Tupperware kutxaren gainean, euli multzoak arratsaldeko aire beroa dardararazten zuen eta gure hamabi urteko semeak ezetz erantzun zion gomitari, burua ezker eta eskuin mugituz.
Gu hala ere, omandar zaharrak oparitzen zizkigun datilak, baietz erran eta hartzen hasi ginen, baita ezpainetako puntetatik kardamon kafea portzelanazko kikaretatik edaten ere. Harrera ona onartu behar da!
Omanera Qatarreko Doha hiri nagusitik etorriak, kardamon kafearen edateko ohitura jadanik hartua genuen, han lan egitearen karietara, hots 1995etik goiti hiru urtez. Lan bilkuretan, eskaintzen ziren edariak kardamon kafea, esnearekin ala ez, tea eta karkadeh-a ziren. Kardamon kafea, lehen aldiz harturik, ustekabe galanta da mendebaldar batentzat. Bistan da aurpegia ikaragaitz atxiki behar da emirerritar baten aurrean!
Karkadeh-a berriz, hainbat oroitzapenekin, aurkitu genuen duela gutxi igandero irekia den Hondarribiako San Pedro kaletik hurbila den barazki denda batean. Hibiskus lore petalo gorri idortuak, tearenak bezala ur irakinean trenpatzen dira tisana atsegina egiteko. Horrez gain, tentsioa apaltzen omen dute!
Doha, emirerriaren hiriburua, han bizi ginelarik neurri ertaineko hiri bat zen. Garai hartako hiriak gaur egun prentsa argazkietan ikusten dugun Doharen eiterik ez zuen. Denbora haietan, eraikinik handiena, piramide baten formako Doha Sheraton hotela zen. Gaurko argazkietan, hotel hau, inguratzen duen dorre tropelaren oinetan, eraikin ipotxa baizik ez da.
Egun batzuk oporretan pasatzeko aukera batean, Omanerako bidaia antolatua zuen emazteak. Oman, Arabiar penintsula beste herri bat, ez zen hain urrun. Hegazkinez, Dohatik Maskatera ordu eta erdi batez gutxi gorabehera joan gintezkeen. Maskat hiriburutik, itzuli baten egiteko asmoa genuen, alokatze autoaz.
Oman sultanerri bat da. Indiako ozeanoaren iparraldean dago, edo, zehazkiago kokatuz, Arabiar itsasoaren ipar-mendebaldean. Aspalditik erresuma egonkorra da eta haren historia propioa badu. Omandarrek aspalditik nabigazioa menperatzen zuten eta konkista batzuk egin zituzten Afrikako ekialdeko kostaldean baita Indiaren aldean ere. Hemeretzigarren mendearen hastapenean, Balutxistanetik Zanzibarrera hedatzen ziren lurralde batzuen jabe zen Oman. Inperio kolonialista zen.
Xehetasun gehiago aurkituko duzue Interneten bidez edo entziklopedietan, baina, laburbiltze horrekin, ulertarazi nahi nizuen Omango kultura, Qatar eta ondoko beste emirerrietakoarekin konparatua, oso desberdina dela.
Emirerri hauek tribu edo leinu nomada batzuek sortu zituzten. Emirerrietan eta Omanen ia tokiko guztiak musulmanak izan arren, portaera desberdinak dituzte. Omandarrek mendebaldeko emakumeei eskua luzatzen zieten; emirerrietan, berriz, beste gizon baten emaztearen eskua ukitzea orduan pentsaezina zen. Lanean, gizonen artean beste gauza bat zen: eskuen tinkatze edo estutzea araua zen eta hunkitze hau luzatuz, qatartarrak zuregan ukan zezakeen konfiantza neurtzen zuen. Lehen aldia ustekabe bat zen: segundoak, gero minutuak pasatzen ziren zuen eskua laxatu edo libratu gabe! Gaur egun, ez dakit horrela jarraitzen denetz.
Jantziak ere desberdinak ziren, batez ere emakumezkoak. Emirerrietan, karriketan eta dendetan hango emakumeak beti beltzez jantziak eta begiak edo aurpegi osoa kukuturik ikusten genituen. Omanen, emakumeek soina ongi estaltzen zuten jantziak ere eramaten zituzten, baina biziki koloretsuak eta alaiak. Eta haien aurpegiak ikusten ziren. Noizbehinka, baserriko errepideetan auto-stop-a egiten zuen emakume bat ikusi genuen!
Eskuen luzatzea, bidaia osoan, non-nahi baserriaren erdian, tokiko jendearen ohitura sendoa zen. Etxe pobre baten ondoan gelditzen baginen, landa-bide gurutze batean, norabidea frogatzeko edo galdetzeko, han ziren guztiak autoari hurbiltzen zitzaizkion emazte eta semeari eskua estutzeko, “Salaam Aleikum” (“Bakea zuekin bedi” edo “Bakean zaitezte”) agurrik handienekin.
Hitz bakar batzuk tartekatzen genituen haiekin, arabiarrez mintzatzen saiatzen baikinen. Bai, kurtsoak hartuak genituen, nik Dohara joan aurretik, baita Dohan ginelarik familia osoak ere. Emazte eta biak enbaxadak antolaturiko kurtsoetan ikasten ari izan ginen eta semeek Frantses Lizeoan.
