JOAN JOSE ELHUYAR

1972an Donostian sortu zen Elhuyar Kultur Elkarteak euskara zientzia ezagutzaren eremuan garatzea, sustatzea eta erabiltzea xedea du. Izena, berez, XVIII. mendeko bi anaiei zor die, hain zuzen ere Joan Jose eta Fausto Fermin deitzen zirenei. Bada, bien artean zaharrena hautatu dugu, onarpenik handiena jaso zuen metalurgilari, mineralogo, kimikari eta geologoa zena, alegia.

Joan Jose Elhuyar Logroñon 1754. urtean jaio zen. Han sortu bazen ere, kasu, lapurtar sendi baten semea baitzen. Euskalduna eta, urte horietan, lana zela medio, errioxar hiriburuan bizi zen Lapurdiko sendia, alegia.

Errioxan bertan eta Frantziako hiriburuan lehen ikasketa urteak jorratu bide zituen. Beranduago, beka baten bitartez Europako erdi alderantz abiatu zen: Alemania alderdiko Saxonia lurraldean, Bohemian nahiz Hungarian metalurgiaren inguruko hasierako edukinak sendotu zituen, baita Suedian ere. Antza denez, beka garrantzitsu hori eskuratu ahal izatekotz Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen laguntza erabakiorra profitatu zuen.

Bere ikerketa arloan morgil gaitezen, garaiko Bergman eta Scheele izeneko zientzialarien lana, bertzalde, funtsezkoa izan zitzaiola dirudi, hots, goi mailako aditu horien eskolak jaso nahi zituen. Hori dugu, bertzeak bertze, Suedian erdietsi zuena. Alta, probetxuzko denboraldi hartan wolframioa deituko zena hor nonbait bazela oldozten hasi zen. Eta hau da, gogora dezagun, etorkizunean ospea eskainiren ziona.

Hondarrean, eta berriz ere Euskal Herrian bizi zelarik, wolframioa zer zen hausnartu zuen. Garrantzi handiko aurkikuntza zientifiko hau Bergaran izan zen, mendebaldeko euskaraz bizi zen Gipuzkoako hirian hain zuzen. Lan horretan bere anaiaren laguntza ezinbertzekoa izan omen zen. Izan ere, Fausto Fermin zenak Bergarako Erret Mintegian mineralogia, fisika eta kimika irakasten baitzuen.

1783an idazki erranguratsua argitaratu zuen: “Análisis químico del wolfram y examen de un nuevo metal que entra en su composición”.

Dena den, ikerketa horiek alde baterat utzi behar izan zituen, zeren eta Kolonbiako meatzaritzako arduradun nagusi izendatu baitzuten. Harat bidaiatu, bertan ezkondu eta, gaztea oraindik, 1796an hil zen. Aipatu anaiak antzeko bidea ibili zuen, meatzaritzako ardura betetzerat Mexikorat joan baitzen, baina hagitzez berantago hil zen, 1833an eta Europan, geologia arloko jarraitzaile ugari prestatu ondoren.

Egun, Joan Jose Elhuyar euskaldunak kausituriko wolframioa, elementu kimikoen taula periodikoan hirurogeita hamalaugarren tokian da, tantaloa eta renioaren artean, molibdenoaren azpian. Wolframioa, urtze-punturik altueneko metala dena, alegia, 3.410ºC. Industria modernoaren aleazioetan erabiltzen ohi da, altzairu gogorrak eratzen dituelakotz.