Atzo, hau da, urriaren bederatzian, jakin nuen, goizean goiz, utzi gintuzula betiko, gaixotasun luze eta gaizto baten ondoren. Min eta atsekabe handia hartu dut.
Bizitzak aspaldian banandu gintuen eta bakoitza bere aldetik eraman. Zoritxarrez, azken hamarkada hauetan ez dugu elkar ikusi, baina horrexek gauza on bat behintzat ere badu, alegia, horri esker orain dela berrogei urte bezalaxe gogoratzen zaitut: neskatxa gaztea, hemezortzi-hogei urtekoa, garaieraz txikia, baina bihotz eta irribarrez handia.
Izan ere, garai hartan, orain dela gutxi gorabehera berrogei urte, Irurtzungo dantza taldean ezagutu genuen elkar, entseguetan eta emanaldietan. Dantzari arin, malgu eta zalua zinen, baina, deus baino lehen, pertsona atsegin eta goxoa; alai eta irribarretsua.
Hantxe aritzen zinen, gainerako lagunekin dantzan, gogotik, nekaezin, zintzo: Iribasko ingurutxoan, zinta-dantzan, arku-dantzan, Eltziegoko dantzetan eta abarretan.
Oso gazte joan zara; gazteegi! Zure konpainiarik gabe utzi gaituzu. Hegoa haizeak, etorri, eta hegan eraman egin zaitu.
Besarkada estu bana familiakoei eta lagun guztiei! Zuri, Josune, musu handi bat, bukaerarik gabekoa, eta txistu doinu gozoak, dantzan jarrai dezazun zeure larre eta zelaietan.
Honelaxe gogoratuko zaitut beti, Josune: gazte, alai, atsegin, jator, arin, zintzo, eder, irribarretsu eta hegalari.
Muuuuuuua!