Hala ere, arabiarrez hitz egitea beste gauza bat zen. Emirerrietan, biztanle gehienak beste herrietatik etorriak ziren, batez ere Indiako kontinentetik. Emirerritarrak, haien herrietan gutxiengoak ziren. Adibidez, Qatarren, garai hartan, qatartarrak 160.000 gutxi gorabehera ziren eta atzerritarrak 340.000 inguru! Gaur egun, Wikipediaren arabera, biztanleria bostez biderkatu da, 2.500.000 bat biztanleetara iritsi direlarik. Eta qatartarrak ehuneko hogeia baizik ez dira.
Karriketan eta dendetan arabiarrez ez zen entzuten. Hindi edo urdua nagusitzen zen! Qatartarrak, batez ere nagusien aferetan ziren eta arras gutxi ikus zitezkeen leku publikoetan. Leku horietan, haien artean gelditzen ziren. Beraz haiekin arabiarrez praktikatzeko aukera gutxi genuen. Lanean, gaizki mintzatzen zen atzerritar batekin ez zuten denbora galdu nahi, beraz beti ingelesez! Izan ere, beste hizkuntza baten praktikatzeko, urdua zen ikasi beharko genukeena!
Omanek, turismo politika zehatza zuen. Turista ona, egunero 100 US dolarretik goiti gastatzen zuena zen. Bestalde, ahalegin handiak eginak zituzten zerbait ikus zedin: hiri barne berrituak eta jauregi zaharrak berreraikiak, esku lan tradizioetan. Kalitatezko hotelak ere bazituzten mendebaldeko turistek denbora goxo eta eroso pasa zezaten.
Jauregirik arrakastatsuena, han ginenean, Nizwa herrian zegoen. Bisitatu ondotik, autoa utzia genuen aparkalekura itzultzeko, beste karrika baten hartzea erabaki genuen, karrika nagusiarekin ia paraleloa zena. Hala ere fite orga-bide edo lur-bide bilakatu zen. Karrikaren bi aldeetan etxe apalak zeuden, bata bestearen kontra eraikiak. Han-hemenka garajeetako ateak zeuden, hemen ere ikusten dugun bezala, metalezko hesiez itxiak.
Eguerdi inguru zen. Omanen, ordu horretan, gehienetan, bero handia egiten du. Lasai ibiltzen ginen, karrika hutseko hauts artean. Aurrez, autoaren aire girogailuak sortutako freskotasuna asmatzen genuen. Horra non, ezker bazterreko garaje ate batetik omandar zahar bat atera zen. Erreflexuz, guk “Salaam Aleikum” erranez agurtu eta hark gauza bera erantzun zigun. Segidan bostekoa eman eta “Ongi etorri, jaun-andreak, elkarrekin kafea edanen dugu!” erran zigun arabiarrez! Ordu luzeak sartuz ikasitako hizkuntza praktikatzeko egiazko lehen aukera agertzen zitzaigun! Murduskatuz, ziur aski, baina mintzatuz!
Segidan itzuli erdia egin zuen eta ixten ari zen garaje atea berriz ireki. Plastikozko termo-botila bat inondik mirakuluz atera zen baita kikarak eta tupperware kutxatxo bat ere. Ohi den bezala, ezezagunen artean, nongoak ginen, nondik etorriak eta abar lehen gaiak izan ziren. Gero bere bizitzan, herri desberdinetan lan egiteko eginak zituen bidaiak kontatzen hasi zitzaigun. Denbora berean kafea isurtzen hasi zen eta haren usainaz kardamon kafea zela ulertu genuen.
Gure gizona Arabiar golkoko emirerri gehienetan izana zen, bakoitzean aldi batez edo gehiagotan, baita Afrikako eki-kostaldeko herri batzuetan ere, Zanzibarren adibidez. Elkarrizketan ari zelarik, ia pentsatu gabe, tupperware-a ireki zuen eta bat-batean, Qatarreko hegoaldeko dunenetan noizbehinkako piknika egiten genuenean bezala, euliak hor ziren!
Qatarren, noizbehinka, hegoaldeko dunak asteburuko ateraldi baten estakuru ziren, 4x4ez hondar menditxoei igotzeko, gurpil azalak partzialki hertu edo hustu ondotik, segidan lerrokadaz jausteko. Duna hauek basamortuen ezaugarriak zituzten. Bizidunik ez zen ikusten, salbu beste atzerriratuak beren autoetan. Barruko itsasadarrera iritsi eta gero, gure buruak eguzki errukigabetik babesteko, oihal etxeak eraikitzen genituen. Ordura arte, txoririk ez, intsekturik ez… eta bainu-jantziz, plazer handiaz igeri egiten genuen pixka bat basamortuko itsasadarrean. Doha hirian, gure emazteak bainu-jantziz bainatzea ez zen pentsatu ere, hotel batean kukuturik ez bazen.
Uretatik atera eta izotz-kutxak ireki orduko, bat-bateko euli hodei batek inguratzen gintuen, ez usteko hainbat basamortuko bizia erakusten. Izan ere, euliak ez dira hango bizidun bakarrak. Beste intsektu pilo bat dago baita neurri guztietako musker edo sugandilak ere.
Nizwako garaje atean, azken finean, gutxienez datil bat hartu behar zuela, eulien artean eskua luzatuz, begiez semeari ulertarazi genion, harrera ona behar bezala ohoratzeko.
2017/11/30 – “Maiatz” aldizkarian argitaratuta (66. zenbakian)