Inexa Gaxen 1566an sortu zen Baxenabarreko Bastida herrian, Gaxen auzategian, hain zuzen, eta hortik datorkio deitura. Ttipi-ttipitatik belarren indarrak eta ahalmenak ikasten ahalegindu zen. Hori ez zen haren familiaren gustukoa izan, eta hamalau urte zituelarik, aitak etxetik igorri zuen eta Lapurdiko Hendaiara bidali. Hendaian bizi zela, sendabelarren jakintza zabaltzen eta praktikatzen jarraitu zuen.
Garai haiek korapilatsu samarrak ziren. Joana Albretekoaren semea, Nafarroako Henrike IIIa, Frantziako IVa bilakatua zen eta aginduak Parisetik ematen zituen, erresuma zaharra arras ahantzia. Henrike IIIa protestantismoan hezia izan bazen ere, Frantziako errege-kadiran eseri ahal izateko katolizismora bihurtua zen. Lapurdiko jauntxoak, Urtubiako eta Senpereko jaunak, hor zebiltzan heien boterea handitu nahian, eta Lapurdiko Biltzarraren aurka eginez, eta hori dela eta, Henrike III.ari Lapurdin sorginak nonahi zeudela jakinarazi zioten eta heien kontrako epaile bat igor zezala eskatu. Eta horrela egin zuen, Lapurdira De Lancre epaile fanatiko eta odoltsua igorriz. Datu zehatzik ez bada ere, badirudi epaile honek hiru mila pertsona inguru galdekatu eta torturatu zituela, eta pertsona ainitz, emakumeak gehien bat, su-metetan erre. Hainbat ikerlarik seiehun bat izan zirela diote.
Inexa Gaxen Kukuxumuxu-ren marrazkian
Egoera politiko horretan kokatu beharra daukagu Inexa Gaxeni gertatu zitzaiona. Hendaiara iritsi bezain laster, haren belargile ospea berehala zabaldu zen. Herritarrek maiz harengana jotzen zuten gaitzen kontrako belar-urak eta ukenduak galdatuz eta bestelako faboreak eskatuz. Hastapenetatik Tristan Urtubia eta Altzate, Urtubiako jauna, gibeletik ibili zitzaion. Jauntxo honek erregearen esker ona bereganatu nahian, emazte ainitzen aurka egin zuen sorginak zirelakoan, eta horixe bera egin zuen Inexarekin. 1609an, Inexak hemezortzi urte zituela, atxilotu eta zulo batean preso eduki zuen. Torturatu ondoren Akizeko presondegira igorri zuen eta han Bordeleko Parlamentuak zuen epaitu. Harrigarria bada ere, ez zuten haren kontrako frogarik topatu eta libre utzi zuten. Hala eta guztiz ere, Urtubiako jaunaren aginduz egin zizkioten torturetatik ez zen inoiz ongi osatu, eta bizitza osorako aztarnak gelditu zitzaizkion.
Hendaiara itzuli zelarik, Bidasoa ibaiaren beste aldera iragatea deliberatu eta egin zuen. Hogei urtez Irunen bizi izan zen. Geroxeago Hondarribira pasatu zen, eta bertan Pedro Sanz soldaduarekin ezkondu. Honekin alaba bat izan zuen. Hondarribian zazpi urtez bizi izan zen. 1611ko maiatzaren 6an, atxilotu zuten, berriz ere. Aitzineko urtean Logroñoko auzia izan zen Zugarramurdiko sorginen aurka, eta hori herritarren gogoan ongi sustraiturik zegoen. Jendeak bekaizkeriaz, gorrotoz edota diruzalekeriaz auzoak salatzen zituen, sorginak zirelakoan, eta hori gertatu zen Hondarribian aipatu urtean. Salatuak bost emazte izan ziren: Maria Etxegarai, Maria Garro, Maria Illarra, Katalina Bereasarra, Maria Oianguren eta Inexa Gaxen. Horietako hiru Iparraldean sortuak ziren.
Inkisizioaren torturak
Zortzi, hamar eta hamahiru urteko hiru haurren testigantza inozoaren arabera, emazte hauek Jaizkibel mendiko akelarreetan parte hartzen zuten, eta Hondarribiko ume zein heldu ugari, sorgindurik, bilkura horietara eramaten omen zituzten. Akelarreetan azti-hitzak egiten zituzten eta horien erruz, hondoratu omen ziren hainbat itsasontzi Pasaiako badian eta arrantza kostaldetik urrundu. Gainerako emazteek heien kontrako salaketak onartu zituzten, su-metako garretatik libratu ahal izateko. Garai hartan, damutuz gero ez zituzten jadanik erretzen, bestelako zigorrak ematen zizkieten. Hala eta guztiz ere, Inexa Gaxenek haren kontrako salaketei uko egin zien beti, asmazioak zirela erranez.
Hondarribiko epaileek auzia Logroñoko Inkisizioaren esku utzi zuten. Hilabeteak behar izan ziren epaiketa egiteko eta bitartean, Hondarribian preso eduki zituzten ziega batean era guztietako umilazioak eta torturak eginez. Hil luze batzuen buruan, Alonso Salazar, Espainiako Inkisizio Burua Hondarribira joan zen eta Inexa eta gainerako emakumeak zituen itaundu. Inexa Gaxenek garbi aitortu zion belarrekin sendagaiak, ukenduak eta pozoiak egiten zituela, baina sorgina ez zela argi eta garbi erran zion. Inkisidoreak sinetsi eta libre utzi zuen.
Malleus maleficarum 1486
Hondarribiko agintari eta herritarrek ez zuten ongi hartu inkisidorearen erabakia. Sekulako haserrea piztu zen herrian eta azkenean, 1611ko urrian, sei emazteak gabarra batean sartu eta Hendaiara bidali zituzten. Horietako bat, Maria Garro, hurrengo urtean itzuli zen Joanes Lizardi senarrarekin bizitzeko. Preso hartu zuten eta kartzelan sartu. Bertan hil zen emandako torturen eraginez.
Inexa Gaxeni dagokionez, arrastoa galtzen zaio gabarraz Hendaiara igorri zutenean. Ez dakigu deus gehiago emazte adoretsu horretaz. Non bizi izan zen hortik aitzina? Bildu ote zen senarra eta alabarekin? Guretzat erantzunik gabeko galderak dira. Agian, ikerlari gazteen eskutik, datu berriak atzemanen ditugu hortik aitzina Inexa Gaxenekin gertatu zena jakiteko. Bitartean, hementxe bukatu behar dugu gure kontakizuna. Euskaldunok badugu zer ikasi eta zer gureganatu halako emakume kementsu baten aitzinean. Agur eta ohore Bastidako Inexa emazte libre eta adoretsuari!