Gereziondoa, guztiok ezagutzen dugun fruta-arbola ederra da. Zortzi metro goierakoa izan daiteke. Hosto erorkorreko zuhaitza (kaduzifolioa). Azala grisaxka, leuna, denborarekin arraildu eta belztu egiten da. Aldizkako hostoak, akuminatuak, obalatuak, zerradunak, gainaldea berde iluna eta glabroa, azpialdea pubeszentea. Peziolo luzekoak. Orriak eta pezioloak bat egiten duten lekuan bi guruin usaintsuak, gorrixkak edo beltzaxkak sortzen dira. Udaberrian loratzen da. Infloreszentziak faszikulu unbeliformeak dira, 2-6 lore sorta zuri-zuriak. Fruitua drupa (gerezia), mamitsua eta biribila, gozoa edo garratza barietatearen arabera, urtsua. Udaberrian lore zuriz jantzita, eta udaren hasieran fruitu gorriz, gereziondoa eder, zoragarria aurkezten zaigu.
José María de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) dio gerezia (gereziya) Prunus cerasus dela, eta Cerasus, hitz latinetik datorrela. Izan ere, Lucio Licinio Lúculo (k.a.118-k.a.56) Erromako politiko eta militar boteretsuak Cerasonte (Asia Txikia) hiritik ekarri zuen landarea. Hortik cerasus (Cerasonte) izena. Prunus avium, berriz, gaztelaniaz, cerezo de monte, cerezo silvestre dela, eta euskaraz cherri gereziya dela, txerrien bazka zelako. Halaber, Lacoizquetak dio ebanistek gereziondoaren zura, nahiz hezetasunarekiko oso sentikorra izan, estimu handitan dutela.
Gereziondoa historiaurretik ezagutzen da. Jatorria, Asia Txikian omen du. Agian, hegazti migratzaileek ekarri zuten Europara. Mediterraneo inguruan, Antzinarotik, ezaguna eta preziatua da. Gereziondo barietate gehinak Prunus avium espezietik datoz. Grekoek eta erromatarrek landatu zuten eta horren laborantza hedatu zuten, baita gerezi barietate berriak sortu ere, txertatze-teknikak ondo ezagutzen zituztelako.
Egun, gereziondoa mundu guztian ezaguna da. Italia, Turkia, Iran, Estatu Batuak, Espainia, Alemania, Errusia, Frantzia, Rumania, Libano… Estatu-ekoizle handiak dira.
Bai ederrak direla Etxauriko eta Milagroko gereziondoen loraldi zuria udaberrian, eta gereziondoen hosto okre gorri hori ilunak udazkenean!
Gereziondoa, fruta-arbola moduan, landatu egiten da. Basalandarea ere bada: barra-barra, beste zuhaitz desberdinen artean, lur azidoetan, igeltsuetan eta kareharrizkoetan sortzen da.
Gereziak potasio, magnesio eta beste elementutan aberatsak dira. Kaloria gutxi dute. Sabela mugitzen dute. Zuhaitzetik hartu berriak zein konpota edo marmeladaz, gereziak oso gozoak dira. Aparteko ahogozagarriak. Halaber, gerezi-likoreak oso ezagunak dira, gingarenak batez ere. Gerezi-mota asko daude, mila bat barietate nonbait. Gereziaren azalaren kolorea ere gorri-tonu askotakoa da.
Hau guztia gutxi bailitzan, gerezien txortenak pixeragile bikainak dira, eta infusioz zein egosiz, Euskal Herrian oso erabiliak. Izan ere, txortenak eragin diuretikoa duten potasio-gatzetan eta flabonoidetan oso aberatsak dira.
Bibliografian esaten da fruituen pedunkuluen (gerezien txortenak) egosketak, tinturak edo estraktuak eragin diuretikoa dutela. Hori dela eta, gernu-aparatuko infekzioak, hiperuricemia, hezueria, hipertentsio arteriala eta edemak tratatzeko hartzen dira, baita likido-atxikipenaren ondorioz gertatzen den gehiegizko pisua tratatzeko ere. Halaber, txortenek dituzten deribatu salizilikoek eragin febrifugoa eta analgesikoa dute eta gripearen eta hotzeriaren aurka erabiltzen dira.
Pello Iturria Sarasibar