MANEX BERRIZ KAIOLAREKIN

Denborak ez dauka galgarik eta uda hark ere aurrera jarraitu zuen. Bitartean, Manexek entretenimendu asko aurkitzen zituen baserrian eta bere inguruetan, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan familiakoekin.

Eskarmentuagatik ongi asko zekien karnaba batzuek habia beranduxeago ere egin ahal zutela. Horrenbestez, posibilitate hori ere ez zuen baztertzen, eta, badaezpada ere, beti errekamaran presente edukitzen zuen posibilitate hori. Zer gerta ere, arreta handiz miatzen zituen etxe inguruko zuhaitzetako mugimenduak, eta horrela, zorioneko egun batean ohartu zen beste sagarrondo batean, karnaba bikote batek dagoeneko habia atondua zeukala, txukun-txukun. Auskalo aurreko bikote berbera ote zen ala beste berri bat, baina kontu da habia hantxe zegoela eta oso dotore gainera.

Ohiko moduan, oraingo aldian ere, Manexek hurbiletik jarraitu zituen habia haren gorabehera guztiak, eta hala, une pozgarri batean konturatu zen txorikumeak koxkortu xamar zeudela. Berriz ere ahalegintzeko momentua zen.

Ordurako, mutikoak makina bat buelta eman zion bere buruan azken ezbeharrari, alegia, bero handiegiaren arriskuari. Pentsatu eta pentsatu, posibilitate bat probatzea erabaki zuen, hau da, kaiolako plastiko azpian kartoi iluna jartzea, horrela txoritxoei itzal handiagoa egiteko. Plastiko eta kartoiari leku batzuetan, alboetan, jakina, zulotxo batzuk ere egin zizkien, haizea errazago pasa zedin eta txitatxoak freskoago egon zitezen.

Horiek horrela, eta ustez arriskurik handien guztiei konponbidea pentsatu eta jarrita, sagarrondo aldera joan zen egokitutako kaiola eskuan harturik, laugarren aldiz saiatzera.

Prozedura guztia aurrekoetan bezalaxe egin zuen, hots, ezkutuan arbolara igo, habiara isilik hurbildu, txoritxoak hartu eta kaiolan sartu, atetxoa ongi-ongi itxi, eta, azkena eta garrantzizkoenetako bat, kaiola adar egoki batean zintzilikatu, katuek hegaztitxoak ezin zitzaten harrapatu, eta, aldi berean, kaiola toki itzaltsu batean geldi zedin.

Ingeniari on baten moduan, xehetasun guzti-guztiak ongi hausnartu eta konponbidea emana zelakoan, kaiola han utzi zuen bere biztanle txikiekin, gurasoak itzuli baino lehen. Orain itxoin beharra zegoen, ea zoriak zer berri ekartzen zizkion bukaera aldean, albiste onak ala txarrak.

Egunak joan egunak etorri, Manex beti erne eta adi; gertutik jarraitu zuen bilakaera guztia. Tartean, noiz edo noiz, etxeko katuren bat ikusi zuen kaiolaraino iritsi nahian, baina ezin. Ekaitzak eta zaparradak ere izan ziren noizbait, baina horietatik ere bizirik atera ziren karnabatxoak. Eta azkenik, egun sargori eta itogarriak ere gertatu ziren aste haietan zehar, baina ikusten denez, azken asmakizunak ere funtzionatu zuen, eta proba gogor hura ere gainditu egin zuten hegazti txikiek.

Azkenik, aste batzuen buruan, mutikoak erabaki zuen kaiola jaso eta etxera eramatea, txori gaztetxoak beren kabuz jaten hasteko gai izanen zirelakoan, eta halaxe gertatu zen, baserrira eraman, kaiola barruan janaria eta hura paratu, eta handik gutxira, beren gisara ederki hasi ziren jaten eta elikatzen.