MANEX ETA JOSTETAK

Beharrik Manexi oraindik beste hiru txorikumeak bizirik gelditu zitzaizkiola! Horri esker azkar eta erraz samar gainditu ahal izan zuen azken ezbeharra. Hiru txoritxoekin jostaketan jarraitzen zuen sarritan, sukaldean eta ia-ia etxe osoan zehar. Mutikoa ordurako ohartuta zegoen txori txiki haiek zeharo otzanak zirela eta erabat etxekotuak zeudela, askatasuna behin ere ez zutelako ezagutu.

Aurreko aldietan bezalaxe, kaiolatik atera eta txoritxo bat sorbalda batean jarri zuen, beste bat buru gainean eta hirugarrena eskuin eskuan. Sorbaldan zegoena, alde batetik bestera mugitzen zen nahierara, burukoa, ileak mokokatzen jostatzen zen, eta, azkenik, eskuan zena, behatzak igotzen entretenitzen zen. Atzeneko horri, Manexek, batzuetan, beste eskuko behatz bat jartzen zion hogei bat zentimetrora eta orduan hegazti txikia pausatuta zegoen eskua, pixka bat astintzen zion, eta horrela lortzen zuen txorikumea beste behatzeraino hegan joatea. Ariketa bera gehiagotan ere errepikatzen zuen, baina, aldiro-aldiro, behatz batetik besterainoko tartea handitu egiten zion, eta, hala, kardantxoriak gero eta hegalditxo luzexeagoak egiten zituen.

Baserritar txikiak benetan gustu hartu zion jostaketa berri hari eta pixkaka-pixkaka irudimena ere zorroztuz joan zen. Denborarekin hainbat ideia izan zituen, eta, handik gutxira hiru jostailu egin zizkien txoriei, eskuz: hogei bat zentimetroko eskaileratxo bat, hurritzezkoa; bi makilatxo hogeita hamar bat zentimetrokoak, eta, azkenik, gurditxo txiki bat bere endaitz eta guzti. Honen bukaeran, hau da, timoiaren muturran, eraztun antzeko bat jarri zion, txorikumeek burua handik sartu eta orgatxoari tira egiteko.

Horrela, ba, handik egun gutxi batzuetara, jostailuak egiten eta prestatzen bukatu bezain azkar, esperimentatzea deliberatu zuen. Lehenik eta behin, sukaldean zeuden katuak handik bidali eta atea itxi egin zuen, seguruago jarduteko. Kaiola, zintzilikatuta zegoen hormatik jaitsi eta txoritxoak berriz ere atera zituen handik. Bat eskaileratxoan jarri zuen, beheko aldean, eta orduan hegaztia igotzen hasi zen mokoaren laguntzarekin, mailaz maila, goraino iritsi arte. Mutikoa pozak txoratzen. Orduan, zurubi txikiari aldapa aldatu, hau da, goiko aldea jaitsi, eta karnabatxoa berriz ere behetik gora. Horrela hainbat aldiz. Gero ariketa bera egin zuen, baina bi txorirekin batera, paraleloan. Zoritxarrez, hirugarrena ez zen kabitzen, eskailera estua zelako, eta horrenbestez konformatu behar izan zuen mutilak.

Jarduera hura bukatutakoan, prestaturiko gurditxoa hartu, lurrean jarri eta haren eraztuna burutik behera sartu zion karnaba gazte bati. Hark ibiltzeari ekin, eta Manexek pentsatu bezala, orgatxoa aurrera eraman zuen poliki-poliki. Geroxeago, gurditxoaren gainean bigarren txoria kokatu zuen, eta horrela ere orga aurrerantz aise zeramala ikusi zuen. Azkenik, hirugarren txorikumea ere ibilgailuaren gainean ezarri eta berdin, sukaldeko lurrean hantxe ibili ziren, batek tiratu eta beste biak gainean, bidaiari, alde batera eta bestera, aurrera eta atzera, aspertu arte.

Azkenez, apailaturiko bi makilatxoak eskuz hartu eta batean karnaba bat jarri zuen. Ziria pixka bat astindu eta txoritxoa aurrean zuen beste txotxera joan zen hegaka. Berriz ere gauza bera egin zuen, baina oraingo honetan makilak urrutixeago jarri zituen elkarrengandik, eta, hala eta guztiz ere, hegaztia bikain joan zen hegaldaka. Gerora ere, berriz antzeko jardunak egin zituen banaka-banaka, baina lehendabizi bi txorirekin batera, eta, azkenean, hiruekin.

Halaxe jostatzen zen Manex animaliatxo haiekin eta primeran pasatzen zuen. Bururatzen zitzaizkion ariketa guztiak eginarazten zizkien.

Bukatzeko, mutikoa pixka bat nekatzen zenean-edo, ahoan hazi batzuk jarri (alpistea, kalamua, e.a.) eta hiru txoritxoak makilatxo baten gainean zituela, aho aldera hurbiltzen zituen, eta horrela, segundo batzuez, karnabak mutilaren ahotik aritzen ziren beren bihi eta garauak jaten, gustura asko, alajaina!, eta Manex, gusturago, jakina!

Azkenean, txori saioa erabat bukatzeko, baserritar txikiak kaiola mahai gainetik hartu eta berriz ere sukaldeko horma batean jarriko zuen, atetxo bat irekita zuela. Txoriak banaka-banaka txotxaren gainean paratu, kaiolako ate alderantz bideratu eta orduan ere astindu txiki batzuk ematen zizkion makilatxoari, arik eta txoriak banan-banan kaiolako atera joan eta barrura sartzen ziren arte. Orduantxe ematen zion mutikoak oso-osoko bukaera jardunaldiari eta ametsetan hasten zen, egunen batez ez ote zen arituko zirkuren batean, bere txoritxo maiteekin.