Udako goizerdi eguzkitsu eta atsegin batean, ustekabean eta batere esan gabe, baserrian, bat-batean, hiriburuko izeba agertu zen, herriraino autobusez joanda, aurreko urtean Manexi papagaitxoa eraman zion berbera. Mutikoa pozak txoratzen jarri zen, nahiz eta oraingo honetan ez zion inolako txoririk eraman, zertarako?, berak bazituen-eta.
Bazkalaurrean, Manex eta beste bi anai-arreba gazte izebarekin ibili ziren baserri inguruetan: baratzea ikusten, sagarrondoez gozatzen, bidexketan paseatzen eta bar. Gainerako anaiak ukuiluan ari ziren lanean aitarekin, kisuskileei laguntzen, izan ere, uda zela aprobetxatuta, ganbelak zaharberritzen eta zorua konpontzen ari ziren jo eta su, azienda kanpoan zebilen bitartean. Belarrak ondu eta ganbaran sartu ondoren, egin beharreko zereginak ziren haiexek. Jakina, ganbaran sartzen ez zen belarra, etxe ondoan, metatan jarrita zuten ordurako.
Manexen ama gajoak ez zuen lan makala izan goiz-eguerdi alai hartan bazkaria prestatzen, guraso, sei seme-alaba, izeba eta hiru kisuskileentzat; arnasa hartzeko ere ez zuen beta handirik izan. Eta, azkenean, ordu biak inguruan, denak sukaldean bildu eta bazkaltzen hasi ziren, indarrak berritzeko. Helduak, betiko mahai handian eta gazteak beste txikiago batean, egun haietarako espresuki jarri behar izan zutena. Txantxa eta olgeta ugari ere ez ziren faltatu bazkarian. Jan-edana gogotik hartu eta oso gustura gelditu ziren bazkaltiar guztiak.
Otorduaren ondoren, atseden moduko bat egin bitartean, kisuskileek zigarreta bat edo beste erre eta segituan jaitsi ziren ukuilura, goizeko languntzaile guztiekin, lanean gogor jarraitzeko.
Sukaldean ama, izeba eta hiru seme-alaba gazteenak geratu ziren, mahaiak jasotzen eta harrikoa egiten. Garai hartarako txoritxoen kaiola sukaldeko leihoan jarri ohi zuten, hurbilago gelditzen zitzaielako besteak beste; egun argitsu hartan ere hantxe zegoen, karnabak pozik eta kantari zebiltzan bitartean.
Harrikoa bukatu ondoren, izebak kasu berezia egin zien hegazti txikiei; gustatu egin zitzaizkion. Hura ikusita, Manexek hiru txorietatik bat aukeran jarri zion hiriko izebari, nola edo hala, aurreko urteko mesedearen ordainetan, alegia, papagaitxoa oparitu ziolako. Izebak proposamena gustura asko onartu eta hiruetatik bat hautatu zuen, gehiegi pentsatu gabe. Ilobak, papagaitxoaren kaiola oraindik etxean zuen gordeta eta hartan bertan sartu zuen izebak aukeratutako kardantxori gaztea. Jana eta edana paratu, eta prest zegoen hiri aldera bidaiatzeko. Izeba, poz-pozik oparia jaso izanagatik eta baita Manex ere eman izanagatik; benetan eskuzabal jokatu zuen.
Gauzak horrela, arratsaldeak aurrera egin zuen eta pixkanaka-pixkanaka izebari autobusera joateko ordua hurbiltzen ari zitzaion. Hortaz, bere gauza guztiak kaiolarekin batera hartu eta abiatzeko gerturik zegoen. Orduan, ezustean, amak izebari esan zion herriraino harekin joanen zirela, bide batez erosketa batzuk egiteko asmoz.
Horrela, ba, denak prest egon bezain azkar abiatu ziren herri aldera, gurdibide zakar eta aldapatsuan barna. Bide bazterretan hurritzak, lizarrak, oteak, sasiak eta belarditxo batzuk atzean utzi bezain laster iritsi ziren herrira Manex, bi anai-arrebak, ama eta izeba. Handik, zuzen-zuzen autobus geldi lekura joan eta hura ailegatu zenean, elkarri musu txeratsuak eman ondoren, izeba busean sartu zen bere kaiola eskuan hartuta. Ibilgailua segituan hiriburu aldera abiatu zen eta besteak, dendara. Behar zituzten gauzak eta gaiak erosi, eta berriz ere baserri alderantz, aldapan gora oraingo honetan.
Etxera iritsi eta lehendabizi sukaldera joan ziren erosketak uztera. Orduan, norbait konturatu zen leihoan ez zegoela kaiola eta Manexi jakinarazi zion. Hark, asaldaturik, eta, larri eta estu, baratze aldera jo zuen ziztu bizian, laster batean, bihotza zeharo korapilatuta zeukala.
Leihope aldera hurbiltzen hasi bezain laster ikusi zuen kaiola lurrean, pixka bat deformatua, eta haren inguruan txoritxoen luma ugari. Denak janda zeuden; bakar bat ere ez zen salbatu sarraski hartatik. Mutikoa erabat nahigabetua gelditu zen. Begietan berriz ere malkoak, eta ariman egundoko hutsunea. Inon ez zuen kontsolamendurik aurkitzen eta inola ere ezin zuen ulertu gertatutakoa. Negar mikatz batean gelditu zen. Bazkalorduan, hiru txoritxo alai eta kantari zituen, eta, orain, aldiz, bat ere ez! Patu madarikatua!
Manexen ustez, karnabak, sukaldeko leihoan, leku seguruan zeuden, baina kukuak makur jo zion. Zer gertatu zen? Ba, Manexek-eta herrira joan-etorria egin bitartean, kisuskileren bat sukaldera joan zela su bila, zigarretaren bat piztu eta ukuiluan erretzeko, lanean ari ziren bitartean. Hori horrela, sukaldeko atea irekita utzirik, orduantxe aprobetxatuko zuen katuren batek, sartu eta hodamena egiteko. Leihoa pixka bat bilduta, bai, bazegoen, baina ez erabat itxita, eta askoz ere gutxiago oraindik hermetikoki. Horixe baliatu zuten katuek beren festa partikularra antolatzeko. Manex berriz ere jota. Oso gaizki bukatu zuen egun eguzkitsu eta argi hura.