LAURA MINTEGI: “LEGEZ KANPO”

“Ezin esan nezake noiztik ezagutzen dudan Ignacio. Ai Ignacio, Ignacio. Uste dut betidanik ezagutzen dudala, gazte gaztetatik. Auzo berean bizi ginen.

Eskola berberara joaten ginela pentsatuko duzu. Ez. Bera fraileetara joaten zen, eta ni auzoko eskoletara, baina elkarrekin erre genituen lehen zigarroak, eta elkarrekin hasi ginen mundua ezagutzen: kanikak, pandoak, goitibeherak nola egin, kartetan ikasi, neska kontutan… Zorte diferentez, hori ere egia da, bera irabazle suertatzen zen bitartean, ni beti izaten nintzen bigarrena. Bikote ona egiten genuen gure haurtzaroan, banaezinak, lagun minak. Kolpe ederrak jaso genituen beste auzoetako mutilen kontrako borroketan, eta elkarrekin gorritzen ginen dantzalekuan neskei dantzan eskatzen genienean, baina hori bai, aitortu behar dizut niri sarri ezezkoa ematen bazidaten ere, berari oso gutxitan eman ziotela “kalabazarik”. Ignacio guapoagoa zen, laster konturatu nintzen horretaz. Eta erakargarriagoa. Ni neu haren xarmapean nengoen. Egindako azpikeria guztiak barkatzen nizkion. Bestalde, nola kalterik handienak hala mesederik ederrenak ere egin zizkidan”.