Astakamamila, Santolina chamaecyparissus L. Asteraceae. Abrótano hembra deitzen zaio gaztelaniaz. Beste herri-izenak ere baditu: manzanilla, manzanilla del monte, manzanilla basta, mandokamamila, manzanilla de burro, manzanilla de pastor, té, manzanilla vulgar eta abar. José María de Lacoizquetak dio landare honi, gaztelaniaz, besteak beste, santolina, abrótano hembra, yerba lombriquera, cupresillo, yerba piogera deitzen zaiola, eta euskaraz, chichari-belarra, eragin antihelmintikoa duelako (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888).
Landare honen zurtoinak emankorrak eta tenteak dira, iletsuak, goiko aldean izan ezik. Goiera 15-50 zentimetrokoa. Hostoak aldizkakoak, lerro-formakoak. Infloreszentziak kapitulu esferikoak, bakarka eta muturretan sortzen dira. Inbolukruak braktea asko ditu; braktea larrukarak loreen artean. Lore horiak eta glandularrak, horien txortenak tubularrak dira. Fruitua akenioa, 0,8-1 milimetrokoa, 3-5 saihets eta bi hegal estuak dituzte. Sastraketan, larre lehorretan, ezpondetan eta leku higatuetan sortzen da, guztiak gutxi-asko nitrofiloak.
Loreek flabonoide eta olio esentzial asko dituzte, hori dela eta, eragin espektoratzailea eta antiseptikoa (bronkitisa eta faringitisa), eragin antibakterianoa, antifungikoa eta antihelmintikoa (digestio aparatuko infekzioak eta parasitosiak), eragin karminatiboa, espasmo kontrakoa, hantura kontrakoa (urdail-hesteetako arazoak). Gosea ere egiten du bere zapore mikatzagatik. Bide topikoan, hantura kontrako eragina du eta antiseptikoa (konjuntibitisa, estomatitisa, blefaritisa, bulbobaginitisa, kandidiasia eta dermatomikosia).
Zenbait lekutan, loreen egosketaren ura ilea garbitzeko eta horitzeko erabiltzen da. Izan ere, kamamilak duen apigenina izeneko flabonoideak ile horiak zein gaztaina kolorekoak distiratsuagoak jartzen ditu. Kamamila-xanpua ere oso ezaguna da. Eragin bera lortzen da xanpu normal bati kamamilaren infusio-ura gaineratzen bazaio. Halaber, xanpua adatsean eman ondoren, sorturiko aparra, kamamilaren infusioaren urarekin kentzen bada.
Nafarroan, oro har, landare honi manzanilla deitzen zaio. Loreen infusioak zapore eta usain sendokoak dira, eta batez ere, digestio arazoei aurre egiteko erabiltzen dira, eta askotan, beste landarerekin batera. Baita lasaitzeko ere. Era berean, eguzkiak eragindako erredurak, azalaren narritadurak zein hanturak arintzeko kamamilaren infusioa eragin handikoa da. Infloreszentzia lehortuak erabiltzen dira.
Halaber, lo ezinaren kasuetan, burkoaren ondoan arrosaren petalo lehorrak, mitxoleta, lupuluaren eta astakamamilaren lore lehorrak jartzen dira lo egiteko orduan. Sendabelar horiek eragin lasaitzailea dute.
Zenbait lekutan, herritarrek astakamamila hartzen dute eskueran dutelako, baina jakin badakite mendi-arrasoetan, abereak bazkatzen diren zelaietan, besta kamamila barietate bat badagoela, gozoagoa eta eragin handiagokoa, esaterako, Urbasa mendilerroan dagoena, eta haren bila joaten dira uda garaian. Adiskide batek kontatu zidan bere amak esaten zuena: “la mejor manzanilla, sin duda, la de Urbasa”. Kamamila barietate hori Chamaemelum nobile (kamamila erromatarra, manzanilla romana, manzanilla fina, manzanilla verdadera) da. Bera eta astakamamila dira Nafarroan erabilienak. Zenbaitetan, kamamila erromatarra non jasotzen den huraxe du izena: Aralarko kamamila, Belateko kamamila, Monkayoko kamamila, Urbasako kamamila, Andiako kamamila, Mendaurreko kamamila eta abar.
Badirudi, bestalde, behinola, kamamila gehiago zegoela larretan. Dena den, hazteko ur nahikoa behar du. Uda garaian jasotzen da, eta erabili baino lehen, infloreszentziak ondo lehortu behar dira.
Era berean, zenbait kamamila-biltzailek, infloreszentzia lehortuak, anisean edo beste edari bizian beratzen jartzen dute. Prestakin horren zurrut txikiak hartzen dira urdail-hesteetako arazoei aurre egiteko. Halaber, kamamila horren infloreszentzia lehortuekin, olioarekin eta argizariarekin ukendu bat egiten da zauriak, pikortak eta erlakiztenak tratatzeko. Ukendu hori ere kamamilarekin eta beste zenbait sendabelarrekin nahasturik egiten da, berbena, baratxuria eta pasmo-belarrarekin esaterako. Era berean, kamamilaren infloreszentziekin, askotan berbenarekin eta pasmo-belarrarekin nahasturik, infusioa egiten da. Infusio horren ura aurpegiko pikortak tratatzeko erabiltzen da. Halaber, infloreszentziaren infusioak hartzen dira lasaitzeko eta buruko minari aurre egiteko. Era berean, belarritako minari aurre egiteko kamamila erromatarraren infusioa eta olioa berotzen dira zartagin batean. Prestakin hori iragazi, epeltzen utzi, eta tanta batzuk jartzen dira belarrian.
Kamamilaren infusioaren ura ere etxe-abereei (oiloak, ardiak eta beste) ematen zaie gaixotzen direnean.
Kamamila barietate asko daude. Sendatzeko erabilienak aipatutakoez gain, beste espezie bat bada, kamamilen artean, ezagunena, Chamomilla recutita L. (Asteraceae) hain zuzen. Kamamila, manzanilla dulce, manzanilla deitzen zaio. Hala ere, Nafarroan espezie hau gutxi jasotzen da, eta askotan, kontsumitzen dena, baratzetan landatutakoa izaten da, ez basokoa. Landare belarkara da, 10-50 zentimetrokoa, oso aromatikoa. Zurtoin tentea, glabroa, oso adartsua. Hosto alternoak, berdeak, pinnatisektoak, kapituluak muturretan, bakarka sortzen dira. Errezeptakulu konikoa. Kanpoko loreak, emeak, zuriak. Barrukoak, tubularrak, hermafroditak, horiak. Fruitua akenioa, 0,8-1 milimetrokoa, 4-5 saihets finak, ez nabarmenak, azpialdean. Soroetan, bide ertzetan, landu gabeko lurretan, belardietan eta lugorritan sortzen da. Europa zein Asiako iparraldean ateratzen da.
Landare horren loreek dituzten laktona seskiterpenikoek, muzilagoek, flabonoideek, kumarinek eta olio esentzialek infusioari zapore usaintsua eta mingotsa ematen dizkiote. Goian aipaturiko gaitz berak tratatzeko erabiltzen da.