ERNE ETA ADI!

Nik ez dakit gainerako pertsonak ohartzen ote diren, baina, neronek behinik behin, egunero-egunero entzuten eta ikusten ditut euskarazko hitzak eta abar, oso gomendagarriak ez direnak, bai hedabideetan eta baita pertsona erreferentzialek esanak ere. Testu honek helburu pedagogiko eta didaktiko hutsa du, besterik ez. Gaur hitz hauexek hartuko ditut: sakabanaketa eta dispertsioa.

Bai, biak existitzen dira eta egokiak ditugu, baina bakoitza bere arloan. Hona hemen, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren definizioak eta adibide batzuk:

sakabanaketa iz. Sakabanatzea. Zazpi hautagai aurkeztu dira, asko, eta horrek botoen sakabanaketa ekarri du. Presoen sakabanaketak sufrimendua besterik ez dakar.

dispertsio 1 iz. Fis. Argi izpi bat, errefrakzioz, espektroaren koloreetan banatzea.

2 iz. Kim. Gai batek eta barnean era uniformean sakabanaturik daukan beste gai batek osatzen duten sistema.

Hori ikusita, uste dut guztiz garbi gelditzen dela, hauek bezalako esaldiak ez direla egokiak: “preso politikoen dispertsioari bukaera eman behar zaio” edota “preso politikoen dispertsioari ez” eta abar.

Norberak ikus dezala modu egokian ala desegokian erabiltzen duen. Sarri arte.