hobe jateko zirela esanaz.

Badakit nere burua atzera bota behar nuela, baina…

Hala ere, serioak izan gaitezen.

Jende guztiak badaki ez dela munduan neska bat jateko gai den otsorik!

Baina neskato zoro hori, korrika batean hasi zen logelan zehar, oihuka, eta ni bere atzetik, lasaitu nahian, txantxetan ari nintzela.

Bat-batean, atea zabaldu zen, eta itzelezko aizkora zeraman aizkolari bat agertu zen.

Ni, arriskuan nengoela konturatu nintzen, eta lehiotik salto egin eta ihes egin nuen.

Gustatuko litzaidake zuei hau istorioaren bukaera dela esatea. Baina zoritxarrez ez da horrela.

Amatxik ez zuen istorioaren nire partea kontatu, eta berehala ni gaizkilea nintzeneko ustea zabaldu zen.

Eta mundu guztia hasi zen ni saihesten.

Ez dakit zer gertatu ote zitzaion neskato desatsegin hari, baina ni sekulan ere ez naiz berriz zoriontsu sentitu.

Eztabaidetan, gure arrazoiak edo “gure egiak” izanen ditugu, baina besteek, ez dute beraiena ere izanen…