Leiho batek mugatutako koadroa
mundu oso bat delakoan,
gurpilen gainean bizitza
erosoagoa dela sinetsi nahian,
kristalaz bestaldean eraikiriko paisana jendetsuak
zinez paisaiak direlako ustean,
aurrekoaren besaulkiaren eta nire arteko espazio itogarriak
nire pentsamendu oro itoko duen beldurrez,
besteren baten gidaritzapean ibiltzea
menpekoa ala bideratua izatea den zalantzan
nago
noa
nabil.
Bizi naiz.
Autobuseko leihoak bizitzaren eskaparatea
erakusten didanetan,
bizitza martxan jarri denetik badoala
sentitzen dudanetan,
galde-ikurrak marrazten dira
beirateko bizitza honetan,
zalantzak, beldurrak, gogoetak…
datozkit gogora,
orain arte goitik behera
eraikiriko bizitza hau
hasperen batez
eraisten dutenak.
Ez dakit ni noan haiengana
edo haiek nigana,
badakit topo egiten dugula
elkarren koxka, oztopo bihurturik,
elkarri norbere bidea itxirik
elkar gainditu ezean,
errealitateak beldurra,
beldurrak errealitatea,
bizitzak ni,
nik bizitza.
Mundu lau bat dakusat
gailurrik eta zulorik bakoa,
mundu ikaragarri bat
hain handi den gizakiak
bere itzal bihurtu duena,
parkeko harlauza baten erdian hazitako zuhaitzak
natural itxura ematen dion mundua.
Leihopetik mundu iheskor bat dakusat
atzean uzten dugula iruditu arren,
aurretik garamatzana.