Urte hartako udazkena aurrera dezente joana zegoen Manexen baserriko inguruetan. Ordurako ipar haizea, giro hotza eta euria iritsita zeuden bazter haietara. Horiek horrela, arratsalde apal batean, mutikoak tiro hotsak entzun zituen inguru hartan. Berak ez zuen deus ere ikusi, baina, antza denez, kurrilo taldeak pasatzen ari ziren iparraldetik hegoaldera, negua Afrikan emateko, giro epelagoan. Hortaz, ikusi ez, baina kurrilo taldeen garrasi eta kurrixkak, haiexek, bai, argi eta garbi entzun ere entzun zituen.
Seguruena da, gaur egun debekatuta egonen dela tiroak botatzea kurriloei, udazkenean edota negualdean Afrikarantz igarotzen direnean, baina, Manexen garaian, hau da, orain dela berrogeita hamar eta zenbait urte ez, orduan normala zen baserritarrak etxetik kanpora ateratzea, eskopeta eskuan hartuta, zerbait ehizatzen saiatzeko, kurriloen oihu eta deiadarrak entzun bezain agudo. Arratsalde hartan ere, ziurra da halako zerbait gertatuko zela alderdi haietan, baina gure mutikoak ez zion aparteko garrantzirik eman egitate hari eta normaltasunez jarraitu zuen aurrera bere eginkizunetan.
Gauak halaxe jarraitu zuen mutikoarentzat, lasai. Beti bezala, afaldu, ohatzera joan, lo ongi egin eta biharamunean eskora; ia-ia bi kilometro belar soro eta bidezidorretan barna. Bezperakoa ahaztuta zuela abiatu zen Manex herri aldera, bere aurreko anaiarekin. Giroa heze eta hotz zegoen, baina euri askorik behintzat ez zuen ari une hartan.
Horiek horrela, baserritik atera eta handik hirurehun bat metrora, bat-batean, goragoko euntze batean ez al zuten ikusi, ba, hegazti handi bat lurrean, belarraren gainean zutik? Harriduraren harriduraz, biak berehalaxe abiatu ziren ziztu bizian hegazti erraldoi eta ezezagun harengana, ikustera zer arraio ote zen.
Manexek hamar bat urte izanen zituen orduan eta anaiak bat gehiago. Ondorioz, inolako zalantzarik gabe esan liteke, hegazti hura beraientzat oso handia zela, ia-ia erraldoia. Hala ere, minutu gutxian joan eta iritsi ziren kurriloaren ondora. Handia zen, bai, eta zirrara egin zien, alajainetan!: zangaluzea, mokoa zuzena, lepoa luzea, hegoak handiak, isatsa motza eta lumak hauskarak zituen. Berehalaxe ulertu zuten zergatik zegoen han kurrilo tantai hura, izan ere, hegal bat zaurituta zeukan, hautsita-edo, bezperan, segur aski, tiroren bat hartuta. Hura zela eta, kurriloa ezin zen hegaldatu eta hantxe zegoen, tente, etorkizunak zer ekarriko ote zion zain.
Egoera hartan, jakina, hegaztia defentsiban zegoen, hau da, bere burua zaindu eta gorde nahi zuen. Horrexegatik, Manex eta anaia hurbiltzen hasi zitzaizkion bezain azkar, mokoarekin kolpe latz bat bota zien, eta ongi zeukan hegoa zabaldu egin zuen, izutzeko-edo, aurrerantz jauzi bat egin zuen bitartean. Ez zituen jo, baina mutikoek dezenteko beldurra pasatu zuten. Atzera egin behar, noski!
Hala ere, Manexi eta anaiari buruan sartu zitzaien, kurriloa harrapatu eta etxera eraman behar zutela, sendiko guztiei erakusteko beren harrapakina. Hortaz, ba, berriz ere saiatu ziren kurriloa menderatzen, bat aurretik eta bestea atzetik, baina, ez!, ez zegoen modurik, hegaztiak lehenago baino amorru handiagoz oraindik babestu zuen bere burua, mokoka eta ostikoka; arriskutsua ere bazen.
Hura ikusita, bi mutikoek su-ten txiki bat egin eta denbora pixka bat hartu zuten, beren estrategia eta taktika hobekiago pentsatzeko. Minutu baten buruan zera otu zitzaien, norberak bere zamarra erantzi eta ezkutu baten moduan erabilita, bat alde batetik eta bestea bestetik, joan zitzaizkion hurbiltzen harik eta zamarrak burura bota ahal izan zizkioten arte; horrelaxe azpiratu zuten, azkenean, hegazti zango-luze eta indartsu hura.
Ahal izan zuten bezala, etxeraino eraman eta familiakoei erakutsi zieten; zur eta lur gelditu ziren guztiak, hegazti kozkor hura han ikusita! Amak berehalaxe ekin zion lanari: lumatu, hankak eta lepoa moztu, erraiak atera eta abar. Gauean, leihoan, aire zabalean utzi zuen, haragia goxatu eta egurastu zedin.
Bi mutikoak eskolara berandu iritsi ziren goiz hartan, baina, maistrari azalpen egokiak eman eta gero, ez zuten beste inolako arazorik izan.
Biharamunean, hegaztiak gau osoa izarpean igaro ondoren, bazkalordurako, ama maitasun osoz aritu zen kurriloa prestatzen eta kozinatzen, zekien modurik hoberenean; ilusio handiz. Gauzak horrela, bazkaltzen hasi behar zutenean, denek ikusmin ikaragarria zuten, dastatzeko amak prestatutako plater gutiziatsu hura. Azkenean, jaki bitxi hura mahaira atera, partitu eta jaten hasi zirenean, denak batera, lehenengo mokaduan ohartu ziren oso haragi gihartsu eta gogorra zela; jateko arrunt zaila. Halaber, hezurtsua zen.
Desilusio handia hartu zuten denek, batez ere amak, hainbeste lan egin ondoren, borondaterik onenarekin.