ARAZOAK

Iratzargailuak jo eta ordu erdira jaikitzen naiz. Mendiko prakak eta jertse beltz bat jantzi, gaileta bi poltsikoan gorde eta bizikleta hartuta irteten naiz etxetik. Ile motz-motzak bikoiztu egiten du kanpoan egiten duen hotza. Semaforo gorri pare bat jaten ditut gailetekin batera eta klasean azken ilaran esertzen naiz. Institutua tortura da niretzat, interes zipitzik gabe zazpi ordu aulkian eserita eta begiak zabalik irautea bizirautea delako. Ez daukat lagun asko gainera, jolas orduetan zigarro bat erretzera irteten naizelako, arratsaldetan gimnasioan makina bat ordu ematen ditudalako, autoei une oro txoratuta erreparatzen diedalako eta errutina beltz horretatik irten ezin naizelako. Eta hori gutxi balitz, gustuko dudan neskak ia ez dit begiratu ere egiten.

Pentsatuko duzu hamaika arazo dudala beraz, eta arrazoi duzu. Baina istorio hori entzun eta gizonezko pertsonaia soilik imajinatzen duenak arazo larriagoa du, eta horrek lasai lokartzen uzten dit gauero. Jendarte estereotipatu kuadrikulatuari onartzea kostatzen zaion emakumea naiz.