JON ETXAIDE: “ENEKO AGERROA”

“Bada Garazi-ko lurraldean artzain hirixka bat, polit bezain maitagarri, sotil bezain txukuna. Bere eliz-torre liraina, nola artzaina artalde zuri baten erdian, inguruko zaizkion basetxe txuri leinargien zaitzaile bailitzan ageri zaigu. Gure arbasoek Behorlegi izenez bataiatu zuten.

Ahuñamendi malkortsu eta erraldoiaren barne-muiñetan sartuta datzanez, ez zaizkio hiri handietako gizabidearen txarkeriak iristen. Bazter ezkutu honetan galduta bezala zorionez eta bakean bizi dira Behorlegitarrak, mendiek barreiatzen duten garo ta basaloreen usain ederra dutela biriken asegarri eta mendi-zelaien emaitza ugariak urdailaren asegai. Hantxe aurkitu ohi dute gure menditarrek beren janari, lanbide, atseden, jolas eta batez ere giza-izpirituarentzat hain beharrezkoa den bakea”.