SATURNO, ERAZTUNEN JAUNA

Saturno, eguzki-sistemako planetarik ezagunena da beharbada bere eraztun-sistemagatik. Hala ere, esan beharra dago Eguzki-sistemako beste planeta erraldoiek (Jupiter, Urano eta Neptuno) ere badituztela eraztun-sistemak, nahiz eta Lurretik ikusezinak diren. Saturno tamainaz bigarrena planeta da, Jupiterren ondoren eta Eguzki-sistemako seigarren planeta distantziari dagokionez, Jupiter eta Uranoren artean orbitatuz.

Galileo Galilei italiarra izan zen Saturno teleskopioz behatu zuen lehenengo pertsona 1610. urtean. Galileok, bere teleskopioaren ahalmen urriagatik, eraztun-sistema ikusi beharrean Saturnoren inguruan biraka zebiltzan bi bola ‘ikusi’ zituen. 1659. urtean plazaratu zuen teorian, Christiaan Huygens holandarrak, Titan satelitearen aurkikuntza azaltzeaz aparte, eraztun-sistemaren berri eman zuen, eta material solidoz osatua zegoela suposatu. Urte batzuk beranduago 1675ean, Giovanni Domenico Cassini astronomoak Saturnoren eraztuna benetan bi eraztunez osatuta zegoela behatu zuen berak egindako teleskopio hobe bat erabiliz. Aurkitutako bi eraztunen arteko hutsune horri Cassiniren etena deitzen zaio ordutik. Gaur egun, badakigu Saturnoren eraztunak ur izoztuzko partikulaz osatua daudela eta partikula horiek milimetro batzuetako hautsetatik metro batzuetako harrietaraino heltzen direla. Eraztun nagusi bi (A eta B) horietaz aparte beste bi azpi-eraztun nagusi daude, C eraztun zabal eta ahula B-ren barnean eta A-ren kanpoaldean F deritzon eraztun estu eta ahula.

Saturno, Lurra baino ia hamar bider handiagoa da eta ehun bider masa gehiago dauka. Bere biraketa-ardatzaren makurduragatik (26,73º) Saturnok urtaroak ditu, eta horrek planetaren poloak ikusteko aukera ematen digu bere 29.5 urtetako orbitaren tarte desberdinetan. Eraztun planeta honek, hirurogei satelite baino gehiago ditu, horien artean handiena Titan izanik, Merkurioren tamainakoa gutxi gorabehera.

 

Irudia: Photo NASA/JPL-Caltech/SSI. Saturno eta bere eraztunen itzala planetaren atmosferan, Cassinik 2007ko abenduaren 6an aterarako argazkian. Irudian, Saturnoren hiru satelite ikus daitezke: Tetis, planetaren hego hemisferioan zuriz eta bere itzala ipar poloan, Dione planetaren alboan erdian eta Entzedalo behean.

Saturnoren atmosferak banda-zona egitura paralelo bat erakusten digu teleskopioz behatzerakoan. Banda-zona horiek latitude guztietan tartekatzen dira, mendebalderantz eta ekialderantz haize-korronteak mugatuz. Izatez, Eguzki-sistemako haize-korronterik bortitzena Saturnok dauka, 1.800km orduko abiadurara helduz. Saturnoren atmosferan gertatzen diren fenomeno meteorologikoen artean, aipagarrienak planeta osoan agertu daitezkeen bortizeak edo hurakanak dira, baita ere ipar poloko uhin hexagonala eta bereziki 28-30 urtez behin, gertatzen diren ekaitz izugarriak dira; azkenekoa 2010eko ekaitz izugarria Saturnoren iparraldeko hemisferioan gertatutakoa (ikus irudia).

Irudia: Photo NASA/JPL-Caltech/SSI. Cassinik 2011ko otsailaren 25ean aterarako irudia. Bertan Saturnoren Ekaitz Handia (GWS) ikusten da, hilabeteetan indarrean egon zena planetaren ipar hemisferioaren zati handi bat erabat estaliz.

Irudia: Photo NASA/JPL-Caltech/SSI. Cassini orbitadoreak 2017ko urtarrilaren 22an aterarako irudia. Voyager 2 zunda garaitik (1981), ezagutzen den 30.000 km-ko ipar poloko uhin hexagonala, biraka dagoen egitura hodeitsua da eta ez dauka parekorik ezta Hego poloan ezta Eguzki-sistemako beste planetetan. Irudian, baita ere, nabariak dira bortizeak hexagonoaren barrenaldean zein kanpoaldean. Oraindik ez da ezagutzen zergatik daukan itxura hori.

Saturnon hidrogenoa (% 90) eta helioa (% 5) dira substantzia kimiko ugarienak; ez dauka edo ez da atzeman nukleo solidorik. Urak baino dentsitate txikiagoa du (0,7 g/cm3); horrek esan nahi du milioika km-ko igeritoki batean sartu ahal izango bagenu, flotatu egingo lukeela. Proportzio txikiagoan, beste substantzia batzuk agertzen dira, metanoa (CH4), amoniakoa (NH3), ura (H2O) eta hidrogeno sulfuroa (H2S). Substantzia horiek, Saturnoren troposferaren goialdean, amoniakoz osatuko hodei-geruza bat osatzen dute; barnerago hidrogeno molekularrezko geruza bat dago, ondoren hidrogeno metalikozko geruza bat; eta, azkenik, nukleoa (baldin badago), bertan tenperatura eta presioa izugarriak dira, 13.000 kelvineko tenperatura eta 18 Mbar-eko presioa hurrenez hurren.

Esan beharra dago, Saturno behatu duen misio espazialik arrakastatsuena Cassini-Huygens misioa izan dela (https://saturn.jpl.nasa.gov/resources/7747/cassini-the-wonder-of-saturn-video/?category=videos). Cassini espazio-ontzia, Lurretik 1997an jaurtiki zen, Saturno eta bere eraztun-sistema ikertzeko helburuarekin eta 2004. urtean heldu zen, 7 urteko bidaia espaziala egin ondoren. Aurkikuntza berriak egin ditu bidaia luze horretan, garrantzitsuenak: Entzedalon ur-lurruna eta izotza behatu bizitzarako baldintzak betez, zazpi satelite berri topatu, eta azkenik Titanek Lurrarekin antzekotasun handiak dituela egiaztatu: dunak, metanozko itsasoak eta gainazal azpiko izugarrizko ozeanoa adibidez. (Huygens zundaren lurreratze-bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=MP6KMT-AB9c)

Irudia:ESA/NASA/JPL/University of Arizona. Cassinitk jaurtitutako Huygens zundak, 2005ko urtarrilaren 14an Titanen lurra hartu zueneko argazkia. Bertan tamaina konparaketa egiten da ilargiko oinatzarekin eta goikaldeko astronautarekin.

2017ko otsailean hasi zuen bere misioaren amaiera bikaina “Grand finale” deiturikoa. Bost hilabetez, Saturnoren eraztunen artean 22 orbita egin zituen eta azkenik urte horretako irailaren 15ean planetaren atmosferaren barrura murgildu zen betiko desagertuz (ikus bideoa).

 

https://www.youtube.com/watch?v=9LBLCgCYy0I&feature=youtu.be

Bibliografia:

https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/eu/Saturno

https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/cassini-1997-2017/

https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/cassini-eraztunen-jauna/