Egunerokotasunaren gatibuak direnen ahotsak atzematen ditut urruntasunean. Maiz hitz egiten dute askatasunari buruz, mundua bere osotasunean sentitzeko irrikan. Aleak! Esku–eskuan dute haiek sartu diren kaioletatik ateratzea, zentzumenak mugatzen dituzten burdin barrak suntsitzea eta itsutasun nabarmen horretatik irtetea.
Goiz–goizean ekialdetik agertzen diren eguzki izpiek esnatzen naute. Gero, haize dantzariak gogor astintzen nau, berarekin batera basoko musika konposatzeko. Doinu horren erritmora jarduten gara. Gora eta behera, sustraietatik hodeietara; ilargia eguzkiaren tokia hartzen duen momenturaino. Udako gauaren iluntasunean, katarsia. Mundua lo gelditzen da izarren sehaska–kanta jasan ezinik eta gutxika begiak ixten ditut. Egunak joan egunak etorri, amesgaizto batean murgilduta nagoela dirudi. Mugitu ezinik, lotuta. Konturatu barik, nire kaiolaren sakontasunera moldatzen nabil, ohitzen.
Zerua zuri dago. Ideia barik gelditzen den idazle baten koadernoa moduan, hutsik. Gertakari honek esnatu nau, borrokatzeko nahiak berpizten. Zeozer aldatzen dabil, zerua irekita ikusten dut! Oraingoan, korronte gogorrak datorz, lehian egongo balira bezala. Hotza nabarmena da gainera, aurpegia izozten dizun modukoa. Ziur nago, udazkena da. Haize boladekin batera, itxaropena dakarren urtaroa.
Jesus batean, guztiz aske sentitzen naiz. Ez dakit zer izan den, udazkenaren adorea ala adar horretatik ihes egiteko gogoa, baina aldi honetan ez dut haizearen dantza jarraitu behar. Hegan nabil, nire kabuz.
Kaiola urrun dago jada. Luzaroan ibili naiz toki batetik bestera haizearen norabidea jarraitzen, nora ezean. Mapetan galduta baina neure buruarekin guztiz aurkitua.
Estekadurekin amaitzeko ez da zertan ihes egin behar. Askatasuna, hitzetan atxilotua dagoelako. Amesten eta arnasten dugulako. Askea delako, iheslaria. Aske izateko, aske sentitu behar da. Nahiz eta batzuetan, sustrai sendoak izan.