2018tik, Zarrakaztelu eta euskara uztartzeko asmoarekin, www.zarrakaztelu.eus webgunea abian da. Bertan, aurkezpen gisara, azaltzen dira ekimen honen zergatiak eta zertarakoak:
Zarrakaztelu
Horrela deitzen omen zioten mendialdeko jendeek beren euskaran gaur egungo Carcastillori. Baliteke izen gehiago izatea, Erronkarin edo, xede berberarekin, baina aldaera hori aspaldi hartu zuen ontzat Euskaltzaindiak gure herria izendatzeko eta ezagunena da bertako biztanleen artean.
Beraz, Zarrakaztelun berean historian zehar idazkietan izen hori behin ere agertzen ez bada ere, herri honek badu euskal izen bat. Eta izen horrek lotzen gaitu, ez bakarrik mendeetan barna honaino etorri diren Nafarroako bertze leku batzuetako euskaldunekin, baizik eta garai batean hemen mintzatzeari utzi zitzaion euskararekin berarekin eta, noski, gaurko egunean euskararen alde bizi nahi dugunekin ere.
Muga-herria
Horrelakoa izan da gure eskualdea aspaldi luzetik, gatazka politikoetarako, noski (hemen bukatzen, edo hasten, omen zen garai bateko Nafarroako Erresuma eta hemen bukatzen, edo hasten, da gaurko Nafarroa), baina baita hizkuntzetarako ere: ikerketa historikoetatik ondorioztatzen ahal da duela bortz mendeko Nafarroan hemen kokatzen zela euskararen eta erdararen arteko muga, biak erabiliak izanik gure herriko karriketan.
Arragoa ere izan da lurralde hau. Hemen, historian zehar, elkartu dira jatorri eta kultura desberdineko jendeak, bakoitzak berea ekarriz guztion mesederako, giza mailan aberasteko aukerak handitzen.
Muga eta arragoa, horiek izaten ahal dira gure nortasun kolektiboaren ezaugarri nagusiak. Baina bada bertze bat, garrantzi handikoa ere: nafarrak gara. Eta horrek, nafarrak izateak, bere historia eta kultura dituen entitate handi baten parte bihurtzen gaitu, bereizgarritasun bera partekatzen duten bertze leku batzuetako pertsonekin lotzen gaitu. Guztiok Nafarroa osatzen dugu.
Eta Nafarroak dituen altxor guztien artean harribitxi handiena, gizatalde gisa munduari eman diogun berezitasun bakarra, euskara da. Horregatik beragatik, hemen behin ere mintzatu ez balitz ere, mereziko luke maitatzea, ikastea eta hitz egitea.
Zarrakaztelu.eus
Gune honetatik, Zarrakaztelu munduratzen dugun bitartean euskara bertara ekartzen dugu. Bi norabideko bidaia da.
Kolore guztietako jendek osatzen dugun herri honek nafarron ondarea bere egin behar duelako, euskararen alde gaude.