Bada, gurean hain maitatua den goroldioaz, nafar kondaira zaharra.
Dirudienez, aspaldi, duela denbora luze-luzea, landare guziak mintzo omen ziren.
Goroldioa, baina, lotsati xamarra zen, eta ez zen ausartzen zipurrik ere erraten.
Behin eta berriz saiatu ziren, landare zintzoak, goroldioa animatzen.
Pagoa hurbiltzen zitzaion, eta hitz goxoak erran ere, alferrik.
Haritzak laztantzen zuen, bere hosto eta orbelen bitartez, deusik ez.
Loreek inguratzen zuten, haien kolore biziez pozaren pozez.
Baina goroldioak mutu jarraitzen ei zuen.
Hondarrean, landare guziak goibeldurik, erabaki latza hartu zuten, hots, haiek ere ez zuten berriz hitz eginen, goroldio gaixoa ez guttiesteagatik.
Horregatik, nafar kondairak hala dio, egun landareak ez dira mintzatzen.
Posdata
Paulo Ilerundar lagunak, berriz, honela dio:
“Oker Erlantz, landareek mintzatzen zarraitek, baita goroldio lotsatiak ere.
Guk galdu genian haiei aditzeko ahalmena, haiek zaintzeko usadioa, haiekin bizitzeko adimena. Hots, Izadiarenganako begirunea: Goroldioa horretaz atzeman zen aitzinekoa izaki, ulergaitz bihurtu zuan bere hizkuntza guretzat.
Guk goroldioari kasurik ez eta azkenean, konturatu gabe, munduko landare guztien mintzoak arrotzak guretzat. Euskararekin bezala.
Zin dagiat Erlantz, goroldioa mintzalagun zaukaagu”.
Esker mila, Paulo!