JAIAK ETA ANIMALIAK

Dagoeneko bete-betean gaude sartuta udan, eta, ondorioz, baita urtaro beroko jaietan ere. Horrek esan nahi du, garai honetan, animalia mota eta kopuru handi-handiak erabiltzen direla. Hau da, pertsonek erabiltzen dituzte animalia horiek, gizakiek gozatzeko. Arazoa zera da, animaliek ez dutela gozatzen, alderantziz, estresatu egiten dira, nekatu, sufritu, tratu txarrak hartzen dituzte, torturak jasan eta heriotza pairatu. Esan eta baieztatu dudan hauxe inork zalantzan jartzen baldin badu, gomendatzen diot ikus ditzan Askekintza kolektiboak egin dituen azken bideo eta dokumentalak. Animaliekiko sentiberatasun ñimiño bat duen edozein pertsonak, uste dut frogatu ahalko duela egia dela adierazi dudana.

Egiten diren erabilerak asko eta oso ezberdinak dira, edo orain dela oso gutxi arte behintzat egin dira: entzierroak, zezenketak, bigantxak, burtziketak, izkingileak, sokamuturrak, antzara jokoak, ahate jokoak, idi demak, oilar borrokak, ahari talkak, asto lasterketak, zaldi desfileak (alardeak), pikadoreen zaldiak, txerrikumeekin (oilar, basurdekume) eta abarrekin jostaketak, eta bat eta beste. Animalia asko eta asko dira, dohainik, gure gutiziengatik!

Animalia horiek guztiek beren borondatearen aurka hartzen dute parte jardun horietan, ez nahita. Eta hilik jartzen diren animaliek ez dutela sufritzen diote dibertimendu horien aldekoek. Jakina, hil ondoren ez dute sufritzen, baina horretarako, lehenago norbaitek erail behar izan ditu. Zer eskubide dugu pertsonok animaliak hiltzeko, soil-soilik gizakiok gozatzeko? Bakar bat ere ez, gizarte demokratiko eta zibilizatu batean!

Pertsonok erabaki nahi dugu zein animalia babestu (katuak, txakurrak, etab.), zein jan (abelgorriak, ardiak, txerriak, oilaskoak, etab.), zein ez jan (sugeak, katuak, txakurrak, etab., gure gizarte honetan), zein hil gure gozamenerako, zeintzuk gaizki tratatu eta torturatu pertsonok entretenitzeko eta abar. Nonbait ahaztu nahi dugu gu gerok ere animaliak garela, eta beste animaliek ere, guk bezala gozatu, sufritu, maitatu eta abar egiten dutela. Iruditzen omen zaigu gure espeziea goren mailakoa eta hoberena dela, eta, horrexegatik, eskubidea dugula haiekin egiteko gogoak ematen diguna.

Badakit, bai, animalien aldeko erabaki hauek ezin dituela hartu pertsona bakar batek, ez, baizik eta gizartearen gehiengoak. Eta, halaber, badakit aurrerapausoak egiten ari direla norabide egokian, baina, benetan harritzen nauena zera da, alegia, Euskal Herriko hainbeste pertsonak tratu txarrak eta torturak nozitu ondoren, eta gizartea pertsonekiko hain sentsibilizatuta egonda, zeinen sentiberatasun gutxi erakusten duten animaliekiko, esate baterako, Iruñeko peñek eta abar. Badakit, orobat, pertsonak eta gainerako animaliak ez garela berdin-berdinak, bai, baina ezta hain ezberdinak ere sufrimenduari dagokionez.