Abuztuan sartuta, euntzeetako belar onduz ganbara osoa ongi bete ondoren, Manex ohartu zen belar pila handi haren gainean, oso barruan gainera, teilatu azpian, kateme batek kumeak eginak zituela. Gaztetxoa, betidanik oso mutiko mugitu eta begiluzea izanik, ezin zen, ba, gelditu habia hura ikusi gabe. Baina, oztopo handi bat zeukan, izan ere, sarale pila handi hartara igotzeko lekurik hoberena, belarra ukuilura botatzeko zuloaren parean zegoen, koltxilaren gainean, alegia; Manexen baserrian horrela esaten baitzuten. Zulo hura nola saihestu edo gainditu? Pentsatu eta pentsatu aritu zen, baina ez zuen konponbiderik aurkitu. Gauzak horrela, adinez bere aurreko anaiarekin hitz egin eta plana berehala egin zuen, arratsalde batean saiatzeko.
Garai hartan, baserrietako ganbaretan oso gauza arrunta zen belar zuloa. Izan ere, hantxetik botatzen zen belar idorra ukuilura, haziendak jan zezan. Kasu hartan, koltxilaren ondoan, ate zahar bat zuten zutik, horman bermatuta. Zertarako, zuloaren gainean jarri eta haurrak erortzeko arriskua saihesteko? Agian! Auskalo! Kontua da, Manexi eta anaiari primeran etorri zitzaiela haren gainean pasatzeko.
Esan bezala, bazkalondo batean, bi mutikoak ganbarara igo ziren katakumeak bilatu eta ikusi ahal izateko. Hala, bada, belar zulo ondoan zirenean, zutik zegoen ate zaharra, bien artean hartu eta zuloaren gainean jarri zuten, etzanda, bere gainetik igaro eta belar pilo handi hartara igotzeko.
Lehenengo oztopoa oso ongi gainditu zuten. Gero, belar pilaren gainean jarraitu zuten. Metatutako belar pila hura guztia, sardeaz botatako zama askoz zegoen osatua, eta, horregatik, leku batzuetan altuera handiagoa zeukan besteetan baino. Arrazoi hura dela eta, bi mutikoak hantxe joan ziren lau hankan aurrerantz, teilatu azpian, batzuetan gorantz eta beste batzuetan beherantz, aurreko hormaraino iritsi arte. Han, ezkerrera jo eta berdintsu jarraitu zuten, katuen habia aurkitu arte.
Belarra sartu berria zegoen, bero oraindik, eta bere usain goxo eta erakargarriarekin. Hala ere, Manex eta anaiari belar haziak sarritan sartzen zitzaizkien kolkotik behera, arropa barruan, eta haiek ez zieten batere graziarik egiten, hazkura handia sorrarazten zietelako, baina, jakina, gustuko aldapan nekerik ez.
Gordelekuan, ama katua bere lau kumeekin zegoen, gustura. Kume guztiak errapearen inguruan, esne goxoa edaten. Ama otzana zen eta mutikoei ez zien inolako eragozpenik jarri, katakumeak eskuetan har zitzaten. Ama pozik eta harro bere txikiekin, urruma egiten.
Minutu batzuen buruan, Manexek anaiari esan zion hobe izanen zela handik alde egitea, ama katua ez amorrarazteagatik, eta huraxe egin zuten, alegia, lehen ibilitako bidean orain atzera itzuli, lau oinean, hasieran bezalaxe, belar bero eta beren hazi gogaikarri guztiak pairatzen. Behin belar pilaren ertzera iritsita, kontu pixka batekin jaitsi ziren banaka-banaka, eta berriz ere ate zaharraren gainean gelditu.
Atea zutik aurkitu zuten horman bermatuta eta era berean utzi nahi izan zuten berandu baino lehen. Horretarako, Manexek, pixka bat aurreratu eta atea altxatzeari ekin zion, baina argi zegoen berak bakarrik ezin zuela. Horretaz ohartuta, anaiak lagundu nahi izan zion, baina deus ere esan gabe, eta, Manex konturatu gaberik, oholei heldu eta ukaldi handi batez ate zaharra aida batean altxatu zuen. Hori horrela, Manex ustekabean hartu eta oreka galduta, ez si eta ez no, koltxilatik behera joan zen ziztu bizian, muturrez aurrera. Anaia estu eta larri!; izututa! Segituan ekin zion eskailerak jaisteari.
Manexek, bitartean, antza denez, jaitsiera azkar hartan, bira erdia eman eta zorua ez zuen jo buruarekin, baizik eta bizkarrarekin eta sorbaldekin. Oso zorte on handia izan zuen. Bidean, koltxilako horma eta ertzekin, harramazka txiki batzuk jasan behar izan zituen, baina larritasun handiagoko ondoriorik ez. Goitik behera zihoan bitartean, hainbat irudi igaro zitzaizkion burutik, estutasun hartan.
Gainera, gogoratu beharra dago, aste batzuk lehenago, baserriko ukuilua berritu, eta, zoruak eta ganbelak porlanez egin zituztela. Ganbela bat belar zuloaren ondo-ondoan zegoen, eta, gainera, pixka bat aterata gelditu zen. Horrek zera esan nahi du, Manexek erraztasun handiz jo ahal zuela ganbelaren irtengune hura, baina, argi eta garbi dago zoriak mutikoaren alde egin zuela eta arrisku latz guztiak saihestu zituen. Hasteko, eta zorionez, ukuiluan, koltxilaren parean bazegoen belar pixka bat, norbaitek lehentxeago botata. Hari esker, Manexek ez zuen jo porlanezko lurzoru gogorra, ez eta ganbelako irtengunea ere.
Baserritar txikiak begiak ireki ordurako, hantxe ikusi zuen, ganbaran berarekin zegoen anaia; izuturik. Antza denez, tximista bezain azkar jaitsi zen goitik ukuiluraino, eskaileretan barrena. Kezka eta ardura aurpegia zeukan, ez baitzekien nola topatuko ote zuen han anaia txikia, hilda, larriki zaurituta edota abar. Baina, ez, zorionez, hilik behintzat ez zegoen, bera iritsi bezain laster ikusi baitzuen belar pila txiki haren gainean, etzanda, baina begiak irekita eta hitz egin nahian.
Izan ere, bizkarrean eta sorbaldetan hartutako kolpearen ondorioz, Manex hasiera batean arnasa hartu ezinik gelditu zen, eta, ondorio gisa, hitz egiten ere ezin zuela. Baina, handik segundo batzuetara, dena normalizatu zitzaion, eta hizketan ere hasi zen poliki-poliki.
Minutu gutxi batzuk igarotakoan, Manex etxebizitzara igo zen aldez edo moldez, anaiaren laguntzarekin. Ama une hartantxe ez zen etxean, herrira mandatuak egitera-edo jaitsiko zen agian; auskalo! Kontua zera da, jarraian aitari kontatu ziotela beren azioa, eta honek semeari eskatu zion ohatze gainean etzan zedin, gerritik gorako arropa erantzita. Orduantxe ikusi zizkion bizkarraldean zeuzkan harramazka arinak. Zaurietan alkohol pixka bat jarri eta kito!, besterik gabe berpiztu zen gure mutiko bihurritxoa.
Afaritan, amari ez zioten deus ere kontatu, baina, hala eta guztiz ere, Manexek gau hartan irudipena izan zuen, berriz jaio izan balitz bezala.