BISTAN DA!

“Pan!”

Entzun nuen “Pan!” ozen hau, oraindik gaur egun hortaz oroitzen naizen aldi oroz, belarrietara etortzen zait. Eta ilunpean izan nintzen, sustut, eguerdi izanagatik ere! Bat-bateko gau iluna. Biziki gau iluna, argi izpirik gabe. Eta izerdi hotza, nire bizkarrean laneko jantzia bustitzen hasi zitzaidan, nahiz eta Ipar itsasoaren erdian ginen, hots, eguraldia ez zen hain beroa.

Nire lehen ingeniari enpleguan nintzen. 1974-75ko negu hartan, kasik bi urteko eskarmentua baizik ez nuelako, lanbide horren tekniketan nuen jakintza mugatua zen oraindik. Zer motako lana? Petrolio bilaketa zulo edo putzuetan, milaka metrora lur azpian, arrokaren ezaugarriak ondorioztatzeko neurriak hartzen genituen. Ea arrokari olio edo gasa jarioko zaion jakiteko, porositatea, iragazkortasuna eta beste neurri batzuk beharrezkoak dira. Datu horietatik abiatuz, ekoizpenaren kopurua kalkulatzen ahal da, ekoizpenerako inbestimenduak erabakitzeko.

Neurri horiek hartzeko, mundu osoan, altzairuzko kable bat erabiltzen da. Haren barnean hari elektrikoak daude, zein korronte edo argindarra, zein keinu elektronikoak eramateko. Kablea zulo-buruaren ondoan jarririk den danbor birakari batetik hedatzen da. Kontatzen dizuedan kasuan, zulo-burua izeneko “Neptune 7” plataforma flotatzailean zegoen, kasik hogeita hamar metro itsaso mailaren gainean.

“Semi-submersible” ingelesez edo frantsesez deitzen dira horrelako plataformak, edo, laburtuz, semi-sub. Itsasoan erdi murgilduak direla erran nahi du. Semi-sub-a flotarazten duten parteak, flotatzaileak, laneko posizioan ur azalaren azpian daude, olatuen eragina murrizteko. Horrela, eguraldi txarra egiten duenean, plataforma gutxiago mugitzen da. Ondorioz, zuloan egiten diren ekintzak aiseago jarrai daitezke. Flotatzaileen gainean dauden zutabe batzuek zubia jasaten dute. Zutabe horiek aski luzeak izan behar dute, zubia ur azaletik kasik hogeita hamar metrora airean jasateko. Horrelako goratasunean, zubiak Ipar itsasoko olaturik handienak saihesten ahal ditu.

Xehetasun hauetan sartzea barkatuko didazuela espero dut, ontsalaz segidaren ulertzea erraztuko baitu. Plataformaren goratasuna, horrez gain, ez dela behargabekoa erraten ahal dizuet. Neguko gau batean, biziki aro gaiztoarengatik, kapitainak kanpoko lana debekatu zuen. Gauerdi inguruan, plataformaren alarma jo zuen eta bozgorailuez gure geletatik kantinara guztiak abia gintezela agindu. Izan ere, kantina, langile guztiak elkarrekin egoteko leku bakarra zen. Plataforma usaian baino pixka bat gehiago mugitzen zelarik, haren kulunka urri edo motelean, gora eta behera, alde batetik bestaldera, beharbada egongelan duzuen erloju zaharraren pendulua bezala, lehen olatu baten talka zubiaren beherako zoladuraren kontra entzun genuen baita egituran sortarazi zuen dardara ere sumatu. Gure artean ezer esan gabe, partekatzen genuen urduritasun puntua begietan edo aurpegien tentsioan ikusten zen. Bizpahiru orduren barnean, logeletara itzul gintezkeela jakinarazi zigun kapitainak. Lasaitzea haren ahotsean entzuten zen!

