HIZKUNTZAKERIAREN PIZTIJENDEA

Haserretu egin dira Madrilen. Berde koloreko bihurtzerainoko haserreak hartu ditu Espainiako hiriburuko egunkari eta politikariak. Amorru bizian jarritako Hulk piztia erraldoi beldurgarriak egindako marru eta orroen parekoak zabaldu dituzte Madrildik munduko lau haizetara.

Kataluniako molt honorable berriak, Quim Torra president jaunak, orain hamar urte, La llengua i les bèsties artikulua idatzi eta argitaratu zuen katalanaren aurkako hizkuntza bazterketa salatzeko. Artikuluan katalanari eraso eta kalte egiteko helburua zuen kexa baten salaketa egin zuen Torra jaunak. Kexaren arrazoia, berriz, katalanaren erabilera hegazkinetan: kexugileak ez zuen katalana hegazkinetan erabiltzerik nahi.

Torra jaunak, artikulu hartan, Espainiako politikari kexugileak azaldutako hizkuntzakeria eta katalantasunaren aurkako gorrotoa salatzeko, txikitan anai-arreba guztiek gurasoen etxean irakurrita zeukaten alegiazko ipuin liburu bat hartu zuen abiaburu, De quan les bèsties parlaven, Manuel Folch i Torres idazlearena. Animalia eta piztijendeari buruzko metaforaz, hiperonimoz eta hiperbolez betetako ipuin liburua.

Hortik, Espainia aldeko hainbat hedabide eta politikari sutan jarri dira Generalitateko president berriak, Kataluniako hizkuntzari gorroto dioten espainiarren salaketa egiteko, hizkuntzakeriaren piztia, hainbat espainiarrek katalanari dioten gorroto horren piztia, beren baitan, barru-barruan, daramatela esan zuelako. Azken batean, artikulu hartan, katalantasunaren aurkako «piztijendea» hartu zuelako eztabaida-gai.

Euskararen aurkako piztijendea ere bada gurean. Euskarari gorroto itsua dion jendea. Euskararen edozein arrasto ikusi eta entzuten dutenean begi-belarriak mintzen zaizkion jendea. Euskara zerri-askara bidali nahi duen jendea. Gure artean bizi dugu jende hori. Eta beti, bat eta bakarra da euskara baztertzeko erabiltzen duten estrategia: baztertzaile horiek baztertu gisa, kaltetu gisa, azaltzen dute beren burua.

Ana Beltranek, Nafarroako PPko legebiltzarkideak, honela jardun zuen 2018ko apirilaren 17an: «Beste zeregin asko ditugu, euskararekin denbora galtzen ibiltzeko. Nafarroan %7k baino gutxiagok erabiltzen dute euskara, eta Iruñean ia hutsaren hurrengoa da euskararen presentzia. Europako hizkuntza gutxituen ituna bihurtu da abertzaleen salbamendu taula bakarra. Eta orain, itun horrek diolako, euskararen ofizialtasuna ezarri behar al dugu? Gehiengoaren eskubideak dira errespetatu eta lehenetsi behar ditugunak. Eremu mistoan edo ez-euskaldunean agiri ofizialak euskaraz irakurri behar izatea, hori ez al da inposizioa? Eta are okerragoa dena, euskarazko bertsioa gaztelaniaren gainetik jartzen dute… hori bidezkoa iruditzen zaizue?». Agiriak euskaraz eta gaztelaniaz azaltzea, bi hizkuntzetan azaltzea, euskararen «inposizioa» omen da Beltran andrearentzat. Jakina, euskara kenduta ez dute «inor» baztertzen.

Enrique Maiak, Iruñeko alkate ohiak eta egungo UPNko zinegotziak, honela zioen 2018ko urtarrilaren 11n Iruñeko Udalak merkataritzan eginiko inkesta soziolinguistikoari buruz: «Lauko gobernukoek esanen dute inkesta hutsa dela. Niretzat, nazismoa da saltokiak markatzea. Hitlerren garaian, juduak markatzen zituzten; orain, euskaraz jakiteagatik edo ez jakiteagatik markatzen zaituzte».

Ez harritu eta ez larritu datorren udazkenean Euskal Herri osoko 340 herri baino gehiagotan egingo den Euskaraldiarengatik antzeko zerbait esaten badute, izan ere, ahobiziak eta belarriprestak txapa baten bidez identifikatzea baino hitlerkeria eta holokausto handiagorik ba al da?

Baina, gehienetan, gizajende arrunta da hizkuntzakeriaren piztia bere baitan daraman jendea, gure etxepeko bizilaguna edota gure enpresako lankideak, departamenduburua nahiz gerentea.

Bere buruaren eta bere enpresaren berri ematerik ez duen langile euskaldun batek lantokian euskararekin gertatutakoa salatu zuen Twitter harreman sarean 2018ko otsailaren 23an: «Ezin dut esan enpresaren izena. ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresa) baten bidez nago, departamenduan beste guztiak bezala. Kalitatezko laborategi batean. Enpresaren izena esango banu, ez nindukete gehiago deituko».

Hauxe da egindako salaketa:

«Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dut lan. Aste honetan, enpresara neska gazte bat etorri da, praktiketan, euskalduna. Bion artean, mintegian bakarrik gaudenean, euskaraz hitz egiten dugu, eta beste norbait etortzen denean, gaztelerara aldatzen dugu, enpresan gaztelera erabiltzen baita.

Beno, ba gaur departamenduburuak, eguna amaitu baino lehen, gerenteak gurekin bildu nahi zuela esan digu. Bere bulegora zuzenean joan gara. Zer esan digu? Gure artean euskaraz ezin dugula hitz egin, bakarrik egon arren.

“Baliteke norbait entzuten egotea zuek jakin gabe, eta zer esaten duzuen jakin behar du. Euskaraz ezin duzue hitz egin lantokian.”

Kotxean, etxerako bidean, oraindik haserre, ea zenbat enpresatan antzerako egoerak emango diren pentsatzen jarri naiz».

Christiane Taubirak, Frantziako François Hollande presidente sozialistaren justizia ministroak, inkesta bat egiteko agindu zuen jakin ahal izateko ea Frantziako populazioak ontzat ematen al zuen lantokian bi lagunek elkarrekin ‘erregioko’ hizkuntzan hitz egitea.

Irlandan ere, iazko irailean, gaelikoaren aldeko elkarteek errepublikako bigarren hiririk jendetsuena den Corkeko pub baten aurkako protesta antolatu zuten, nagusiak zerbitzari bati lanean gaelikoz egitea debekatu ziolako.

Horrelakorik ez gertatzeko Galesko Hizkuntz Komisarioaren bulegoa zabaldu zuen Galesko Gobernuak 2012ko apirilaren 1ean eta, orain bi urte, 2016an, urrats garrantzitsuak eman zituen: langile jendeari legezko eskubide osoa aitortu zion gaelera lanean erabiltzeko. Lehenengo aldiz langile talde batek lanean gaeleraz egin nahi badu, langile horiek badute legezko babes bat eta isunak ezar daitezke eskubide hori betetzen ez bada.

Hizkuntzakeria ez da arazo linguistikoa, soziala baizik. Hizkuntzakeriaren piztia jende askoren baitan bizi da, eta piztijende horrek beti jokatzen du hizkuntza hegemonikoaren alde eta gutxituaren aurka. Gehienetan, gainera, egiten ari diren kaltearen jakinaren gainean direlarik.

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea)