MARIA

Madrilgo neskatila bat eskolara joaten zen. Goizerdian, momentu jakin batean, maistrak zera esan zuen:

-Tira, mutikoak, denak jostatzera!

Orduan, neskatila hura eserita gelditu zen bere aulkian.

Maistrak esan zion:

-Maria, zergatik ez zara joan kanpora, jostalekura?

Mariak honela erantzun zion:

-Andereño, zuk esan duzu “mutikoak” ateratzeko.

Irakasleak berriz:

-Maria, “mutikoak” diodanean, “neskak eta mutikoak” esan nahi dut.

Ostiraletan, azken orduetan, jarduera fisikoak egiten ziren, eta maistrak honako hauxe esan zien:

-Aizue, futbolean jokatu nahi duzuen mutikook, altxatu eskua!

Eta Mariak arrunt pozik altxatu zuen eskua.

Baina, maistrak orduan esan zion:

-Maria, futbolean mutikoak aritzen dira, neskatilak ez!

Eta hortxe sortzen da intuizio femeninoa esaten dena.

Emakumezkook bizitza osoa eman behar izaten dugu asmatzen ea noiz gauden sartuta unibertso maskulino horretan eta noiz ez.

Teresa Meana.

Itzulpena: Xanti Begiristain Madotz.