MANEX SUKALDEAN

Txorikumeen gurasoetako bat harrapatu eta gero, behin kaiolan sartu ondoren, Manexek sukaldera eraman zituen hegazti guztiak, alegia, heldua eta hiru kumetxoak. Kaiola oraindik kartoiz eta plastikoz bilduta zeukan, zuhaitzean erabili zuen bezalaxe. Hasieran, kaiola sukaldeko horma batean zintzilikatu zuen, iltze batean, baina kaiolako leihatilak sukalde alderantz ematen zuela, eta, orduan, berehalaxe ohartu zen txori heldua ero moduan ari zela kolpeka burdin harien aurka, ihes egin nahian; ez zuen etsitzen. Nonbait, sukaldeko argitasuna ikusi eta harantz alde egin nahi zuen ziztu bizian.

Mutikoak segituan erreparatu zion gertaera hari, eta, nola edo hala, berehala aurkitu zuen nolabaiteko konponbidea: kaiola alderantziz zintzilikatu zuen, hau da, leihotxoa horma alderantz itsatsita gelditzen zela. Horrela, txori helduak ez zuen kanpoko espazioa ikusten eta pixka bat lasaitu zen.

Manexek era horretan eduki zituen lau txoriak bizpahiru astez, gau eta egun, eta horrek oso ondorio onuragarria ekarri zion: alde batetik, kumeak guztiz lasai bizi ziren, askatasunik ez zutelako inoiz ere ezagutu, eta, bestetik, harrapatutako gurasoa ere, kumeen eragina dela eta, hasi zen pixkanaka-pixkanaka baretzen; kanpoko mundua ez ikusteak ere horretan laguntza handia eman zion.

Gauzak horrela, eta denbora aurrera joan ahala, mutikoak kaiolari lehendabizi kanpoko plastikoa kendu zion, eta konturatu zen txori helduak orduan ere lasai jarraitzen zuela. Handik egun batzuetara, kaiola biltzen zuen kartoia hasi zen kentzen puskaka, hau da, egun batean zatitxo bat, beste batean bestetxo bat eta abar, pittinka-pittinka plastiko guztia desagerrarazi arte. Txori gurasoak normaltasun handi samarrez hartu zuen gertakari hura, eta, azkenerako, esan liteke, nola edo hala, onartu zuela egoera berri hura.

Sukaldeko etapa hura gainditu eta gero, baserritar txikia orduan, era berean, hots, poliki-poliki, kaiola bere logelako leihora ateratzen hasi zen, baina modu progresiboan, hots, lehenengo egunean bost minutuz egoteko, bigarrenean hamar minutuz, hirugarrenean hamabost minutuz eta abar, karnaba gurasoak azkenean etsi zuen arte.

Horiek horrela, arratsalde batean Manexi proba bat egitea bururatu zitzaion, sukaldean. Kaiola mahai gainean jarri eta atean zehar karnaba kume bat atera zuen, ikusteko zer gertatzen zen. Gorago esan dugun bezalaxe, txorikume haiek ez zuten askatasuna sekula santan ezagutu, eta, beraz, erabateko patxadaz erreakzionatu zuen hegaztiak, kaiola barruan balego bezala: lehenik, behatz baten gainean gelditu zitzaion, gero mutikoak sorbalda batean pausatu zuen, jarraian buruan, ile artean, eta han ere karnabatxoa lasai, mutilaren iletxoekin hasi baitzen jostaketan mokoarekin. Manex segituan konturatu zen txoritxo hura zeharo otzana zela; ez zuen ihes egiteko imintziorik ere egiten. Egia esateko, ez zuen batere premiarik sentitzen.

Geroxeago, proba berbera egin zuen bigarren eta hirugarren txorikumeekin, eta ondorio bera izan zuen, alegia, hiru kumeak guztiz mantsoak eta bareak ziren, ez zuten hanka egiten eta ez ziren izutzen pertsonen artean.

Azkenik, mutikoak probatu nahi izan zuen txori helduarekin, eta egin ere hala egin zuen, baina, jakina, hark bere burua aske ikusi bezain azkar, ihesari eman zion ziztu bizian leiho aldera, eta han, aurreneko egunean bezalaxe, mokoarekin kristala jo zuen indar handiz. Karnaba gaixoa erdi zorabiatuta gelditu zen kolpe bortitzarekin, eta orduantxe aprobetxatu zuen Manexek, harrapatu eta berriz ere haren espetxe txikian sartzeko. Mutilak orduan oso ongi ulertu zuen zeinen alde handia zegoen, txoriak izadian askatasunean jaio eta hazi ala kaiola triste batean hezi eta handitzearen artean; ezberdintasuna izugarria zen. Batak eta besteak oso ondorio desberdinak zekartzaten.

Hala eta guztiz ere, baserritar txikiari zalantza eta jakin-min ñimiño batzuk gelditu zitzaizkion, hau da, ea zer gertatuko ote litzatekeen karnaba handia gauez askatzen baldin bazuen sukaldean, kanpoko argia ikusten ez zenean, alegia, soil-soilik barruko argi elektrikoa piztuta zegoenean.

Gauzak horrela, eta egoki iruditu zitzaion gau batean, ilundu ondoren, afaltzen bukatu bezain laster, kaiola hormatik jaitsi, mahai gainean kokatu eta txoritxoak ateratzen hasi zen, lehenik eta behin, kumeak. Bat buru gainean pausatu zuen eta beste biak sorbaldetan. Aurreko aldian bezalaxe, hiru txori txiki haiek erabateko lasaitasun eta patxadaz jardun zuten sukaldean, etxekoen artean, familiakoak balira bezala, baina, beraien gurasoa askatu bezain laster, ordea, hark berehalaxe ekin zion hegan egiteari, itzuli-mitzulika, alde batetik bestera, nahiko modu nahaspilatu eta etsian, inon eta inorengan ere gelditu gabe. Manex atzetik hasi zitzaion deika eta jarraika, baina ezin izan zuen harrapatu. Halako batean, nora joanen eta irakiten ari zen eltzeko esne gainera, muturrez aurrera! Barruraino! Hegoak desesperatuki astindu eta txio txikiren bat ere egin zuen, baina Manexen anaia batek eltzetik atera zuen orduko, txori gaixoa esne barruan sartu eta jada erdi egosita zegoela esan zitekeen. Mela-mela eginda zegoen koitadua eta handik segundo gutxira eman zuen bere azken arnasa.

Mutikoa zur eta lur! Ez zekien nola erreakzionatu. Egia esateko, inola ere ez zuen halakorik espero eta zeharo ustekabean harrapatu zuen ezbehar hark. Berriz ere, beste kolpe latz bat jaso zuen gizajoak.