Aurreko urteetan bezalaxe, urte hartan ere, udaberriaren etorrerarekin, karnaba bikote batek baserri ondoko sagarrondo batean egin zuen bere habia. Udaberria aurrera zihoan eta, ondorioz, uda iristear zegoen. Horregatik, habiako txitak dagoeneko jaiota zeuden eta martxa politean ari ziren hazten.
Manex hantxe zebilen jirabiraka; inola ere ez zitzaion oharkabean pasatu gertaera hura. Alderantziz, ordurako bere kalkuluak egiten hasita zegoen, baina arazo larri bat zuen, alegia, joan den urteko bi porrotak oso presente baitzeuzkan buruan, lehendabizikoa, txorikumeak katuek jan zizkiotenekoa, eta, bigarrena, txoritxoak ekaitzak bustita akabatu zituenekoa. Oraingo honetan ez zituen akats berberak errepikatu nahi, eta, horrexegatik, hain zuzen ere, ari zen bere buruan konponbidea pentsatzen, eragozpen horiei aterabide egokiren bat aurkitu nahian.
Katuen arriskua, nolabait esan liteke asmatu zuela saihesten, hau da, kaiola adar mehe eta iristeko zaila zen batean zintzilikatuz. Eta, ekaitzen arriskua ekiditeko zera bururatu zitzaion, hots, kaiolari plastikozko azala ongi-ongi jarri eta horrela, euri eta kazkabar jasa bortitzak botako balitu ere, txorikumeak busti ez eta aurrera aterako lirateke.
Pentsatu eta egin. Denbora gutxiren buruan, kaiola plastikoz oso ongi bilduta zeukan. Kaiolaren alde batean, hala ere, leihotxo moduko bat utzi zion, alegia, tarte txiki horretan ez zion plastikorik jarri, txori gurasoek janaria eta edaria handik eman ahal izateko.
Beti bezalaxe, Manex momenturik egokienaren zain gelditu zen, eta, azkenean, noizbait, aukerako unea iritsi zela iritzi zionean, denborarik batere galdu gabe, han ekin zion lanari. Txorikumeen gurasoak habiatik urruti zirenean, janari bila joanda-edo, atondutako kaiola hartu, sagarrondora igo, habiaraino hurbildu, txoritxoak harrapatu, kaiolan sartu, eta azkeneko hau, hau da, kaiola, mutikoari iruditu zitzaion adarrik egokien eta txukunenean ezarri zuen, betiere katuentzat helezina zelakoan. Den-dena ongi egina ote zeukan ziurtatzeko, azken begiratu azkarra egin eta zuhaitzetik presaka jaitsi zen, txori gurasoek harrapa ez zezaten. Behin lurrean, eta baserri ondotik ere, berriz ere errepaso arin bat egin zien balizko oztopo guztiei, txori gurasoek ikusi gabe, noski: kaiola plastikoz ongi bilduta zeukan barrukoak ez bustitzeko, eta txorikumeak oso adar eskuragaitzean ezarri zuen, katuek ezin harrapa zitzaten.
Horiek horrela, Manex momentuz, lasai eta bare gelditu zen. Orain txoritxoak nola hazten ziren ikusi, besterik ez zeukan.
Egunak eta asteak aurrera zihoazen, eta txorikumeak ere era berean ari ziren handitzen: ongi eta lodi.
Uztail hasierako egun bat, ordea, oso bero argitu zuen: hego-haize errea, sargori itogarria, eta, bero sapa eta itsaskorra. Gainera, denborak aurrera egin ahala, orduan eta gehiago berotzen zuen. Eguerdirako 30ºC gutxienez izanen ziren, eta, bazkalondoan are eta gehiago oraindik; 35ºC hortxe-hortxe ibiliko ziren.
Manexek ez zuen bere burua gehiegi kezkatu nahi, baina, hala eta guztiz ere, unetxoren batez burutik pasatu zitzaion, bero kiskalgarri hura agian arriskutsua izan litekeela txori txiki haientzat. Susmo txar hura hartuta, ilunabarra baino lehen ezinegonean eta urduri zegoen, eta, kezka hark bultzatuta sagarrondo aldera jo zuen. Lurretik begiratu eta behatu egin zuen, bai, baina kaiolan ez zuen mugimendurik sumatu, ez plastikoan zehar, ez eta plastikoan egindako leihotxoan ere. Handik gutxira, guraso bat joan zen kaiolara mokoan janaria zeramala, baina orduan ere mutikoak ez zuen deus ere ikusi, ez bururik, ez mokorik, ez hegalik, ez isatsik, batere ez! Horrek oso irudipen txarra ekarri zion mutiko urdurituari. Azkenik, beste gurasoa ere etorri eta lehenengoak egindako gauza bera egin zuen hark ere, baina, berdin, inolako mugimendurik ez!
Hori ikusita, baserritar txikia larriturik eta egonezinik, deabruak hartu izan balu bezala, zuhaitzera hurbildu eta hartara igotzeari ekin zion jo eta su. Kaiolara hurbildu ahala, txori gurasoek izututa alde egin zuten zalapartaka. Aida batean iritsi zen Manex gora. Han ikusi zuenak, ordea, egundoko samindura eta atsekabea eman zizkion. Txorikume guztiak tripaz gora hilda zeuden, beroak itota, plastikoaren eraginez, neurri handi batean behinik behin. Hartutako bihozminarekin, mutikoa ia-ia hankaz gora joan zen goitik behera lurreraino, oreka galduta.
Negarrez eta zeharo nahigabetuta, hantxe gelditu zen atsekabeturik, kaiola ondoan, bere dolua pasatzen.