“Pan!” ozena entzun nuenean, bizilekuak okupatzen ez zuen plataformaren zubiko partean nintzen. Parte hau zulatze lantegia zen. Zulo-buruaren gainean, derrick deitzen zen berrogei bat metrora airean altxatzen zen eta piramide luzatu baten forma zuen altzairuzko eraikina maniobren zentroa zen. Derrick-aren ondoan, zubiaren gaineko zoraduran, zulatzeko lanabes kasik guztiak, besteak beste zulatzeko hodiak, zuloan ez zirelarik, han egoten ziren, hodien parkean.

Erdiko ibilbide batek, kasik metro eta erdi bat zabalak, hodien parkea zeharkatzen zuen. Han nintzen. Ibilbide horretan, zuloan sartu aurretik eta zulotik atera ondotik, neurgailuak prestatzen edo mantentzen genituen. Gure azken ekintza, zulo horretan, hodien lehergaizko zulatzea izana zen. Zergatik erabiltzen genituen lehergaiak? Zulo baten ekoizpenaren jakiteko azken froga da zuloaren jarioarazte edo testa. Hau gauzatzeko, arroka babesten duen hodia, gas edo petrolioa arrokatik zulora pasa dadin, zulatu behar da. Lehergai kargek zulatze txiki horiek egiten dituzte. Ziur aski, kargak kasurik handienetan erabiltzen dira. Beraz, egun hartan, kargak hodi formako kanoi berezi batean eramanak genituen zuloaren beherako partera eta han leherraraziak.

Kanoia zulotik atera ondoren, kargen estalkiak kanoitik kentzen ari nintzen. Estalki bakoitzak, kanoian bere tokia zuen hogeita hamar kargaren bakoitza babesten zuen. Estalkiak torloju luzeak baino zabalagoak ziren eta gako berezi batekin itzularazten genituen, kanoian ezartzeko edo kanoitik kentzeko. Estalkiak kendu eta gero, kanoia urez garbitu behar nuen zuloaren lohia kanporatzeko. Lohia gehienetan erabiltzen da arrokan zuloak egiteko, bai hondarra zulotik kentzeko, bai presioa mantentzeko. Lohia ur eta buztin nahasketa da eta denborarekin kolore marroia hartzen du. Kanoietan sartzen dena, leherketaren ondotik, lehergaiaren gainontzekoekin nahasten da eta kolore beltza hartzen du.

Beraz torloju bat askatzen ari nintzen. Hala ere askatzea gero eta zailagoa bilakatzen ari zitzaidan. Bi eskuez erabiltzen nuen gako berezia gero eta indar handiagoz itzularazi behar nuen, gero eta kirrinka ozenagoa sortuz. Beste langileei maniobrak egiteko aukera emateko, lekua ahalik eta lasterren libratu behar nuela banekien. Baietz, normala ez zen zerbait sumatzen nuen. Baina hainbat aldiz entzuna nuen ikastaldietan, zein garestia zen plataformaren ordu baten funtzionamendu kostua!

Eta “Pan!”

Gakoa eskuetatik jauzi zitzaidan. Xantzaz eskuak gainera itzuliak nituen, lankide batek behin errana zidan bezala. Xantzaz ere aurpegia gakoaren aurrean ez nuen. Baina ilunpean nintzen. Kolore beltza baizik ez nuen ikusten.

“Ai ama! Ea begiak galdu nituen? Itsu bilakatu naiz?” —Han nintzen norabiderik gabe, mugitu gabe, begirik gabeko bizitzak beldurtua…

Lankidea fite etorri zitzaidan, zartak kezkaturik.

Norvegiarrez “Hvordan gaar det, Eric?”, hots, “Nola doa, Eric?” —galdetu zidan.

“Ezin dut ikusi!”

“Bistan da! Ken itzazu betaurrekoak! Lohiz estaliak dituzu! Eta aurpegia ere bai! Ongi ote zaude?”

“Ai ama! Argia berriz!”

Altzairuzko gako berezia, kasik kilo batekoa, luzaz bilatu ondotik handik berrogei metrora azken finean aurkitu genuen. Estalkia, berriz, ez.

Ondoko lan segurtasun formakuntza batean, erran ziguten: “Zalantzan, beti galdetu!”.

2017/12/14 – “Maiatz” aldizkarian argitaratuta (66. zenbakian)