ORREAGAKO OZTOPO ARKITEKTONIKOAK

(Gutun irekia Uxue Barkosi)

Gutun honen bidez nire kezka bat helarazi nahi diot Nafarroako gobernuburu Uxue Barkos andreari. Kontua hauxe da: Orreagako monumentu gunea oso garrantzitsua izan da Euskal Herri osorako historian zehar, eta da, baina gizarte honetako hainbat pertsona ezin dira gozatu barrendegi horretaz berdintasun egoeran, eta arrazoi xume eta bakarra oztopo arkitektonikoak dira.

Arantzazun hainbat eta hainbat aldiz izan naiz eta esan liteke oztopo arkitektoniko nagusiak kenduta daudela. Aralarko santutegian ere makina bat aldiz ibilia naiz, eta, azken urteotan ere, hobekuntza nabarmenak egin dituzte mugikortasun urria duten pertsonentzat. Duela hamahiru bat urte ere Leongo katedralean izan nintzen Iruñeko Udaleko bidaia instituzional bat zela medio, eta hara ere arazorik gabe sartu ahal izan nintzen; baita barruan ibili eta gero atera ere. Eta azkenik, adibide sorta hau gehiegi ez luzatzeagatik, Jakako katedral erromanikoa aipatuko dut; honek, benetan, zeharo harritu ninduen, onerako, noski.

Nafarroan hamaika aldiz entzun behar izan dut nire bizitzan zehar, halako eta halako eraikinak <monumentu historiko artistikoak> direla, eta ezin dela deus ere egin oztopo arkitektonikoak kentzeko, Vianako Printzearen Instituzioak ez duelako uzten, zenbait kasutan ezin dela harri bakar bat ere ukitu (kasurako, Iruñeko Udaletxea. Nahiz eta, gutxienez, bizpahiru aldiz onartu osoko bilkurak, aurreko sarrera egokitu behar dela mugikortasun urriko pertsonentzat, oraindik ez da egin, eta ez dakit noiz ezagutuko dugun). Beste horrenbeste gertatzen da Orreagako kolegiatarekin. Esan bezala, Jakako katedralak txunditu egin ninduen, han oso ongi lortu dutelako leku guztiak erabilgarriak izatea pertsona guztientzat, ez bakarrik sarrera eta ataera, ez, baizik eta barruko guztia, baita museoa ere! Ez dakit noiztik izanen duten egokitua hain ongi, baina nire aldetik, behintzat, esku-zarta handiak merezi dituztelakoan nago.

Iruñeko Udalean zinegotzi aritu nintzenean, ahalegin bana egin nuen Iruñeko udaletxeko sarrera eta Orreagako kolegiatakoa egokitu zitezen, baina, udaletxekoa gorago aipatu dut eta ez dut errepikatuko, alegia, konponbidea egin gabe jarraitzen du. Eta Orreagako kolegiatari dagokionez, honako hauxe gertatu zitzaidan: Orreagako kolegiatako arduradun nagusiak, kalonjeak, esan zidan beraiek nahi zutela, hau da, borondate ona zutela, baina Vianako Printzearen Instituzioak ez ziela uzten, Monumentu Historiko Artistikoen Legea zela eta. Orduan Vianako Printzearen Instituziora deitu eta hauxe da erantzun zidatena, hots, beraiek baietz, kendu nahi zituztela kolegiatako oztopo arkitektonikoak, baina hango erlijiosoek eragozpenak jartzen zizkietela asmo hura aurrera eramateko.

Argi eta garbi ikusi nuen nirekin jostaketan ari zirela eta erantzukizunaren pilota elkarri botatzen ziotela. Ez zidaten batere borondate onik erakutsi, ez batzuek eta ez besteek. Gaur egun, hainbeste urte igaro ondoren, hango egoera arkitektonikoa berdintsua da.

Bi adibide kontatuko ditut: iaz bisita gidatu batean parte hartu nuen, eta kolegiatara sartu gabe gelditu nintzen, oso sarbide txarra baitu, azken hilabete hauetan egokitu ez badute behinik behin (lau pertsona indartsu beharko ziren 120 kiloko aulki gurpilduna sartu eta ateratzeko), museoan sartzeko eta ateratzeko ere nolabaiteko laguntza behar izan, eta, barruan, bi lekutan, azalpenak ongi entzun gabe gelditu behar izan nuen, aulkian ezin zelako haraino joan. Ziloa izeneko eraikinean, berdintsu, sartu eta ateratzeko arazorik ez, baina barreneko leku jakin batera ezin igo eta hantxe ere azalpenak ongi entzun gabe gelditu behar izan nuen. Eta aurten, Itzandegia izeneko eraikinera egokitu zitzaidan joatea ezkontza batera eta hartan ere lagundu behar izan zidaten sartzeko eta ateratzeko (aurrealdean, maila handi bat du eta atzealdean, arrapala kaskarra).

Ostatuak, Sabinak eta klaustroak, une honetan ez dakit ziur konponbideren bat behar ote duten. Baina kontua da, eraikin horiek guztiek, pribatuak edo publikoak izanda ere, zerbitzu publikoa ematen dutela, beraz, oztopo arkitektoniko guztiak kendu beharko lirateke, pertsona guztiei zerbitzu egokia emateko, salbuespenik gabe, hau da, inor bazterrean utzi gabe. Neroni, kontatu ditudan bi aldi haietan, zokoratua sentitu nintzen, beste aaaaaskotan bezalaxe, alegia, gizarteko arduradunek baztertuta.

Horrexegatik, erantzukizunen bat duten guztiei (udalari, kalonjeari, Vianako Printzearen Erakundeari eta Nafarroako Gobernuari) borondate ona erakustea eskatzen diet, hau da, eraginkortasuna eta efizientzia.

Itsuak, gorrak eta gainerako ezgaitasunak dituzten pertsonak, beraiek adierazi beharko lituzkete dauden gabeziak, konponduak izan daitezen; nik beraien izenean ezin baitut ongi hitz egin.

Bukatzeko, gogorarazi beharrean gaude, Orreagako monumentu multzoak ez duela soilik zerbitzu erlijiosorik ematen, baizik eta baita kultura zerbitzua ere.