AHANZTURAK

Robert Hookeren “Micrographia” liburu arrakastatsuaren azala

Barraskiloei buruzko testuan egin nuen akats txiki batek narama gaurko kontura. Zientzian, oro har, ohitura da, eta garrantzitsua, aurreko lanak aipatzea. Hau da, zerbaiti buruz idaztean, norbaitek lehenago kontu horri buruz zerbait egin badu edo gure lanerako lanen bat erabili baldin badugu erreferentzia gisa, datuak edo inspirazioa nondik lortu dugun esatea. Barraskiloetan baino gehiago bareetan naiz ni aditua, bareak baitira nire ortuko letxugak jaten dituztenak, baina bien likinak antzerako propietateak dituzte. Hala ere, aipatu behar nukeen inspirazio iturri nagusiena (barraskiloak barne) Helen Czerskiren “Storm in a teacup: the physics of everyday life” liburua zen [1], baina ahaztu nintzen.

Aurrekoen ekarpenak eta lana ez aipatzeak, zabarra izateaz gain, sekulako istilu eta eztabaidak eragin ditu zientzian. Kasu famatuenetako bat Robert Hooke (1635-1703) eta Isaac Newtonen (1643-1727) arteko tira-birak dira. Biek aparteko interesa zuten argiaren izaera eta propietateetan, optikan, alegia. Hookeren ustez, Newtonek ez zituen bere ekarpenak aintzat hartzen, eta Newtonek bere lanak aipatu beharko zituzkeela pentsatzen zuen. Badirudi Newton harroputza zela, eta horrek gutxitan laguntzen du diplomazia kontutan. Dena dela, euren arteko liskarrak historiara pasa badira, maila batean Newtonek Hookeri idatzitako gutun batean agertzen den esaldi batengatik da: “What Descartes did was a good step. You have added much in several ways, & especially in taking ye colours of thin plates into philosophical consideration. If I have seen further, it is by standing on ye shoulders of Giants”. Descartesek egin zuena pauso ona izan zen. Zuk gauza asko gehitu dituzu era desberdinetan, eta bereziki xafla meheen koloreak ikertzen. Urrutiago ikusi badut nik, Erraldoien sorbalden gainean zutik egonez izan da.

Letra larriz nabarmendu dudan esaldia umiltasun froga bezala har daiteke, “nik zerbait gehiago asmatzeko gai izan banaiz, aurretik zuk bezalako goren mailako zientzialarien lanagatik izan da”. Baina Hooke bizkar okerreko gizon txikia zela jakinda, “Giants” hori iraina izan zitekeen ere. Zein zentzutan erabili zuen Newtonek? Zer dio historiak? Stephen Inwooden iritziz—Robert Hookeren “The man who knew too much” izeneko biografia mardularen idazlea [2]— “Giant”hori ez zen iraina, iraintzea ez baitzetorren bat Newtonen izaerarekin. John Gribbinek aldiz, “Science: a history”-ren idazleak [3],kontrakoa pentsatzen du: Newtonek Hooke iraindu nahi zuen. Ezin jakin nor dagoen zuzen. Interesgarria da jakitea baina, Newtonen esaldiak irudikatzen duena —hau da, norbait erraldoi baten sorbaldetan jezarrita—Lukano poeta erromatarrak (I. mendean) asmatu zuela eta ostera Bernard de Chartres filosofo frantziarrak (XII. Mendean) eta Robert Burton jakintsu ingelesak (XVI. Mendean) erabili zutela. Lukanoren jatorrizko testuan, erraldoiaren sorbaldetan zegoena… ipotx bat zen. Atera kontuak. Newtonek ez zuen ipotx hori aipatu ezta esaldiaren iturria argitu ere.

Aintzinako kontuak dirudite hauek, orain ez direnak gertatzen. Baina ez, gaur egun ere ekarpenen kontuak garrantzitsuak dira eta liskarrak sortzen dituzte ere. Adibide gisa, aurreko urtean International Union of Crystallography-k argitaratzen duen Acta Crystallographica aldizkarian Bob van Laar eta Henk Schenkek idatzitako artikulu bat aipatuko dut [4]. Artikulu horretan, orokorrean “Rietvelden hobekuntza” bezala ezagutzen den metodoa (metodo hau kristalografian erabiltzen da, bereziki hauts-difrakzioa deritzon teknikarekin lortzen diren datuak aztertzeko eta kristalen posizio atomikoak zeintzun diren jakiteko. “Profilen metodoa” bezala ere ezagutzen da, baina gutxik erabiltzen dute izen hau), izatez hiru pertsonen ekarpenengatik asmatu zela esplikatzen dute: Hugo Rietveldez gain, Bert Loopstra eta Bob van Laar berak metodoaren asmakuntzan parte hartu zuten. Bi azken hauen ekarpena, zientifikoki, Rietveldena baino askoz garrantzitsuagoa izan zen. Gaur egun metodoa Rietvelden izenarekin bakarrik ezagutzen bada, Rietveldek profilen metodoa aplikatzen zuen programa informatiko bat sortu zuelako da, eta programa hori deskribatzeko idatzi zuen artikulu zientifikoan beste bien ekarpenak ez zituen nabarmendu. Artikulu hura 1969 urtean argitaratu zen. Ostera, zientzialari askok Rietvelden artikulu hori hartu zuten metodoaren jatorrizko erreferentzia gisa, Loopstra eta van Laaren ekarpenei buruz ez jakitun. Rietveldek metodoa asmatzeagatik zenbait sari jaso zituen; beste biek, ezer. Badirudi gainera Rietveldek historia apur bat bere alde apaindu zuela ere, beranduago.

Berpizkundearen garaietara bueltatuz, Gribbinen esanetan, Hooke hil eta gero Newtonek historia berridazteko aukera izan zuen, eta horren ondo berridatzi zuen Hookeren ekarpenak ia ahazturik geratu zirela orain dela gutxi arte. Auskalo zenbatetan gertatu den eta gertatuko den horrelakorik zientzian… azken finean zientzialarien ekintzak eta ahanzturak gizatiarrak baitira.

[1] H. Czerski. “Storm in a teacup: the physics of everyday life”. Bantam Press (2016).

[2] S. Inwood. “The man who knew too much: The Strange & Inventive Life of Robert Hooke 1635-1703”. Macmillan Pub Ltd (2002).

[3] J. Gribbin. “Science: a history”. Penguin (2003).

[4] B. van Laar& H. Schenk. “The development of powder profile refinement at the Reactor Centre Netherlands at Petten”. ActaCryst. A74, 88-92 (2017).

Lotura zuzena: https://doi.org/10.1107/S2053273317018435